Asteon zientzia begi-bistan #153

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Emakumeak zientzian

Lorea Argarate izan da Emakumeak zientzian atalaren protagonista aste honetan. Unibertsitate-mailako ikasketak aukeratzeko garaian, Fisika izan zen bere hautua, musikaren alderdi fisikoa ezagutu nahi baitzuen. Baina laugarren urtean utzi egin zuen karrera. Argaratek azaltzen du: “Ez nuen topatzen bilatzen nuena, eta motibazioa galtzen joan nintzen. Nik gauzak egiteko ikasi nahi nuen Fisika, ez Fisikaz hitz egiteko, eta han ez genuen ezer egiten”. Hortaz, musika elektronikoarekin hasi zen. Gauzak horrela, Deustuko Unibertsitatean beretzako moduko ingeniaritza bat zutela ikusi zuen. Lau urteren buruan, gradu amaierako lana egiteko unea iritsi zen eta musikaren bidez haurrei programazioa irakasteko jostailu bat garatu zuen: “Beatkids”. Kode irekian egin zuen, eta planoak eta material guztia eskuragarri jarri zituen; beraz, munduko edozein txokotan edonork egin dezake bere kabuz. Gaur gaurkoz Deustuko Unibertsitatean jarraitzen du, Learning Lab laborategian, ikerketa-laguntzaile lanetan. Aldi berean, Deustuko Unibertsitatea eta Elhuyarren artean sortutako INSPIRA ekimenean parte hartzen ari da.

Astronomia

Juno zundak Jupiterren argazki berriak bidali ditu udaberri honetan, bosgarren maniobra amaitu duenean. NASAk edonoren eskura jarri ditu argazkiak.

Biologia

Zenbait arrain ura iragaziz elikatzen dira. Horien artean daude marrazo erraldoia eta marrazo balea, ozeanoetako arrainik handienak, adibidez. Hegaztien artean ere badira animalia iragazleak. Flamenkoak ditugu adibide. Mokoan dituzten lamelei esker harrapatzen dituzte ur-esekiduran eta jalkinetan bizi diren alga eta krustazeo txikiak. Iragazleen artean handienak baleak dira. Balea urdinak eguneko lau tona jaten du. Baleek migrazio-bidaia oso luzeak egiten dituzte. Udaberrian poloetara hurbiltzen dira, janariaren bila. Jaten dutenari esker gantz-erreserba handiak pilatzen dituzte. Ura iragaziz harrapaturiko krill hori da baleen energia-iturri nagusia.

Hizkuntzalaritza

Keinuak eta hizkera noiz eta nola uztartzen dituzten umeek ikertu du UPV/EHUko EUDIA ikerketa taldeak. Helburua? komunikazioaren garapenaren hasieran gertatzen den keinuen eta bokalizazioaren arteko harremana zer-nolakoa den ezagutzea. Ikerketak erakutsi du 9 hilabeterekin zezelka egiteari, silaba errepikatu eta luzeen kateak bokalizatzeari, uzten diotela umeek eta 11 hilabete inguru dutenean keinu gehienak ahozko ekoizpenarekin konbinatzen hasten direla. Horretaz gain, keinuak eta hizkera konbinatzen hasten direnean oso keinu jakinak erabiltzen dituzte: deitikoak. Zezelkatzea keinuekin konbinatzearen eta umeak izango duen hizkuntzaren garapenaren arteko harremana badagoela frogatzen duten “ebidentzia zientifikoak gero eta gehiago” direla azaldu du Asier Romero ikertzaileak.

Paleontologia

Nazioarteko zientzialari talde batek ezagutzera eman duenez, sedimentuetan antzinako DNA eskuratzea ahalbidetzen duen teknika garatzea lortu dute. Europako eta Asiako zazpi haitzulotan aurkitutako sedimentuen analisian oinarritu da ikerketa. Guztira 85 lagin aztertu dituzte, duela 550.000 eta 14.000 urte artekoak. Espainian, Frantzian, Belgikan, Kroazian eta Errusian daude aztarnategiak. Material gehiena Siberian dagoen Denisovako aztarnategian hartu dute. Errusiako haitzulo hori oso garrantzitsua da, 2010ean Denisovako gizakia identifikatu zutelako bertan. Egindako analisi genetikoek erakutsi zuten giza espezie berri hori gertuago zegoela neandertalekiko gizaki modernoekiko baino. Teknika berri honi esker, adituak gai izan dira espezie bakoitzari dagokion estratu maila zehazteko. Bi hominido espezieek haitzuloa txandaka erabili zutela argitu dute oraingoan. Era berean, haitzuloa okupatu zuten lehenak Denisovako gizakiak izan zirela ondorioztatu dute. Artikulua osorik irakurtzea gomendatzen dizuegu.

Arkeologia

Ikerlan batek aditzera eman duenez, 130.000 urteko giza jardueraren aztarnak aurkitu dituztela Ameriketan, Kalifornian: 100.000 urte aurreratu dute gizakiaren presentzia. Mastodonte baten arrastoak ageri dira, eta inguruan objektuen bitartez mastodonte hori akabatu edo, behintzat, haren hezurrak baliatu zituzten zantzuak ere bai. Arazo bakarra dago: hori gertatzea ezinezkoa da. Krimena izan zen garaian gizakirik ez zegoelako han. Asteon proposatu den hipotesia, beraz, 115.000-100.000 urte aurreratuko luke gizakiaren presentzia kontinentean. Zientzialariek azalpenak eman dituzte aurkikuntzaren inguruan. Steven Holen antropologoak azaltzen du: “Hain antzinako aztarnategia izanda, eszeptizismoa espero genuen. Are gehiago, ni neu ere eszeptikoa nintzen lehen aldiz materiala ikusi nuenean. Baina gure artikuluan zehazten den testuinguru geologikoa eta hezurretan azaltzen diren hausturak ikusten badira, ebidentzia nahikoa ematen dute». Hautsak harrotu ditu ikerlanak. Zuek zer deritzozue?

Geologia

Nukleo eta mantuaren arteko mugan murgildu gaitu Arturo Apraizek. Bertan sortzen dira plaken dinamika, superkontinenteen apurketa eta bereizketa, basalto-plataformak eta, ondorioz, klima-aldaketa orokorrak zein suntsipen biologikoak eragin ditzaketen luma gorakorrak. Jakina da Lurraren bilakaeran eragina duten prozesuak gertatzen direla bertan, baina oso datu gutxi dugu eremu horri buruzkoak. Azken urteotan, halere, tomografia sismikoaren garapenari esker, baieztatu ahal izan da hiru dimentsioko egitura ugari daudela bertan, eskala askotarikoak, milaka kilometrotik hamarnaka kilometrora. Orain arte mantuaren beheko aldean bereizi diren egitura onartuenak aipatzen dira testuan, bakoitzaren ezaugarriekin osatuz artikulua. Ez galdu!

Arkeologia

Arkeologiazalea da Jabier Lazkano (Azpeitia, Gipuzkoa, 1948). Ia 100 aztarnategi, arte labarra duten kobazuloak eta beste sekulako aurkikuntzak egin ditu Antxieta arkeologia taldeak eta horietako gehienetan parte hartu du. Elkarrizketa interesgarri honetan, Lazkanok kontatzen du, adibidez, nolakoa izan zen lur azpian sartu zen lehenengo aldia edota zeintzuk izan diren buru dituzten aurkikuntzak. Irakur ezazue elkarrizketa osorik, ez zarete damutuko!


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.