Tximinoen aurpegi-liburua

Dibulgazioa · Mugaldea

Antonio Martínez Ron

Tximino katarrinoen aurpegien anizkoiztasuna. Irudia: Santana et al.
Tximino katarrinoen aurpegien anizkoiztasuna. Irudia: Santana et al.

Mundu Zaharreko tximinoen aurpegia duela milioika urte eboluzionatzen ari da. Badira aurpegi koloreztatudun tximinoak, motots handidunak, sudur handidunak, tximino urdinak, aurpegi luze edo aurpegi biribileko tximinoak… UCLA unibertsitateko biologo talde batek berriki plazaratu du ikerketa xehe bat, 189 tximino katarrinoren hazpegien azterketa zehatza eskaintzen duena: Ezaugarri hauen konplexutasuna eta kolorea, tamaina edo beren habitata bezalako aldagaien mendekoa da.

Nature Communications aldizkarian argitaratutako lan batean, Sharlens Santanaren taldeak agerian utzi du aurpegi-ezaugarri korapilatsuagoak dituztela talde handiagoetan bizi diren tximino espezieek. Horrek laguntza eman liezaieke elkarrengandik bereizteko. Talde txikietan bizi direnek kolore gutxiago eta aurpegi bakunagoak dituzte, baina hala ere, tximino handien kasuan adibidez, aurpegien bakuntasunak aukera eman die keinu sorta zabala garatzeko.

“Gure ikerketen emaitzek iradokitzen dute lagunak eta lehiakideak elkarrengandik bereizteko erabili izan dutela aurpegia azken 50 milioi urteetan, eta taldeka bizitzeak berak eragin duela egun ikusgai dugun aurpegi-anizkoiztasun izugarri hori. Hala baieztatzen du Michael Alfaro biologoak, ikerketa honen egilekideak. Horrela, bere esanetan, taldearen tamainak gora egiten duen neurrian, kolore kopurua ere gora doa aurpegiaren hainbat aldetan. Espezie batzuk, orangutanak kasu, bakartiagoak dira, baina tximino gehienak oso taldekoiak dira eta horrela, mandrilak 800 kideko taldeak osatzera ere iristen dira.

Honenbesteko anizkoiztasuna sailkatu ahal izateko, Sharlene Santanak metodo bat garatu du, argazkietatik abiatuta hazpegien konplexutasuna zenbatzeko. Sistema honetan, hainbat aldetan zatikatzen dira aurpegiak, eta ondoren, zati bakoitzaren koloreak sailkatzen dira, eta balio sorta jakin bat esleitzen zaie, espezie bakoitzaren “aurpegiaren konplexutasuna” finkatzeko.

Aurpegia hainbat aldetan zatikatzen da, hazpegien konplexutasuna finkatzeko: Santana et al.
Aurpegia hainbat aldetan zatikatzen da, hazpegien konplexutasuna finkatzeko: Santana et al.

Hazpegien konplexutasuna ez bezala, aurpegien pigmentazioa ez da aldatzen talde-tamainaren arabera, taldea bizi den habitat motaren arabera baizik. Latitudearen arabera eta bizi diren kokagune zabalen edo itxien arabera, aurresan daiteke tximinoek hazpegi ilunago edo argiagoak izango dituzten. “Gure mapak agerian uzten du Afrikan dagoen joera geografiko hori”, baieztatzen du Lynch Alfaro ikerlariak. “Ekuatorera hurbiltzen goazela, primateek gero eta aurpegi ilunagoak dituzte, eta gero argiagoak ekuatoretik urruntzen goazen heinean. Horixe bera ikusten dugu giza espeziearen pigmentazioa planetan zehar”. Era berean, tropikoetan baso trinkoagoetan bizi direnek ere badute aurpegi ilunagoak izateko joera.

Tximino katarrinoen aurpegien anizkoiztasuna, banaketa geografikoaren arabera. Irudia: Santana et al.
Tximino katarrinoen aurpegien anizkoiztasuna, banaketa geografikoaren arabera. Irudia: Santana et al.

Behin ezaugarri hauek ezagututa, zientzialariek orain ahaleginak egin behar dituzten zehaztapen hauek Mundu Berriaren tximinoen datuekin uztartzeko. Izan ere, lehenago plazaratutako lan batean, aurkitu zuten Erdialdeko Amerikan eta Hego Amerikan hazpegi eredu bakunagoak zituztela han taldeka bizi diren ehun bat espezietako kideek. Beste era batera erabiltzen ari ote dira aurpegia tximino hauek?

Iturria: Iturria: : Adaptive response to sociality and ecology drives the diversification of facial colour patterns in catarrhines (Nature Communications) | [Vía]


Egileaz: Antonio Martínez Ron (@aberron) zientzia-kazetaria da.


Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.