Hartzek ez hibernatzearen zergatia

Animalien aferak · Dibulgazioa

Hotza


Groundhog day (“Marmotaren eguna”) filma 1993an lehen aldiz eman ondoren, Phil marmota ezaguna egin zen gure artean. Punxsutawney herrian eguraldia aurreikusteko erabiltzen dute marmota hori. Urtero, otsailaren bian, festa bat ospatzen da Punxsutawney-en, egun horretan Phil bere habiatik irteten baita. Eguna eguzkitsua bada habiara itzultzen da, eta horrek esan nahi du neguak sei aste gehiago iraungo duela; aldiz, lainotuta badago, marmota ez da berriro habiara sartzen, negua bukatu dela adieraziz. Horren antzeko festak Ipar Amerikako (AEB eta Kanada) ekialdeko herri askotan ospatzen dira eta, dirudienez, jatorri alemaniarra dute. Esan beharra dago aurreikuspen horiek asmatu egiten dutela, bai, baina % 37an soilik.

Hibernatzen duten animalien artekoa da Phil, hortaz. Marmotak ez dira salbuespenak, oso toki hotzetan bizi diren ugaztun askok -baina ez guztiek- hibernatu egiten baitute. Bizimodu normala dute apiriletik irailera arte eta irailean gordelekuan sartu, gorputz-tenperatura jaitsi, metabolismo-tasa minimo batera eraman eta ez dute jarduera muskularrik garatzen. Horixe egiten dute hibernatzen duten animaliek. Energia asko aurrezten dute horrela, eta hori da jarduera murrizteko zioa. Hala ere, hibernazioan zehar esnatu egiten dira maiztasun jakin baten arabera, baina ez dakigu zein den noizean behin esnatzeko arrazoi hori. Garrantzi handikoa izan behar du, ordea, hibernatze-aldian zeharreko energia-gastua asko goratzen baita esnatze horien eraginez. Izan ere, hibernazioan zeharreko gastu metabolikoaren bi heren gutxienez aldizkako esnatze labur horiei dagozkie.

Irudia: sdfadfa
Irudia: Hibernatzen duen ugaztunik handiena marmota alpetarra da. Uste denaren kontra, hartzak ez du hibernatzen, hartzak azal-hipotermia garatzen du.

Hibernatu ahal izateko gantz nabarra eduki behar dute halabeharrez, eta ugaztun denek ez dute gantz mota hori. Beraz, ezinbesteko zeregina betetzen du gantz nabarrak hibernatzen duten animalietan, hura baita esnatu ahal izateko behar den beroa ematen duena. Aurreko atalean ikusi dugun bezala, beroa sortzea da gantz mota horren zeregina, eta beste era bateko jarduera termogenikoak[1] ordezkatzen ditu haur jaioberrietan. Gantz nabarraren kokapen anatomikoa garrantzitsua da hibernatzen duten animalietan. Arteria nagusiak inguratzen dituzte gantz horren biltegi batzuek; horrela, jardunean hasten denean sortzen den beroa, odolari esker, berehala heltzen da biriketara, bihotzera eta garunera, hau da, bizitzarako organo nagusietara.

Hibernatzen duten animaliek bigarren ezaugarri komun bat dute gantz nabarraz gain: txikiak dira guztiak. Hartzek, jendeak uste duenaren kontra, ez dute egiazko hibernazioa garatzen, azal-hipotermia da garatzen dutena. Marmota alpetarrak, hibernatzen duen animaliarik handienak, bost kiloko masa du den. Hori ez da kasualitate bat, animalia handiagoek ez hibernatzeko oso arrazoi ona baitago. Ikus dezagun hau.

Lehenago adierazi dugun bezala, energia aurreztea da hibernatzearen helburua eta arrazoia. Baina handiagoak diren heinean, gutxiago aurrezten dute animaliek hibernazioaren bitartez, tamainaren menpekoa baita horrela aurrezten den energia-kantitatea. Izan ere, ohiko jarduera-mailetan, oso handia da animalia txikien tasa metabolikoa[2], baina hibernazioan dauden animaliena ez da tamainarekin horrenbeste aldatzen. Hogei gramoko saguzar baten ohiko metabolismo-tasa 6 ml O2 g-1 h-1-koa izan daiteke eta hibernazioan dagoen batena, 0’03 ml O2 g-1 h-1-koa. Alde handia dago, beraz, bi tasa horien artean eta, ondorioz, handia da tamaina horretako ugaztunek lor dezaketen aurrezkia. Bost kiloko marmota alpetar baten ohiko metabolismo-tasa 0’5 ml O2 g-1 h-1-koa izan daiteke, eta hibernazioan egonik, 0’02 ml O2 g-1 h-1-koa. Aldea dago, bai, bi tasa horien artean ere, baino askoz alde txikiagoa. Beraz, txikiagoa da hibernazioaren bitartez marmota alpetarrak lor dezakeen aurrezkia.

Gogora dezagun marmota alpetarra dela hibernatzen duen ugaztunik handiena. Tamaina handiagoko animalien kasuan, bi metabolismo-tasa horien arteko aldea txikiagoa izango litzateke eta beraz, energia aurrezteko tartea txikiagoa. Gainera, ez dugu ahaztu behar aldizkako esnatzeek energia-kostu handia ekartzen dutela. Beraz, bi faktore horiek kontuan izanik, argi dago animalia handiagoek ez luketela ezer edo kasik ezer aurreztuko eta, beraz, haientzat hibernazioa ez litzateke negozio ona izango. Ez, hartzak ez du hibernatzen; bistan dago horren zergatia zein den.

Oharrak

[1] Dar-dar egitea edo bestelako mugimendu muskularrak.

[2] Masa-unitateko metabolismo-jarduera da tasa metabolikoa; beraz, masa-unitateko, energia gehiago gastatzen dute animalia txikiek handiek baino.


Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.


Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.