Bonobo eta txinpantzeen komunikazio-keinuak, esanahi bereko hizkera

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Bonoboek dituzten komunikazio keinuen inguruko datu-basea osatu dute ikertzaileek. Animalien portaera behatuta, keinu gehienak txinpantzeek erabiltzen dituztenekin bat datozela konturatu dira.

Filosofo, antropologo, etologo eta hizkuntzalari askoren jomugan daude tximinoak. Ez da harritzekoa. Gizakiaren eta gainerako primateen arteko desberdintasunean sakontzea gizakia bera definitzeko bidea izan daitekeelako. Nortzuk gara, nondik gatoz eta nora goaz galdera filosofiko klasiko hiru horietatik, hasierako biei erantzun bat topatzeko ahalegina dago, noski, ikerketa horien oinarrian.

Bereziki, tximinoen pentsamendua eta komunikazioa daude ikerketa askoren oinarrian, kontzeptu horiek gizakiaren portaerarekin alderatu ahal izateko. Izan ere, zerbait egitekotan, gizakiak komunikatu egiten du. Bi kontzeptuek lotura zuzena dute, baina, ohi bezala, hizkuntzalarien arteko adostasunik ez dago. Noam Chomsky eta beste hainbat hizkuntzalariren iritziz, lengoaiaren funtzio nagusia pentsamendua ahalbidetzea da. Ray Jackendoff eta beste hainbaten ustez, berriz, espezie bereko kideen arteko komunikazioa da lengoaiaren berezko funtzioa.

1. irudia: Tximinoek erabiltzen dituzten keinuak biltzen dituen “hiztegia” biltzen ari dira St Andrewsko Unibertsitatean. (Argazkia: Catherine Hobaiter)

El sello indelebe liburuan Juan Luis Arsuaga eta Manuel Martín Loeches egileak planteamendu bateragarri baten alde azaltzen dira. “Esan genezake lengoaia agian ez dela ezinbestekoa pentsatzeko, baina lengoaiarik gabe gure pentsamendua ez litzateke berdina izango. Bere aurreneko erabilera agian ez zen pentsatzea, komunikatzea baizik. Baina badirudi azken funtzio hau betetzeak hasierako funtzioa modu nabarmenean hobetu duela”.

Bi egile hauen iritziz, komunikazioari dagokionean, gizakiok sinboloak erabiltzeko dugun gaitasunean oinarritzen da tximino baten eta gizaki baten arteko alde komunikatiboa. Hitzak sinbolo bilakatzen diren heinean, une honetan bertan eskura ez dagoen zerbaiti buruz ari gara. Sinbolismo horren arabera eratu dira gizarteak. Besteak beste, denboran aurrera eta atzera egiteko bidea ematen dute sinboloek, eta hau gizakiari baino ez dagokio. Yubal Noah Harari historialariak kontua ederki laburbildu zuen esaldi sinple batean. “Inoiz ezin izango dugu konbentzitu txinpantze bat guri platano bat emateko, hil ondoren, tximinoen zeruan nahi dituen haina platano izango dituen promesarekin”.

Hiztegi “batua”

Eztabaida honetan aurrera egiteko, aste honetan PLOS Biology aldizkarian argitaratutako ikerketa batean datu berriak aurkeztu dituzte. Bonoboek (Pan paniscus) egiten dituzten keinuei buruzko datu-basea osatu dute, eta 2014an aurkeztu zuten txinpantzeen (Pan troglodytes) keinuen beste datu-base batekin alderatu dituzte datuak. Ikerketa St Andrewseko Unibertsitateak (Erresuma Batua) gidatutako “Tximino Handien Hiztegia” izeneko egitasmoaren baitan kokatuta dago.

Tximino handiek erabiltzen duten imintzioen errepertorioa keinuen forma fisikora mugatu direla diote egileek, keinu horien esanahia kontuan hartu gabe. Esanahi horiek argitzea izan dute jomuga ikertzaileek. Izan ere, animalien komunikazioaren alorrean eztabaida mantentzen da: animalien seinaleek “esanahiak” dituzte, ala “funtzioak” baino ez dituzte betetzen? Funtzioak ezagunak dira: predatzaile baten inguruko abisuak ematea edo janaria non dagoen erakustea, esaterako.

