Ana Bernal: “Ikerketaren bidez, galderei erantzun ahal diet”

Ana Galarraga/Elhuyar Zientzia

Ana Bernal Chicok hasieratik nahi izan nuen ikasi Biokimika. Dioenez, laborategiko lana gustatzen zitzaiolako, “nahiz eta benetan ez nekien nolakoa zen lan hori”. Hala, senak aginduta sartu zen Biokimikan, eta ikerketa zer zen ezagutu zuenean, asmatu zuela jakin zuen: “Gustatu zitzaidan gauzak ukitzea, nahastea eta zerbait berria ateratzen dela ikustea. Hau da, lan egiteko modua gustatu zitzaidan, eta, bereziki, ikustea, ikerketaren bidez, galderei erantzun ahal diedala. Horrek asko erakarri ninduen”.

Hala ere, ez dela erraza izan aitortu du Bernalek: “Ikasketak gustuko nituen, eta ikasten ari nintzela banenbilen laborategian, baina inork ez zigun kontatu gero zer datorren, ikertzeko bekak eskatu behar direla, eta bekak, batez ere, noten arabera ematen dituztela, eta hori guztia. Orduan, ikasketak bukatu eta irakasle batekin joan nintzen beste laborategi batera, Gurutzeta ospitalera, eta bat-batean beken munduan sartu nintzen, paper pila bat bete behar izan nituen…”

Horrez gain, ez zuen argi zer arlotan ikertu nahi zuen: minbizia, genetika, neurozientzia… Urtebete egin zuen Gurutzetan, baina, ohartuta hura ez zela bere bidea, beste laborategi bat bilatzea erabaki zuen. Azaldu duenez, hura izan zen unerik zailena: “Galduta nengoen, bai pertsonalki, bai profesionalki”.

Ana Bernal Chico biokimikaria. (Argazkia: UPV/EHU)

Ana Bernal Chico biokimikaria. (Argazkia: UPV/EHU)

Azkenean, EHUren Medikuntza Fakultateko Neurozientziak saileko laborategian hasi zen, sistema endokanabinoideoa ikertzen. “Orain badakit hau dela egin nahi dudana”, dio Bernalek. Pozik dago egindako bidearekin, aukeratutakoa egin ahal izan duelako. Izan ere, haren iritziz, jende askok egin nahi du tesia, baina horietatik gutxik lortzen dute, gehien bat, finantziazio-faltagatik.

Gainera, iaz, Neurozientziak sailean eta Achucarro zentroan egindako bere doktoretza-ondoko lanaren artikulu bat saritu zuen Kanabinoideoak Ikertzeko Espainiako Elkarteak (SEIC). Adierazi duenez, sari hori jasotzea oso ona da taldearentzat, eta norberarentzat ere bultzada handia da.

Zientzia gizarteratzearen garrantzia

Horren ildotik, funtsezkoa iruditzen zaio laborategietan egiten den lanaren berri ematea gizarteari. “Nire ustez, jendeak ez daki benetan zer den zientzia eta zergatik den garrantzitsua. Orduan, agian ez du ulertzen zer ondorio dakartzan finantziazio-faltak. Horregatik, jakin behar dute zertarako behar dugun dirua; ulertu behar dute gizarteari itzultzen diogula ikerketan inbertitzen duena. Eta horretarako ezinbestekoa da zientzia hurbiltzea gizartera”.

Une honetan, unibertsitateak ikertzaile gazteei egiten dien kontratu bat du, bederatzi hilabetekoa eta lanaldi erdikoa. “Ikerketa, ordea, ezin da lanaldi erdiz egin; hortaz, egun osoa egiten dugu lan, erdia kobratuz”. Kontratua amaitutakoan, ez du aukera handirik Euskal Herrian gelditzeko, beraz, garbi du, bere inguruko gehienak bezala, atzerrira joango dela. Are gehiago, badaki non jarraituko duen ikertzen: Budapesten.

“Hiru hilabeteko egonaldi bat egin nuen Budapesteko laborategi batean, primerako talde batekin, eta handik itzuli nintzenetik izan dut Budapestera joateko asmoa. Eta irailean noa; zorte handia izan dut. Gero, ea itzultzen naizen; hurrengo arazoa hori izango da”, bukatu du, irribarre batekin, Bernalek.

Fitxa biografikoa:

Gasteizen jaioa, 1985ean. Biokimikan lizentziatua Euskal Herriko Unibertsitatean. Biomedikuntza eta Biologia Molekularreko masterra EHUn egin zuen eta, proiektua Gurutzetan burutu zuen. Neurozientziak departamentuan tesia egin ondoren, bertan ari da lanean. 6 hilabete barru Budapestera joango da sistema endokanabinoideoaren ikerketan jarraitzeko.

———————————————————————————-

Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

———————————————————————————-

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

zientzia_gr_RGB

Iruzkin 1

Eman iritzia

Asteon zientzia begi-bistan #54 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera

[…] Bizitzak argi-ilunak ditu eta baita ere ikerketaren bideak. Ana Bernal biokimikaria UPV/EHUko Neurozientziak saileko ikertzailea da. Bederatzi hilabeteko beka bateri esker ari da lanean eta amaitu ondoren atzerrira joango da ikerlerroa garatzen. Ikerketak hainbat gauza eman dizkio, esaterako, hainbat galderei erantzuteko aukera baina jakin badaki bidea ez dela erraza. Izan ere, finantziazio faltaren eraginez hainbat ikertzailek bidean aurrera egiterik ez dutela kontatzen digu Zientzia Kaieran Ana Galarragarekin izandako solasaldian: Ana Bernal: “Ikerketaren bidez, galderei erantzun ahal diet”. […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>