Munduko bi gauza hotzenetako bat

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Beroa

———————————————————————————————————–

Txakurren azalean oso urriak dira izerdi-guruinak, eta beraz ontzat eman daiteke ez dutela izerdirik botatzen. Horrek, baina, ez du esan nahi gorputza hozteko lurrunketara jo ezin dezaketenik. Beroa xahutu behar dutenean hatsankatu egiten dira eta horrek sortzen duen aire-mugimenduak erraztu egiten du arnas azalen gaineko uraren lurrunketa. Kontu honen inguruan badira ezagutzea merezi duten hainbat xehetasun interesgarri.

txakurren sudurra

Irudia: Beroa xahutu behar dutenean txakurrak hatsankatu egiten dira.

Hatsankatzerakoan sortzen den aire-mugimendua da lehena. Izan ere, hatsankatzen direnean desberdinak dira txakurrek arnas azalen gainetik sortzen duten aire-mugimendua eta geuk, gizakiok, sortzen duguna. Txakurrek, gorputza hoztu behar dutenean, airea sudurretik hartu, eta ahotik botatzen dute harturiko gehiena. Bestela iruditzen bazaigu ere, ez dute ahotik hartzen -guk egin bezala- sudurretik baizik. Horrela jokatuz, norabide bakarra darama aire gehienak. Bestela jokatuko balute, hau da, airea bide beretik sartu eta irtengo balitz, arnas azalak arnasa hartzeko mugimendua egitean galtzen duen beroa berriro hartuko luke arnasa botatzerakoan, eta horrela, beharko luketena baino bero gutxiago galduko lukete txakurrek.

Bigarren xehetasuna, hatsankatzearen mugimenduari dagokio, edo hobeto esan, hatsankatzearen maiztasunari. Mugimendu arina da, oso lasterra. Izan ere, pentsa liteke horrela jokatzeko beharrezkoa den muskulu-jarduerak bero gehiago sortzen duela xahutzen laguntzen duena baino. Egia esan, horixe gertatuko litzateke arnas aparatuaren mugimendu bakoitza egiteko saihetsen arteko muskuluak aktiboki uzkurtu beharko balira. Baina ez da hori gertatzen. Izan ere, muskulu horiek hatsankatze-mugimenduen hasieran bakarrik uzkurtzen dira; gero, torax-barrunbea uzkurtu eta zabaldu egiten da, baina horretarako ez da kasik muskulu-lanik egin behar. Nola gerta daiteke hori? Nola sor daiteke lanik gabeko mugimendu bat? Bada, hatsankatzearen maiztasuna torax-barrunbearen erresonantzia-maiztasunari dagokiolako. Hori dela eta, txakurrak, beste animalia askok bezala, maiztasun jakin batean bakarrik hatsankatzen dira.

Ikus dezagun adibide batekin. Txakur batek bero handia sortzen du lasterka egiten edo egin ondoren. Beraz, sortu duen bero hori xahutu beharko du tenperatura konstante mantendu ahal izateko. Bada, egoera horretan maiztasun altuko (300-400 mugimendu/minutu) hatsankatze-mugimenduak egiten ditu, baina aldiro-aldiro utzi egiten dio mugimendu horiek egiteari eta ohiko arnas maiztasunera (30-40 mugimendu/minutu) itzultzen da. Erabatekoa da frekuentzia-aldaketa; hau da, 350 mugimendu/minutuko maiztasunetik 35 mugimendu/minutukora aldatzen da bitarteko frekuentzietatik igaro barik. Energia gehiegi baliatu beharko litzateke eta bero gehiegi xahutu, beste edozein frekuentziatan zabaldu eta uzkurtuko balu torax-barrunbea. Hori dela eta, eraentze termikoaren behar desberdinei aurre egin behar dietenean, txakurrek ez dute maiztasun desberdineko hatsankatze-mugimendurik egiten. Horren ordez, maiztasun altuko mugimenduen iraupenarekin jokatzen dute. Hortaz, bero asko galtzeko beharra dutenean denbora luze egoten dira maiztasun altuko mugimenduak egiten, eta laburrago behar horiek txikiak direnean. Aukera duzunean, beha itzazu txakur baten arnas eta hatsankatze-mugimenduak. Berehala konturatuko zara torax-barrunbearen mugimenduak bi maiztasunetakoak izaten direla, apala arnasa hartzeko eta altua tenperatura eraentzeko.

Lurruntzen den uraren jatorria da hirugarren xehetasuna. Gizon-emakumeen larruazalean lurruntzen den ura, izerdiarena da. Nondik dator, baina, txakurren sudur-epitelioan lurruntzen dena? Dirudienez, sudurraren guruin batek jariatzen du. XVII. mendeaz geroztik ezagutzen da guruin hori, eta beti pentsatu izan da sudurra heze mantentzea zela haren zeregina. Baina horrez gain, badirudi sudur-guruinak jariatzen duela sudur-epitelioan lurruntzen den likidoa. Horri esker mantentzen da sudurra heze eta hotz. Azken batean, sudur-guruinak betetzen du txakurretan, gizon-emakumeetan izerdi-guruinek betetzen duten zeregin bera.

Euskal esaera zahar batek dio Munduko bi gauza hotzenak txakurraren sudurra eta emakumeen ipurdia direla. Emakumeen ipurdia hotz egoteko arrazoiaz ez gara hemen arituko, baina orain badakizu zergatik dagoen txakurren sudurra hotz.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

Iruzkin 1

Eman iritzia

Thomson gazelaren beroaldia - Zientzia Kaiera

[…] hatsankatzera jotzen baitu, bai freskatzeko, eta baita oxigeno gehiago lortu ahal izateko ere. «Munduko bi gauza hotzenetako bat» izenburuko atalean txakurretarako azaldu dugunez, izerdirik botatzen ez duten animalia askok […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>