Ane Wyssenbach: “Ikerketan ezer ezin da bukatutzat eman”

Dibulgazioa · Emakumeak zientzian

Wyssenbachek hasieratik aitortu duenez, txikitatik du gustuko biologia: “Ikastolan flipatu egiten nuen zelulekin: nolakoak diren barrutik, zer funtzio dituzten… Gure funtzioak haiek egiten dituztela ikusteak txunditzen ninduen. Gero, zalantza izan nuen medikuntza ala biologia ikasi, eta azkenean biologia eta biokimika ikasi nituen, biak batera”.

Argazkia Ane Wyssenbach
Irudia: Ane Wyssenbach Ibarra, Achucarro Basque Center for Neuroscience zentroko neurozientzialaria. (Argazkia: Achucarro Zentroa)

Sei urtetan egin zituen biak. Hasieran, interes berezirik pizten ez zioten gai asko ikasi behar izan zituela eta, ez zuen asko gozatu; aurrerago bai, ordea. “Nik banekien nire arloa biomedikuntza zela, ez ingurumena edo ekologia. Horregatik, bigarren ziklora iritsi arte, esperientzia ez zen oso ona izan; baina gero oso ikasgai politak izan nituen, eta orduan berriro piztu zitzaidan gogoa”.

Horrenbestez, gogotsu ekin zion UPV/EHUren Biologia Molekularra eta Biomedikuntza masterrari: “Proiektua egin behar dela eta, aukera izan nuen gaur egun nagoen taldean sartzeko, Achucarro zentroan. Proiektua egin ondoren, han geratzeko beka eskatu nuen, eta horrela hasi nintzen!”.

Hasiera batean, ez omen zuen oso garbi doktore izan nahi zuela; hala ere, ekainean aurkeztu zuen tesia. “Alzheimerrean astrozitoek duten papera ikertu dugu, eta lehen aldiz ikusi dugu zelula horiek aldaketa batzuk pairatzen dituztela. Ekainean tesia aurkeztu, eta orain unibertsitateko kontratu batekin nago. Berez, urtebetekoa da, eta gero ez dakit zer egingo dudan. Momentuz, lan hori bukatu nahi dut, eta ea argitaratzen dudan, baina, aukera izanez gero, badut honekin jarraitzeko asmoa”.

Gustuko aldapan, nekerik ez

Izan ere, Wyssenbachen ustez, “ikerketan ezer ezin da bukatutzat eman. Galdera bati erantzun orduko, beste galdera bat sortzen da. Horregatik, ez da inoiz bukatzen; dena den, normalean, beste norbaitek hartzen du lekukoa. Lan polita da; hori bai, gogorra ere bada. Adibidez, egun batean egin ditzakezu hamabi ordu lanean, edo igande batean joan behar duzu laborategira… Normala da, zelulak bizirik baitaude, eta ez baitute gure ordutegia errespetatzen, eta gainera, gustura egiten dugu, gure lana gustatzen zaigulako. Hala ere, gogorra da, oso”.

Horrez gain, aipatu du lankideen artean lehia handia dagoela, kontratu gutxi daudelako, eta “onena” nor den erabakitzeko, pisu handia izaten duela argitalpen-kopuruak. “Horrek lehia handia sortzen du gure artean, eta hori ere ez dut uste bidezkoa denik”. Esate baterako, horretan, ikerketa-gaiak ere zeresan handia duela azaldu du: “Alzheimerra ikertzeko agian badago interesa, baina beste gai batzuetarako, inork ez du dirurik jarri nahi”.

Etorkizunera begira, ez dio uko egiten ikerketa ez den beste bide bat hartzeari. Adibidez, oso gustuko du dibulgazioa, baita irakaskuntza ere: “Ez dut nire burua ikerketara mugatzen”.

Fitxa biografikoa

Ane Wyssenbach Ibarra Iruñean jaioa da, 1985ean. Biologian eta Biokimikan lizentziatu zen Nafarroako Unibertsitatean. Euskal Herriko Unibertsitatean Biologia Molekularra eta Biomedikuntzan masterra egin ondoren, Neurozientzia sailean egin zuen doktore-tesia, eta gaur egun Achucarro Basque Center for Neuroscience zentroan ikerketa eta dibulgazio-lanak egiten ditu.


Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.


Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

zientzia_gr_RGB

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.