Jaioberrien berogailua, argaltzeko tresna berria?

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Hotza

———————————————————————————————————–

Metabolismoa da animalia homeotermo guztien bero-iturri nagusia. Iturri hori gabe gorputz-tenperatura ezin izango lukete konstante mantendu. Metabolismo-jarduera osoari dagokio bero-ekoizpena, baina animalia homeotermo batzuek beroa ekoizteko berariazko zeregina duen ehun mota bat dute; gantz nabarra deitzen zaio ehun horri.

Gantz nabarra eta gantz zuria dira ugaztunen gantz-ehun mota biak, eta oso desberdinak dira. Gantz zuriak zeregin desberdinak bete ditzake, duen konposizio eta kokapenaren arabera, baina energia gordetzeko osagai egokia izanik, energia-erreserba izatea da haren zeregin nagusia animalietan.

Gantz nabarrak, berriz, zeregin bakarra du: beroa sortzea, alegia. Gantz nabarra osatzen duten zeluletan lipidoak daude, jakina, baina lipidoekin batera mitokondrioen dentsitate altua dago zelulotan, eta horrez gain, odol-hodien dentsitate handia. Adipozitoek[1] batetik mitokondrio asko edukitzea, eta bestetik gantz-ehunean odol-hodi ugari egotea, metabolismo-jarduera azkarraren adierazle dira. Eta halaxe da: metabolismo-jarduera azkarreko ehuna da gantz nabarra. Jarduera metaboliko horrek, baina, ez du inolako lanik egiten, ez lan biologikorik ez eta lan fisikorik ere. Lanaren ikuspuntutik antzua da. Baina beroa sortzen du, horixe baita duen zeregin bakarra.

haur jaio berria

Irudia: Jaioberrietan gorputzaren masa osoaren % 5 gantz nabarra izan daiteke. Gatz nabarra oso beharrezkoa zaie berak sortzen duen beroa dela-eta.

Aski ezagun denez, adenosin trifosfatoa (ATP) sortzea da energia-substratuen katabolismoaren helburu eta ondorio nagusia. Haren fosfato-loturetan energia kimiko asko dagoenez, era desberdinetako lanak (muskulu-uzkurketa, ioien garraioa, proteinen sintesia, elikagaiak xurgatzea, eta abar) egin daitezke energia kimiko hori erabiliz. Gantz nabarrean, berriz, ez da ATPrik sortzen lipidoen katabolismoaren ondorioz. Substratuen katabolismoa eta ATParen ekoizpenerako bidea bananduta daude gantz nabarraren zeluletan. Proteina desakoplatzaile (UCP) edo termogenina deritzon proteina berezi bati esker gertatzen da banatze edo desakoplatze hori[2].

Gantz nabarrak garrantzi handiko zeregina betetzen du hibernatzen duten animalietan, baina horietaz geroago arituko gara. Ugaztun jaioberrietan ere betebehar garrantzitsua du; lipidoen katabolismoaren ondorioz sortzen den beroa ezinbestekoa zaie pairatu behar dituzten bero-galerak konpentsatu ahal izateko eta, era horretara, balantze termikoa konstante mantentzeko.

Ume jaioberrietan gorputzaren masa osoaren % 5 gantz nabarra izan daiteke, oso beharrezkoa baitzaie gantz horrek sortzen duen beroa. Txikiak izanik, gorputz-azalera handia dute eta beraz, bero gehiago galtzen dute gizon-emakume handiek baino; bestalde, burua oso handia dute eta ondo baino hobeto dakigunez, burua da bero gehien galtzen duen gorputz-ataletako bat[3]. Hori gutxi balitz, muskuluak guztiz garatu gabe edukitzeagatik ez dute dar-dar egiteko ahalmenik, ez eta bestelako muskulu-uzkurketa eraginkorrik egiteko modurik ere. Arrazoi onak dituzte ume jaioberriek, beraz, beroa sortzeko berariazko sistema bat edukitzeko.

Gero, hazterakoan, haurrek dardaratzeko ahalmena eta bestelako muskulu-jarduerarako gaitasuna eskuratzen dute eta, horrekin batera, gantz nabarra galdu. Edo hori uste genuen lehen. Izan ere, duela gutxi aurkitu dute gizon-emakume heldu batzuek ez dutela gantz nabarra galtzen, edo ez dutela guztiz galtzen. Ezezaguna da zatiko galtze edo ez-galtze horren arrazoia, baina behaketa interesgarri bat egin dute horretan diharduten ikertzaileek: gantz nabarra galdu ez duten gizon-emakumeak gainontzekoak baino argalago daude. Seguru asko, gantz horri esker beroa sortzeko gastatzen dute xurgatzen duten energiaren zati bat, eta horregatik daude besteak baino argalago. Ez gizentzeko teknika berrien bila dabiltza ikerketa horretan, izan ere helburu horrekin aztertzen ari baitira gantz nabarra nahi duenari txertatzeko aukeraren balizko bideragarritasuna eta ondorioak.

Oharrak:

[1] Adipozitoak lipidoak metatzen dituzten zelulak dira

[2] Ez dugu hemen azalduko zein den gertaera horren arrazoia, ondo ulertu ahal izateko mitokondrioen funtzionamendua ezagutu behar baita. Baina interesa izanez gero, Fisiologiako edozein liburutan aurki daiteke.

[3] Duten masa txikiarekin erkatuz dira handiak, noski, umeen gorputz-azalera eta burua, alegia, neurri erlatiboetan.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

Iruzkin 1

Eman iritzia

Hartzek ez hibernatzearen zergatia - Zientzia Kaiera

[…] ahal izateko gantz nabarra eduki behar dute halabeharrez, eta ugaztun denek ez dute gantz mota hori. Beraz, ezinbesteko […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>