Hartzen neguko lozorroa

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Hotza

———————————————————————————————————–

Teknikoki, hartzak hibernatu beharrean neguko lozorroan sartzen dira. Ñabardura terminologikoa ez da berez horren garrantzitsua. Baina benetako hibernatzaileekin alderatuz, badaude ikuspuntu fisiologikotik garrantzitsuak diren zenbait desberdintasun, hurrengo lerroetan azalduko ditugunak.

Izatez, XVIII. mendean ezaguna zen jada “hibernatzeko“ modu desberdinak zeudela. Buffon kondea bezala ezagunagoa den Georges Louis Leclerc-ek, bere Histoire naturelle, générale et particulière liburuan hartzei buruzko atalean idatzi zuenez, “neguan zehar hartzak gordelekuetan ezkutatzen dira, baina muxarrak eta marmotak ez bezala, ez dituzte zentzuak guztiz galtzen eta ez daude zeharo baldartuta edo trakets“. Hartzek ez hibernatzearen zergatia atalean azaldu bezala, benetako hibernazioa gantz nabarra duten ugaztun txikietan baino ez da gertatzen. Baina, orduan, zer da neguko hilabeteetan habietan gordeta hartzek egiten dutena?

brown-bears-870549_1280

Irudia: Hartzek energia aurrezten dute neguan lozorroan igaroz hilabeteak.

Hartzen neguko lozorroa energia aurrezteko modu bat da. Beraz, benetako hibernatzaileen antzera, jatekoa eskasa denean edo janaririk ez dagoen aldian energia aurrezteko estrategia dela esan dezakegu. Antzekotasunekin jarraituz, letargia horretan daudenean, hartzen arnasketa-tasa eta bihotz-taupadaren maiztasuna asko beheratzen dira (laurden batera edo bosten batera): bihotzaren uzkurtze-tasa, ohiko minutuko 40-50 taupadatik minutuko 8-10era jaisten da lozorroan.

Baina badaude garrantzitsuak diren zenbait desberdintasun energia aurrezteko bi estrategia hauen artean, eta aurreko atalean azaldu bezala, animalien tamainarekin zerikusia dute: batetik, hibernatzaile txikiek aldizkako esnatzeak erakusten dituzte hibernazioan zehar, eta dirudienez derrigorrezkoak diren esnatze horietan, metaturiko hondakinak kanporatzen dituzte. Hartzak, ordea, ez dira sekula habiatik ateratzen lozorroak irauten duen artean (3- 6 hilabete); eta bitartean ez dute ezer jaten, eta ez dute ez gernurik ez gorotzik ekoizten. Hala ere, Buffonek ohartarazi bezala, ez dira benetako hibernatzaile txikiak sartzen diren egoera komatosora heltzen.

Ezberdintasun garrantzitsuenak tenperaturarekin du zerikusia: hartzen kasuan, hibernatzaile txikietan ez bezala, gorputzeko tenperatura pixkatxo bat baino ez da beheratzen, ohikoa den 37-39 °C-tik 31-35 °C-ra jaisten oi da lozorroan, eta beraz, inguruko tenperatura baino askoz ere altuagoa mantentzen da gorputzekoa. Horretarako lagungarriak dira bai hartzen tamaina handiak, bai lo dauden artean kiribilduta egoteak, eta baita aurretiaz pilatu duten lipido-geruza eta udazkenean nabariki loditzen den ilaje isolatzaileak ere. Garuneko eta funtsezko organoen tenperatura balio ia normaletan mantentzen da lozorro osoaren iraupenean zehar. Beraz, benetako hibernatzaileekin erkatuz hauxe da izan ere alderik behinena: gogora dezagun hibernatzaileetan gorputz-tenperatura kanpoko tenperaturaren ingururaino beheratzen dela, eta hain zuzen ere esnatze-aldietan soilik igotzen dela gantz nabarraren bero-ekoizpenari esker. Izan ere, hipotermia nabaririk ez erakusteagatik esaten da hartzak ez direla benetako hibernatzaileak, eta jarduera oso-oso moteleko aldi horri beraz, neguko lozorroa deritzo benetako hibernazio-prozesuetatik ezberdintzeko.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>