Adin fisiologikoa hiru dimentsiotan aurpegiratzen

Amaia Portugal

Aurpegiko zenbait ezaugarri gure organismoaren zahartzea neurtzeko bioadierazle apartak dira. Hala ondorioztatu dute Txinako zenbait ikertzailek, hiru dimentsiodun modelazioa erabilita. Guztira 17 eta 77 urte arteko 332 boluntarioren bisaiak baliatu dituzte mapa osatzeko.

Iragarkietako krema eta tratamenduek kontrakoa saldu nahi izaten badigute ere, ez da hain erraza adinean gora goazela ezkutatzea. Besteak beste hori ondorioztatu daiteke Txinako Zientzia Akademiako zenbait ikertzailek Cell Research aldizkarian argitaratu berri duten artikulu batetik. Izan ere, hiru dimentsiodun modelazioa erabiliz, 300 giza aurpegi baino gehiagoren argazki osatua atera dute, eta zahartze fisiologikoaren zantzuak ondoen irudikatzen dituzten ezaugarriak identifikatu.

Zahartze fisiologikoa diogu, ez baikara urteak betetze hutsari buruz ari (kronologikoa), gure barne erlojuaren erritmoaz baizik. Hau da, gerta liteke duela 30 urte jaiotakoak izan eta gure gorputzak 27 urteko norbaitek behar lukeenaren pareko funtzionamendua izatea, edo alderantziz. Hori horrela, ikerketa honetan egiaztatu dute aurpegiko bioadierazle horiek adin fisiologikoaren salatari egokiak direla, orain arte erabili izan diren odoleko beste zenbait bioadierazle baino egokiagoak.

Odol laginen bitartez, kolesterol (emakumeen kasuan) eta albumina (gizonenean) mailak baliatu izan dira adin fisiologikoaren neurgailu gisa, baina emaitzak ez dira nahi bezain eraginkorrak. Gainera, gizon eta emakumeen artean bereiztera behartzen dute adierazle horiek, eta beraz, sexuaren aldagaia ere adinaren formulan txertatzera.

1. irudia: Aurpegien modelazioa, adinaren arabera. (Argazkia: Txinako Zientzia Akademia)

1. irudia: Aurpegien modelazioa, adinaren arabera. (Argazkia: Txinako Zientzia Akademia)

Aurpegiko zahartzearen ezaugarriek, aldiz, ez dakarte bereizketarik gizon eta emakumeen artean, eta ikerketarako egokiagoak dira beraz, emaitza zuzenagoak emateaz gain. Hala frogatu dute Jing-Dong Jackie Hanek zuzentzen duen laborategiak (Shangaiko Biologia Zientzien Institutua) plazaratu duen artikuluan. Horretarako, 17 eta 77 urte arteko 332 boluntario txinatarren (169 emakume eta 163 gizon) aurpegiei egin diete hiru dimentsioko erretratua. Haien odol laginak ere baliatu dituzte, alderatzeko.

Aurpegi bakoitzeko 40.000 erpin inguru irudikatu dituzte, 3dMD izeneko sistemaren bitartez. Puntu horiekin guztiekin, morfologiak zehatz aztertuta, giza aurpegiaren zahartzearen lehen mapa eraiki dute. “Azterketa hau aurrenekoa da erakusten 3D aurpegiak irudikatzeko teknologiak baduela ahalmena aurpegi morfologia profilak dentsitate handian eta zehaztasun osoz eskuratzeko. Bai eta horiek erabiltzeko ere, adinarekin zerikusia duten ezaugarriak adierazi eta zahartze prozesua iragartzeko”, azaldu dute artikuluan.

Aurpegi horiek guztiak modelatuta ikusi dutenez, adin fisiologikoan gora egin ahala ahoa eta sudurra zabalduz doaz, bien arteko distantzia areagotuz, eta begi-ertzak eroriz. Hori bai, erabili dituzten lagin guztiak pertsona txinatarrenak izan direla eta, artikuluan bertan adierazi dutenez, ikusteke dago ea beste giza arrazetan ere zahartzearen bioadierazleak berberak diren.

2. irudia: Zahartzeak baditu zenbait adierazle aurpegian. (Argazkia: William Cho / CC BY-SA 2.0)

2. irudia: Zahartzeak baditu zenbait adierazle aurpegian. (Argazkia: William Cho / CC BY-SA 2.0)

Adierazleak zehaztuta, 332 aurpegi lagin horiek aztertuta, adin kronologikoak fisiologikoarekiko duen aldea sei urteren gorabeheran egon ohi dela ondorioztatu dute ikertzaileok. Bestela esanda, aurpegiko adierazleen arabera 30 urteko adin fisiologikoa duen pertsona batek 24 eta 36 urte (kronologiko) artean dituela normalean. Jakina, badira salbuespenak, haien berezko adina baino organismo nabarmen gazteagoa edo zaharragoa duten pertsonak. Hain zuzen ere kasu horietan egiten dute bat gehien aurpegiko eta odol laginetako zahartzearen adierazleek. Dena dela, oro har, bisaiaren morfologia salatari zuzenagoa da orain arte erabili izan diren eta osasun egoerarekin lotzen diren aipaturiko odol adierazleak baino.

Ikertzaileon ustez, metodo berritzaile hau erabilgarria izan daiteke zahartzearen aurkako tratamendu deiturikoek efekturik ba ote duten neurtzeko. Bai eta, batez ere, sendagileei laguntzeko, haien pazienteak zer moduz zahartzen ari diren ebaluatu eta neurriak hartu aldera.

Erreferentzia bibliografikoa:

Weiyang Chen, Wei Qian et al. Three-dimensional human facial morphologies as robust aging markers. Cell Research (2015): 1-14. doi: 0.1038/cr.2015.36

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Iruzkin 1

Eman iritzia

Cuando la ciencia es Zientzia #7 | Cuando la ciencia es Zientzia | Cuaderno de Cultura Cie...

[…] Portugal nos contó hace unos meses que por muchos cosméticos y demás que medidas que tomemos, el paso del tiempo se refleja en nuestro rostro. Uno de los signos de ello es que la nariz se ancha, se achinan los ojos y disminuye la distancia […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>