Gazte itxura baduzu, eman eskerrak MC1R geneari

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Lehenbizikoz, pertsona baten adinaz dugun pertzepzioa baldintzatu dezakeen gene bat identifikatu dute. Horrek duen formaren arabera, gure adin bera duen beste pertsona batek baino bi urte zaharragoak garela irudi lezake. MC1R genea da: kolore gorriko ilea eta azal zurbila izateko gakoak ere baditu gene honek berak.

Pertsona batzuek deabruarekin ituna egin dutela esan ohi dugu: haien argazkiak ikusi, eta urteak joan, urteak etorri, aurpegian ez zaie aldaketarik antzematen. Beti gazte, Dorian Grayren moduan; haien ordez zahartzen den erretraturen bat izango balute bezala, hor nonbait gordeta. Baina, jakina, izatekotan, genetikarekin dute ituna pertsona horiek, eta ezin esan haiek aukeratu dutenik. Hemen ez dago deabrukeriarik, ez eta aztikeriarik ere.

Lehenbizikoz, ikertzaile talde batek identifikatu egin du itun genetiko horren errudunetako bat: MC1R izeneko geneak baldintzatu dezake pertsona baten adinaz dugun pertzepzioa. Gene horren zer forma egokitzen zaigun, horren arabera, gure adin bera duen beste pertsona batek baino bi urte zaharragoak garela eman dezake. Ez da izango adinaren pertzepzioan zeresana duen gene bakarra, baina bada zehatz-mehatz identifikatu duten aurrenekoa. Gainera, gene ilegorria edo ginger gene ere deitzen zaio MC1Rari. Izan ere, aurrez beste zenbait ikerketatan egiaztatu izan dutenez, kolore horretako ilea eta azal zurbila izateko gakoak ere badaude, gene honetan izaten diren gorabeheratan.

1. irudia: Gene ilegorria ere deitzen diote MC1R geneari. (Argazkia: Dusdin / CC BY 2.0)
1. irudia: Gene ilegorria ere deitzen diote MC1R geneari. (Argazkia: Dusdin / CC BY 2.0)

Rotterdamgo (Herbehereak) Erasmus Unibertsitateko ikertzaileek beste zenbait kiderekin elkarlanean (Unilever enpresa, tartean) egindako lana da honakoa. Current Biology aldizkarian argitaratutako artikulu batean eman dute emaitzen berri.

Herbehereetako ia 2.700 lagun edadetu izan dira ikerketa honetan baliatu duten lagina. Batetik, pertsona horien aurpegietako argazki digitaletan oinarrituta, zenbat urtekoak diruditen neurtu dute; adinaren pertzepzioa, alegia. Bestetik, pertsona horien guztien DNA xehatu eta zortzi milioi aldaerari behatu diete. Horiek guztiak aztertuta, MC1R genearen bueltan ikusi dituzte lotura genetiko sendoenak, aurpegiko adinaren pertzepzioari dagokionez. Hain zuzen, gene horren forma zehatz bat duten pertsonek hura ez dutenek baino bi urte zaharragoak dirudite, batez beste. Gainera, sexua, azalaren kolorea eta azal horrek eguzkiaren ondorioz izan ditzakeen kalteak (zimurrak, orbanak) edonolakoak izanda ere, horrek ez du lotura genetiko hori aldatzen.

2. irudia: Hainbat emakumeren aurpegiekin egindako batez besteko muntaiak dira lau irudi horiek. Goiko bi argazkiek 70 urteko emakumeak irudikatzen dituzte, baina ezkerrekoak eskuinekoak baino askoz ere gazteagoa dirudi. Behekoekin beste hainbeste gertatzen da, baina gainera, kasu honetan bi irudiak manipulatu dituzte, zimur kopuru bera izan dezaten. Hala ere, eskuinekoak nabarmen itxura zaharragoa izaten jarraitzen du. Zimurrez eta orbanez gain, adinaren pertzepzioa baldintzatzen duten faktore gehiago badaudela erakusten du honek. (Argazkia: Erasmus Unibertsitatea)
2. irudia: Hainbat emakumeren aurpegiekin egindako batez besteko muntaiak dira lau irudi horiek. Goiko bi argazkiek 70 urteko emakumeak irudikatzen dituzte, baina ezkerrekoak eskuinekoak baino askoz ere gazteagoa dirudi. Behekoekin beste hainbeste gertatzen da, baina gainera, kasu honetan bi irudiak manipulatu dituzte, zimur kopuru bera izan dezaten. Hala ere, eskuinekoak nabarmen itxura zaharragoa izaten jarraitzen du. Zimurrez eta orbanez gain, adinaren pertzepzioa baldintzatzen duten faktore gehiago badaudela erakusten du honek. (Argazkia: Erasmus Unibertsitatea)

Manfred Kayser Erasmus Unibertsitateko kideak eta ikerketa honen arduradunetako batek azpimarratu egin du adinaren pertzepzioan zerikusia duen lehenbiziko gene honen aurkikuntza, eta adierazi du lehen urratsa dela, gisa honetako beste gene batzuk identifikatze aldera. “Jendearen zahartzean dauden aldeak ulertzeko pausoa da. Gainera, ildo berriak zabaldu dizkigu; adin kronologikoaren, biologikoaren eta pertzepzioaren araberako adinaren artean dauden lotura molekularrak identifikatzeko”, azaldu du.

Bestalde, beste ikerketa batzuek aurrez egiaztatu bezala, jakina da gure osasunak inpaktu zuzena duela adinaren pertzepzioan; hau da, pertsona osasuntsuek gazteagoak diruditela, oro har. “Itxura gazteagoa izateak esan nahi du osasuntsuagoak garela. Baina zergatik? Alor molekularrari begira, galdera hori argitzea da hurrengo urratsa, eta hala, etorkizunean, zahartze osasuntsuaren nondik norakoak ere ulertu ahal izatea”, gaineratu du Kayserrek.

Erreferentzia bibliografikoa:
Fan Liu, Merel A. Hamer, Joris Deelen, Tamar Nijsten, Manfred Kayser, David A. Gunn. The MC1R Gene and Youthful Looks. Current Biology. Published: April 28, 2016. doi: http://dx.doi.org/10.1016/j.cub.2016.03.008


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.