Ainitze Labaka: “Ikerketa gehienak arretan egiten dira; pentsa zer hutsune dagoen zientzian”

Ana Galarraga / Elhuyar Zientzia

Erizaintza ikasten ari zela, pazienteekin lana egitea zen Ainitze Labaka Etxeberriaren asmoa. Orduan, ez zuen imajinatu ere egiten laborategi batean egingo zuenik lana, zertan eta ikertzen. Alabaina, ikasketen amaiera krisi-garaiarekin bat egin zuen, eta ez zuen erizaintzan lanean hasteko aukerarik izan. Gainera, aitortzen du karreran beti eman ziola arreta pertsonaren alderdi bio-psiko-soziala aipatzen zutenean, “nahiz eta ez nuen oso ondo ulertzen kontzeptua”, aitortu du.

Hala, zer master egin zezakeen aztertzen hasi zen, eta hautazkoen artean Psikobiologia eskaintzen zuen bat aurkitu zuen UPV/EHUn. Psikologiako fakultatearen masterra zen, eta hura egitea erabaki zuen: “Ikerketa-lerroen artean estresa eta depresioa, estresa eta minbizia eta halakoak zeuden, eta horrek asko erakarri ninduen. Izan ere, pazienteekin tratua izan nuenean, konturatu nintzen askotan lotzen zutela gaitza bizitzako egoera zail edo txar batekin. Eta guztiok dakigu estresa txarra dela osasunerako, baina ez dakigu ondo zer egiten duen eta nola. Hori oso interesgarria iruditu zitzaidan”.

Irudia: Ainitze Labaka Etxeberria UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza fakultateko irakaslea.

Horrenbestez, masterra egin zuen, eta, jakina, hautazko hori aukeratu zuen, eta hango irakasleekin egin zuen master-amaierako lana. Lan hori tesiaren hasiera izan zen. “Ezegonkortasun sozial kronikoaren estresa sagu emeetan, eta aldaketa immunitarioak, neurokimikoak eta jokabide-aldaketak” zen tesiaren izenburua, eta bi gauza nabarmendu ditu Labakak: “Batetik, helburua, aztertzea zer mekanismo fisiologikoren bidez eragin dezakeen estresak depresio bat; eta, bestetik, emeetan dela. Zergatik emeetan? Ba ikerketa prekliniko gehienak arrekin egiten direlako”.

Azaldu duenez, “luze sinistu izan da arren eta emeen zelulak berdinak direla, ugal-aparatukoak izan ezik. Orduan, ikerketa gehienak edo ia denak egiten dira arretan, eta gero hori orokortu egiten da. Baina gaur egun badakigu hori ez dela horrela; adibidez, neurona batek, arra ala emea izan, modu batera ala bestera prozesatzen ditu neurotransmisoreak. Pentsa zer hutsune dagoen zientzian”.

Ikertzaile eta irakasle

Tesia egitean gozatu zuen arren, ez ditu alde txarrak ezkutatu nahi, bereziki, lan-baldintza txarrak: “Diru-laguntza bat lortzeko lehia ikaragarria dago, eta horren ordainetan jasotzen den soldata ez da duina. Gainera, tesia egin ondoren, hemen oso zaila da ikertzaile izatea % 100ean; normalean, lan finko bat izateko, ikertzaileok irakaskuntzarekin uztartu behar dugu lana, eta horrek moteldu egiten du ikerketa”. Nolanahi ere, onartu du gustuko duela irakastea, eta irakasleentzat ezagutza berritzeko modu bat ere badela ikertzea.

Orain horretan ari da, beraz: eskolak ematen ditu, eta tesiaren ikerketa-ildoan sakontzen jarraitzen du. Zehazki, estres-eredu hori egokia dela frogatu dutenez, orain sagu arretan eta emeetan aplikatuko dute, gero bi taldeak alderatzeko. “Ikusi behar da, noski, gero hori zenbateraino den berdina edo antzekoa gizakietan. Kontu handia eduki behar da interpretazioan”.

Labakaren ustez, ikerketaren ondorioak baliagarriak izan daitezke minbiziaren aurkako tratamenduak hobetzeko eta pazienteei laguntzeko. Etorkizunean, osasun profesionalei genero-isuriak nola eragiten dien aztertu nahiko luke. Garbi du, beraz, ikertzen jarraitu nahi duela, baina pazienteengandik hurbil, nahiz eta lana ez duen egiten zuzenean haiekin.

Fitxa biografikoa:

Urnietan jaioa da, 1991ean. Erizaintzan graduatu, eta Psikologia: Gizabanakoa, Taldea, Antolamendua eta Kultura Masterra egin zuen. Psikobiologiaren esparruan egin du doktoretza. Egun, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza fakultateko irakaslea da, eta estresaren, depresioaren eta minbiziaren gainean ikertzen jarraitzen du Psikologia fakultatean.

———————————————————————————-

Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

———————————————————————————-

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>