2. irudia: Keinu eta esanahi batzuk. Hasierako biak berdinak dira bi espezietan. Hirugarrena, berriz, polisemikoa eta desberdina da espezie bakoitzean. (Ilustrazioa: St Andrews University/moldatua)

“Esanahi” bat dagoela esateko, ordea, ezinbestean mezua bidaltzen duenak berariaz jarrera aldaketa bat eragin nahi du mezua jasotzen duen animaliarengan. Keinu batek komunikatzeko intentzionalitatea ote duen zehazteko “Antza asegarria den emaitza” (Apparently Satisfactory Outcome) izeneko parametroa erabili dute. Ikerketa artikuluan azaldu dute kontzeptua: “Horrek islatzen du nola erreakzionatzen duen keinua jaso duenak, eta erreakzioak mezua bidali duena asebetetzen ote duen. Mezua zabaldu duenak asebetetze hori erakusten du keinu gehiago egiteari utzita”.

Ikerketa honen egileentzat, beraz, intentzionalitatea argi dago. “Gizakiak ez diren animalia gehienak ez bezala, ebidentziak erakusten du tximino handiek lehen mailako komunikazio intentzionalean parte hartzen dutela: tximino handiek haien keinuak jasotzaile zehatz bati bideratzen dizkiote, jasotzailearen arreta egoera zein den konprobatzen dute, eta horren arabera egokiak diren keinuak aukeratzen dituzte”. Egileen ustez, irizpide hauek frogatzen dute berez tximinoek helburu zehatz bat buruan dutela, eta keinuak darabiltzatela helburu hori lortzeko.

Bi espezieek duela miloi bat urte banandu ziren. Ezaugarri anatomiko komunak dituzte, eta antzeko ingurunetan bizi dira. Halere, oro har, izaera arras desberdina dute bi espezieek. Txinpantzeak indarkeriara jotzeko joera handiagoa dute (txinpantzeen arteko benetako “gerrak” deskribatu izan dira), bonoboen “izaera” askoz lasaiagoa den bitartean. Hauen artean, sexu harremanek protagonismo berezia daukate. Behin baino gehiagotan aipatu izan da bazkalostean telebistan ematen dituzten dokumentaletan ezin direla bonoboak agertu, haur ordutegiaren arauak urratuko liratekeelakoan.

Txinpantzeen inguruko datuak, 2007tik 2009ra eskuratu dituzte, Budongoko parkean (Uganda). 260 egunez 81 txinpantzez osatutako talde bati jarraipena egin zioten. Bonoboei buruzko datuei dagokienez, 2014an eta 2015ean, 204 egunez jarraipena egin zieten Kongoko Errepublika Demokratikoko Wamba eskualdeko bi bonobo komunitateri, -guztira 63 animalia ziren jarraipena hasi zen egunean-. Animalien hartu-emanak bideoz grabatu dituzte, eta, portaera guztiak kodetu ostean, datu-base batean sartu dituzte. Ausazko patroiekin ere nahastu dituzte datuak, konparaketan egon litezkeen kasualitateak alboratu ahal izateko. Horrela, bi espezieek egiten dituzten keinuen %88-%96 esanahian bat datozela kalkulatu dute ikertzaileek.

Bonobonoen kasuan, guztira 4.256 keinu-egoera atzeman dituzte. Horietatik, 2.463 keinuk emaitza asegarria izan zuten. Jolasari lotutako 231 keinu-egoerak kenduta, txinpantzeen inguruko beste datu-basearekin alderatzeko moduko 1.896 keinu-egoera konparatu ahal izan dituzte. Guztira 33 keinu mota eta 14 emaitza asegarri identifikatu dituzte: objektua edo janaria hartu, igo nire gainean, zure gainean igoko naiz, kontaktuan jarri, jarrai nazazu, hasi garbiketa (iletik bizkarroiak kentzeko tximinoek egin ohi duten egintza ezaguna), estal nazazu, hurbildu, aldatu lekuz, hasi kopula, igurtzi genitalak, bidaiatu nirekin, urrundu zaitez, eta utzi hori egiteari.

Emaitzak oso argigarriak dira. Bonoboen artean, 33 keinuetatik 17k emaitza asegarri bakarra dute, seik bi emaitza izan ditzakete eta gainerako hamarrek anbiguoagoak dira. Lehen aipatu bezala, keinu eta esanahi hauetako asko berdinak dira bi espezietan: adibidez, goazen elkarri garbitzera edo igo zaitez nire gainean, berdin “esaten” dute bi espezieek.

Erreferentzia bibliografikoa

Graham KE, Hobaiter C, Ounsley J, Furuichi T, Byrne RW (2018) Bonobo and chimpanzee gestures overlap extensively in meaning. PLOS Biology 16(2): e2004825. DOI: https://doi.org/10.1371/journal.pbio.2004825


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.