Noiz hasten dira umeak keinuak helburu komunikatiboekin erabiltzen?

Keinuak eta hizkera noiz eta nola uztartzen dituzten umeek ikertu du UPV/EHUko EUDIA ikerketa taldeak. Komunikazioaren garapenaren hasieran gertatzen den keinuen eta bokalizazioaren arteko harremana zer-nolakoa den ezagutzea izan du helburu ikerketak.

1. irudia: Ume-eskua.

Euskara ama hizkuntza gisa duten umeek nola eta noiz hasten diren keinua eta hizkera uztartzen, keinua eta hizkera koordinatzeko patroiaren garapena, ikertzen duen lehen lana da “The interrelation of gestures and vocalization in early communication functions: Evidence from Basque language”.

Hizkuntzaz jabetu eta berau garatzeko prozesuak zer-nolako lotura daukan haurren keinu eta hizketaren arteko koordinazioarekin aztertzea da ikerketaren helburu nagusia. Hau da, umeek egiten duten hizkeraren eta keinuaren koordinazio prozesuak zer harreman duen hizkuntzaren ikasketarekin ikertzea.

Ikerketak erakutsi du 9 hilabeterekin zezelka egiteari, silaba errepikatu eta luzeen kateak bokalizatzeari, uzten diotela umeek eta 11 hilabete inguru dutenean keinu gehienak ahozko ekoizpenarekin konbinatzen hasten direla. 11 hilabetetik aurrera umeek egiten dituzten keinuak ez dira ausazkoak, ez daude isolaturik, nagusiki testuinguruan daude, hizkerarekin lotuta. Hau da, keinuen eta hizkeraren sistema elkarri estuki lotuta daude 11 hilabete dituztenean, hitz egin aurreko etapa konplexuena hasten dutenean.

Keinuak eta hizkera konbinatzen hasten direnean oso keinu jakinak erabiltzen dituzte umeak: deitikoak. Zerbait egitearekin lotutako keinuak dira deitikoak, seinalatzekoak, ematekoak, eskatzekoak, erakustekoak edota eskaintzekoak.

baby signalling keinuak deitikoa

2. irudia: Haur txiki keinu deitikoa egiten.

Keinuak eta hizkera sistema estuki koordinaturik daudela erakusten duten frogak gero eta ugariagoak dira, Asier Romero ikertzailearen arabera. Are gehiago, zezelkatzea keinuekin konbinatzearen eta umeak izango duen hizkuntzaren garapenaren arteko harremana badagoela frogatzen duten “ebidentzia zientifikoak gero eta gehiago” direla azaldu du ikertzaileak. Euskara bariazioa aztertzen duen EUDIAk ikertaldeak egindako ikerketa hau, hortaz, lagungarria izan daiteke asaldura linguistikoak aurreikusteko. Izan ere, giza komunikazioa ikertzerakoan hizkera eta keinuak “beharrezko” bi elementu direla erakusten du ikerketak, Romeroren hitzetan.

Behaketa eta software espezifikoa

Familia euskaldunetan jaiotako bi haurren jarraipena egin da ikerketan zehar. Umeak 9 hilabete zituztenetik 13 hilabete bete arte grabatu zituzten bideoan. Etxean grabatu zituzten, gurasoekin batera. Denera, 1.260 ekintza komunikatibo baino gehiago biltzen dituen 6 orduko grabazioa lortu zuen ikerketa taldeak. ELAN software espezifiko eta berezitua erabili zuten ekintza komunikatiboak aztertzeko. Audio eta bideo artxiboetan anotazio konplexuak egiteko erabiltzen da ELAN softwarea.

Lan ildo berriak irekitzeaz gain, ingelesa eta katalana ama hizkuntza gisa duten umeekin egindako ikerketen emaitzak berretsi ditu argitalpen honek. Hitz egiten hasi baino lehen umeek keinuak eta aho jarioa koordinatzen dutela, batetik, eta alor honetan garapen arazoak detektatzeko baliagarria izan daitekeela, bestetik.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Haurtxoek nola koordinatzen dituzte keinuak eta bokalizazioa?

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>