Basasagua eta elefantea

Animalien aferak · Dibulgazioa

Tamainak badu garrantzia


Basasagu baten masa 30 g-koa izan daiteke; Afrikako elefante batena, berriz, 3.000 kg-koa. Basasagua ez da ugaztun txikiena, eta bada gure adibidekoa baino elefante handiagorik ere (4.500 kg-korik ere bada). Adibide horiek aukeratu ditugu, animalia handia (elefantea) txikia (basasagua) baino 100.000 bider handiagoa delako eta 100.000 bezalako zenbaki borobila nahiago dugulako.

Aurreko ataletan azaldu dugun bezala, animalien tamainak garrantzi handia du funtsezko zenbait ezaugarriri dagokionez. Gorputz-atalen masen proportzioak, esaterako, ez dira konstanteak. Animalia handiek, proportzioan, pisu handiagoko hezurrak dituzte, eta txikiek, aldiz, larruazal gehiago. Bestetik, barne-prozesuak ere tamainak baldintzatzen ditu. Horixe ikusi dugu LSDa eta elefantearen istorioan, adibidez.

Close-up of a mouse standing on an elephant's trunk, isolated on white
Irudia: Elefantea basasagua baino 100.000 bider handiagoa da baina, elefante kilo baten metabolismoa askoz baxuagoa da, basasagu kilo baten metabolismoa baino.

Metabolismoak barne-prozesu horiek guztiak integratzen ditu, eta tamainak eragin handia du animalien metabolismo-jardueran. Begien bistakoa da animalia handiek txikiek baino oxigeno gehiago kontsumitzen dutela eta bero gehiago barreiatzen dutela. Baina hezurren masarekin gertatzen den bezala, oxigeno-kontsumoa edo bero-ekoizpena ez dira zuzenean tamainarekiko proportzionalak. Izan ere, masa unitateko adierazten badugu, animalia handiena baino altuagoa da animalia txikien metabolismoa. Hau da, elefante kilo baten metabolismoa askoz baxuagoa da basasagu kilo baten metabolismoa baino.

Azaltzen ari garena beste era batera irudikatzeko, esan dezakegu elefante batek basasagu baten metabolismo-tasa izango balu erre egingo litzatekeela. Hau da, ekoitziko lukeen beroa ezin izango luke behar bezalako bizkortasunez barreiatu eta elefantearen ehunak hain azkar berotuko lirateke non suak hartuko bailituzke. Izan ere, elefantearen metabolismo-tasa, basasaguarenaren % 5 da; beraz, elefanteak basasaguarena izango balu, 20 bider bero gehiago sortuko luke eta ez luke bero hori galtzeko modurik izango.

Bestalde, jarduera metabolikoa energiaz elikatu behar da; horretarako, erregaiak behar dituzte animaliek. Errepara diezaiogun, beraz, gure basasaguak eta elefanteak jaten duten landare kantitateari. Eguneko 75 g jaten du basasaguak eta 150 kg inguru elefanteak. Jakina, askoz handiagoa da elefanteak jaten duen kantitatea, baina basasaguaren eguneko janeurria haren masaren halako bi eta erdi izaki, elefantearen jana haren masaren % 5 baino ez da.

Metabolismoaren eta animalien tamainaren artean dagoen erlazio hori, matematikoki adierazita, honako hau da: R = a x Wb, non R arnas kontsumoa edo bero-barreiatzea baita, a espeziearen eta zenbait ezaugarriren menpeko koefiziente bat, W animaliaren masa eta b ekuazioaren berretura. Berreturak 1 balioko balu, menpekotasuna guztiz proportzionala (lineala) izango litzateke; hau da, R = a x W. Baina b delako horren balioa 1 baino baxuagoa da. Izan ere, b = 0’75 dela esan daiteke. Asko dira balio horren oinarri biologikoa bilatu duten zientzialariek, eta zenbait hipotesi proposatu izan badira ere, gaur ez dago kontu horri buruzko adostasunik ikertzaileen artean.

Oinarri biologikoa ezezaguna bada ere, erlazio horren ondorioak garrantzi handikoak dira, eta horiek bai, ezagunak dira. Lehenago esan dugun bezala, tasa metabolikoa (masa unitateko arnas kontsumoaren edo bero-barreiatzearen bidez adierazten dena), handiagoa da animalia txikietan handietan baino. Erlazio hori matematikoki adieraz dezakegu, aurrekoan oinarrituta. Masa unitateko metabolismoa M = R/W eta beraz, M = R x W-1. Horrek esan nahi du M = a x Wb x W-1, eta beraz: M = a x W (b-1).

Kontuan hartzen badugu b = 0’75 dela, honela geratuko litzateke ekuazioa: M = a x W -0’25. Erlazio negatiboa dela adierazten du berretura negatiboak; hau da, lehenago esan bezala, tamaina handitzean tasa metabolikoa jaitsi egiten da.


Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.


Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

1 iruzkina

  • […] hotzetan ugaztun eta hegazti txikiek handiek baino zailtasun handiagoak dituzte. Izan ere, eta liburu honetan adierazi dugun bezala, animalia handien gorputzek animalia txikien gorputzek baino masa-unitateko azalera txikiagoa dute. […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.