Nora ote doaz bakterioak neguan?

Antonio Martínez Ron

Holly Bik ikertzaileak dio itsas bakterioak nolabaiteko hipsterrak direla, hau da, ez dietela halabeharrez jarraitzen “boladan” dauden ohiturei. Hala baieztatzen du zientzialari honek ISMEn berriki argitaratu duen ikerketan. Bertan esaten du oso desberdin jokatzen dutela itsas bakterioek lehorreko bakterioen aldean: tropikoetan ugari izan beharrean, ugariagoak dira neguan eta latitude hotzagoetan.
Bakterioen mundu mailako iragarpeneko mapa

1. irudia: Bakterioen mundu mailako iragarpeneko mapa.

Hau guztia dela eta, bereziki interesgarria da Joshua Ladauk eta bere lan-taldeak egin duten ikerketa. Lehenik, agerian uzten dute zailtasun handiak daudela ozeanoan zehar barreiatzen den aztergai bizidun mikroskopiko bati jarraitzeko. Duela hainbat urte, Lurrean zehar bakterioek erakusten duten anizkoiztasuna eta ugaritasuna aztertzen ari dira biologoak. Bikek dioenaren arabera, lan samurragoa dute lehorreko anizkoiztasunean ari direnek, lagin bila ozeanora jo behar dutenek baino. Berez, oso nabarmena da laginketaren urtaro-lerramendua, batez ere zonalde polarretan. Izan ere, neguan zientzialariek ez daukate itsasora atera eta ur laginak hartzerik, batez ere muturreko latitudeetan.

Generoaren arabera bakterioek Lur mailan erakusten duten banaketa. Ladau et al.

2. irudia: Generoaren arabera bakterioek Lur mailan erakusten duten banaketa. (Argazkia: Ladau et al.)

Datu enpiriko lerratu hauen arabera, bazirudien berdin jokatzen zutela itsasoko zein lehorreko bakterioek, denak alde epeletan, udatiarren antzera bero bila. Ladauk aldiz, kontuan hartzen ditu bai laginketarako eragozpen hauek, bai eta beste hainbat eragile, eta horrela, bestelako errealitatea erakusten digu: bakterioek urtaro-tontor bat erakusten dute neguan eta zonalde hotzetan. Bestela esanda, hego hemisferioan aurki daiteke anizkoiztasun handiena abenduan, eta ipar hemisferioan ekainean.

Ez dago oraindik argi zeinek eragiten duen banaketa hau. Zientzialari batzuek uste dute eragile garrantzitsua izan litekeela ur azalerantz elikagaiek egiten duten mugimendua. Beste batzuen aburuz berriz, baliteke bakterioak latitude batetik bestera migratzea. Edonola, badirudi, bai, bakterioek muzin egiten diotela mainstremari eta bere kasa dabiltzala.

Iturria: Global marine bacterial diversity peaks at high latitudes in winter (Ladau et al, 2013; The ISME Journal7, 1669–1677)

—————————————————————–

Egileaz: Antonio Martínez Ron (@aberron) zientzia-kazetaria da.

—————————————————————–

Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>