Ur gabe eta gatzetan sartuta biziraun nahirik

Antonio Cantó

“Noraino” da galdera handienetako bat Unibertsoko bizitzaz ari garenean. Noraino den posible, noraino eutsiko dion. Erantzunaren arabera jakingo dugu bizitza fenomeno zaila edo agian bakarra ote den. Edo nahiko kontu arrunta ote den. Beste inoiz esan dizudanez, honen ezagumenduan aurrera goazen neurrian, badirudi unibertsoa gai dela gero urrunago iristeko. Eta artean, Lurreko bizitza baizik ez dugu aztergai izan. Oraindik, planeta honetako bizitzaren molekula espezifikoak besterik ez dugu aztertu.

Hainbat hipotesi eta aieru daude, Kosmosen bizitza egoteko posibilitateak estimatzeko unean. Hipotesirik hertsienak dio Lurra oso bitxia dela, Unibertso finitu batean nekez errepika litezkeen ezaugarriak biltzen dituen planeta bat. Beste alde batetik batzuek susmoa dute, hau da, susmoa dugu bizitza materiaren autoantolakuntza baten ondorioa dela, eta berez sor daitekeela gutxienezko baldintza batzuk bete bezain azkar. Kristalen antzera nonbait. Jarraian, hasten gara baldintzapen horiek zein izan litezkeen finkatzen. Muturreko bi hipotesi horien artean, nahi beste aukera. Luze joko du eztabaidak, ez baita bukatuko unibertso osoa bizitza-arrastorik aurkitu gabe arakatu arte, edo lurraz kanpoko bizitza aurkitu arte.

Ados gaude gehienok gauza batean: dena delako planeta edo ilargi horretan, nolabaiteko disolbatzailea behar da materialek elkarrekintzak pairatu ahal izateko. Beste gauza bat ere esan nizun hemen: ura da likidorik ezagunena, batez ere bera delako ezagutzen dugun bizitza bakarraren disolbatzailea, hau da, geure disolbatzailea. Baina ez da litekeen bakarra[1], eta horretaz ari gara ba hausnarketan. Hau guztia Astrobiologiak aztertzen du, eta bai Astrogeologiak, Astrokimikak, Astrofisikak eta bestelako astro guztiek ere: guztira Astrozientziak.

Horrela ba, izugarri gustatuko litzaidake hemengo bizitza noraino hel litekeen jakitea. Izan ere, Astrobiologiak estremofilo direlakoen ikasketari erreparatzen dio bereziki. Alegia, planeta honen muturreko baldintzetan bizi diren espezieak dituzte ikusmiran. Eta horrela bizi ohi direnez gain, horrela bizitzera hel daitezkeenak ere aztertzen ari dira, zeren eta, jakina, Lurreko bizitza zenbat eta urrunago iritsi ahal izan, hainbat eta bideragarriago iruditzen zaigu bizitza sortu eta bizirautea Lurretik urrun.

Badakigu hemengo bizitza izugarri gogorra eta gupidagabea dela. Eta etengabe harritzen gaitu. Orain dela gutxi [2], zerbait aurkitu da hain ezaguna eta zintzoa den Escherichia coli bakterioaz. Sabelean daramagu eta pentsatzekoa zen ez zela izango muturreko baldintzapenetan bizi daitezkeen horietako bat. Izan ere, badira Deinococcus radiodurans bezalakoak, 5.000 gray gamma erradiazioa lasai-lasai jaten dituztenak, edo Halorarqueas bezalakoak, gatzez saturatutako uretan bizirauteko gai direnak. Honelako baldintzak hilgarriak izan beharko lirateke, orain arte ezagutzen genuen bizitzarako behintzat. Bestalde, lagun ona dugu Escherichia, iraizte lanetan-eta laguntza ematen diguna.

Egia esan bagenekien gogor samarra zela bakteriotxoa. Adibidez, 16.000 atmosferako presiopean biziraun dezake. Hala egiaztatu izan da diamante artifizialak ekoizteko prentsa batean [3]. T-90tanke bateko errekamaran tiro egitean gertatzen denaren bikoitza baina gehiago da. Are jakin-min handiagoa pizten du José María Gómez-Gómez [4] et al-ek aurkitu berri dutenak. Guztiz harrigarria.

