Beroa ikusten duten sugeak

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Janaria

———————————————————————————————————–

Neguko egunetan, kanpoan hotza egiten duenean, eskua leiho batera hurbiltzen badugu, hoztu egiten dela sumatuko dugu. Leihoaren eta eskuaren artean dagoen airea, ordea, ez dago hotz, gelako airea baita. Beraz, leihora hurbildu arte ez badugu eskuan hotzik sumatu, horrek esan nahi du ez dela airea izan eskugaina hoztu duena. Hau da, eskuak beroa galdu du, baina ez du konbekzioz galdu, erradiazioz baino.

Erradiazioa gertakari fisikoa dugu, elkar ukitzen ez duten bi gorputzen artean gertatzen den fenomenoa. Bi gorputzen tenperaturak desberdinak direnean, erradiazio elektromagnetiko bat sortzen da beroago dagoen gorputzetik hotzago dagoen gorputzera. Erradiazio infragorria da, hau da, gorri koloreari dagokiona baino uhin luzera luzeagokoa, eta, beraz, maiztasun baxuagoko erradiazioa.

Guk, gizakiok, ez dugu erradiazio infragorria ikusteko ahalmenik. Sortzen duen bero-transferentzia bai sumatzen dugu, baina gorputz beroek bidaltzen dizkiguten izpiak ezin ditzakegu argi-izpiak ikusten ditugun moduan ikusi.

Irudia: Kriskitin-sugeak beroa hauteman dezake eta horri esker, odol beroko harrapakinak aurkitu ditzake egunez eta gauez.

Badira, baina, izpi infragorriak hauteman ditzaketen animaliak, Crotalus eta Sistrurus generoetako suge pozoitsuak diren kriskitin-sugeak hain justu. Badirudi eraso egiten dutenean harrapakinaren beroak gidatzen dituela kriskitin-sugeak. Horregatik harrapatzen dituzte bakarrik odol beroko animaliak; odol hotzeko animalien (poikilotermoen) gorputzeko tenperatura ingurukoaren berdina denez, ez dute berorik igortzen, eta sugeek ez dute horiek hautemateko modurik. Horregatik, aspaldi hildako animaliak ere ezin dituzte hauteman. Baina hildako arratoi batek oraindik inguruak baino bero gehiago gordetzen badu, orduan sugeak hauteman egingo du eta harrapatu, baita begiak estalita baditu ere.

Alde bakoitzeko sudur-zuloaren eta begiaren artean badute beste zulo bat, aurpegi-zuloa izenekoa, eta, dirudienez, aurpegi-zulo horiek dira izpi infragorrien hautemaileak. Izan ere, zulo horietatik garunera doazen nerbioen jarduera ikertu denean, kinada termikoak izan dira aktibitate elektrikoa sortu dutenak. Soinu, bibrazio edo argi-kinadek ez dute erantzunik sortu, baina bai ingurua baino beroago dauden objektuek, aurpegi aurrean jarri zaizkionean.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>