Carmen Manzano: “Antropologiaren mundua pil-pilean dago”

Dibulgazioa · Ekitaldiak

Nolakoak izan ziren gure arbasoak? Noiz eta non bizi izan ziren? Nola sortu ziren? Galdera asko daude oraindik erantzuteko eta horretan gogor ari dira lanean Carmen Manzano Basabe bezalako antropologoak.

Pasa den apirilaren 21ean Zientziatekan eskaini zuen Giza eboluzioa: zer ez dakigu eta zer uste dugu dakigula? hitzaldian argi laga zuen, giza eboluzioan aditua den irakasle honek, oraindik gauza asko ditugula jakiteke .

Homininoak orain dela 6-8 miloi urte sortu ziren, baina hauen garapena, txinpantzetik gizaki modernora arte, ez da lineala izan eboluzioaren irudietan irudikatzen den bezala. Dagoeneko antropologoek zazpi genero definitu dituzte eta horien artean 24 espezie antzeman. Egungo antropologoen helburu nagusia “genero eta espezieen arteko puzzlea ebaztea” dela zioen Carmen Manzanok hitzaldian eta horretarako zenbait gako eman zituen.

1. irudia: Giza eboluzioa ikergaia denean, zaila da emakumeen irudiak aurkitzea.

Homininoen parte ere gara gizakiok eta gure anai-arreba gertuena txinpantzea dugu berarekin datu genetiko asko elkarbanatzen baititugu, nahiz eta ezberdintasun handiak izan, hala nola inteligentzia eta bizitza iraupena luzeagoa dugula gizakiok beste batzuen artean. Orain dela hiru milioi urte arte Australopitecusen aroa zen eta hominino espezie honen eta txinpantzeen arteko antzekotasunak handiak ziren ere, esate baterako garuna txikia zuten, hortzeria handia eta zuhaitzetan ibiltzeko gai ziren.

Aurkikuntza berriak

Lurraren beste estratuetan hominino fosil berriak aurkitu dituzte, hauek edukiera kraniala handiagoa dute eta harrizko lanabesak agertu ziren haien hezurretatik gertu, haragia lortzeko erabiltzen zituztenak. Bitxia da munduan dauden espezie guztien artean gurea izatea kulturaren moldapena jasan duen bakarra. Garapen honi esker Afrikatik kanpora irten ziren gure lehen arbasoak, sua erabili eta artea eta teknologia garatu; hala ere, oraindik ez dakigu non eta noiz gertatu zen homo generoari bidea zabaldu zion lehenengo espeziearen agerpena.

Indusketa
2. irudia: Indusketa berriek gehiago gerturatuko gaituzte gure eboluzioaren osotasuna ezagutzera.

Orain dela gutxi arte antropologoek pentsatzen zuten homo erectus-a zela homoen lehenengo espeziea, baina banaketa geografiko handia dago haien fosilak aurkitu diren tokien artean, beraz horrek lehenengoak ez zirela adierazten du. Homo erectusek morfologia aldetik edukiera kraniala gurea baino txikiagoa dute, baina gu bezala korrika egiteko gai ziren eta dieta zabala zuten ehiztari biltzaileak baitziren.

''Ez dugu ulertzen oraindik gertatu zena''

Gure historiaz gehiago jakiteko Manzanok azpimarratu zuen ezinbestekoa dela “fosil gehiago aurkitzea” eta, urteak aurrera egin ahala, teknologiaren hobekuntzari esker informazio gehiago lortzeko aukera handiagotu egingo dela gaineratu zuen adituak .


Egileaz: UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedra (@Zientzia), zientzia gizarteratzea helburu duen erakundea da. Horren baitan, besteak beste, Bilboko Azkuna Zentroan (@azkunazentroa) puri-purian dauden zientzia arloko gaiak jakitera emateko #Zientziateka hitzaldia antolatzen du hilean behin.

Artikuluaren testua Zientzia Kaierako kolaboratzailea den Adrian Alvarez kazetariak landu du, #Zientziatekako hitzaldian eskainitako datuekin.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.