Proba oso erraza da eta etxean bertan egin dezakezu (hala egin baitzuen Gómez-Gómezek). E. coli bakterioen andui arrunt bat lortu behar duzu. Adibidez MGI655 anduiaren gene-kodea erabat sekuentziatua dugu, eta bera izan daiteke andui egoki bat, erreferentzia gisa erabiltzen delako zientzia-ikerkuntzan. Gatzdun ur tanta batean bota dezakezu anduia, adibidez suero fisiologiko tanta batean. Ondoren, lehortzen utz dezakezu. Ulergarria izango litzateke bakterioak hiltzea, bat ere urik gabe eta gatz-kortika batez estalita. Ez ba, ez dute hil nahi, eta ondokoa egiten dute hainbat minuturen buruan:

etxebizitzatxoa gatzetan

Eta hau zer ote da? Ba funtsean, E. colik etxebizitza txiki bat eraiki berri du, mugarik gabeko denboraldi batean negua igarotzeko. Bakterioak lehenago tantaren ertzetara doaz. Gero gatzezko egitura hauek eraikitzen dituzte, eta erdigunera mugitzen dira egiturok. 10 minutu eskas igaro direlarik, bakteria guztiak kapsulatuta daude gatzetik babestuta, eta gatzak eta ur faltak ez die heriotza eragiten. Eta bere horretan jarraitzen dute bakterioek hezetasuna berri noiz itzuliko. Oraingoz, Gómez-Gómez doktorearen taldeak, egiaztatu du astebete beranduago berriz hidratatuta bere onera itzultzen direla erabat. Orain, aztertzen ari dira noiz arte biziraungo luketen egoera txar horretan.

Izan ere, hortxe hasten gara astrobioasaldatuak amets egiten. Izan ere, oso maiz argudiatzen da unibertsoan zehar ingurune-baldintzak aldakorrak direla oso. Planeta eta ilargi asko, izar binario edo ternarioen inguruan ari dira biraka, edo bestela izar eta ilargi horiek orbita bitxiak dituzte. Zehazkiago, bizi-egokitasuneko izar-zonaldetik kanpo joan daitezke, horrelakoetan disolbatzean lurrindu edo solidotu egiten delarik. Esan ohi da horrek hil egingo lituzkeela aldi faboragarrietan sortutako bizi era guztiak.

Baina behin E. coliren jokamoldea ezagututa, oso bestelakoak izan daitezke gauzak, batez ere kontuan hartzen badugu jokamolde hori hamar minutuan gauzatzen duela. Zer esanik ez, gure irudimenak jota, berehala datozkigu burura E. coliren antzera jokatzen duten beste bizidun batzuk, eta horrela bizi-egokitasuneko izar-zonaldetik ateratzen direnean bakterio ezagun horren antzera babestuko litzateke, eta gero berpiztu egingo litzateke baldintzak beren onera itzuli ostean. Ondorioz, bizidun horiek aukera izango lukete bizitza konplexurantz eboluzionatzeko, behin baldintza horrekin moldatuta. Aurkikuntza honek, beste behin ere zabaldu du unibertsoan ustez egon daitekeen biziaz hausnartzeko aukeren esparrua. Eta hau guztia irudimena gehiegi erabili gabe.

Baliteke bai bizia autoantolakuntza era bat izatea, kristalen autoantolakuntza bezain arrunta. Baliteke muturreko baldintzetan autobabestu, kristalak eratu, eta gero bizkorrago berpiztea. Baliteke euriaren alabak biziraun ahal izatea, euria bukatzen denean ere. Ahal duen bezala biziraun, beti egin izan duen bezala. Azkenean bizia, izarrei begira geldituko da beti ere, eta argitzen saiatuko da urrunean berari begira zenbat bizi era desberdin egongo diren. Eta zergatik hain isiltasun handia? Ala ez ote dakigu oraindik ez begiratzen, ez eta entzuten ere?

Erreferentziak:

[1] United States National Research Council: The limits of organic life in planetary systems. Washington, DC: The National Academies Press, 2007.

[2] Gómez-Gómez, J. M. et al: Drying bacterial biosaline patterns capable of vital reanimation upon rehydration: Novel hibernating biomineralogical life formations.Astrobiology, 14. bol., 7. zbk., (2014). DOI: 10.1089/ast.2014.1162.

[3] Sharma, A. et al.: Microbial activity at Gigapascal pressures.Science 295:1514-1516 (2002). DOI: 10.1126/science.1068018.

[4] Laboratory of BioMineralogy and Astrobiological Research (LBMARS), UVA-CSIC atxikitutako entitatea, INDITI Eraikina, Boecillo, Valladolid.

——————————————–

Egileaz: Antonio Cantó (@lapizarradeyuri) La pizarra de Yuri blogaren egilea da

Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.

——————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>