Ainara Castellanos: “Science aldizkarian argitaratzeak ez dauka preziorik”

Ana Galarraga / Elhuyar Zientzia

Ainara Castellanos Rubiok oso ikertzaile gutxik lortu duten zerbait erdietsi du: bere ikerketa bat argitaratzea, non eta Science aldizkarian. Gaixotasun zeliakoarekin lotutako gene zehatz bati buruzko ikerketa da, eta emaitzak lagungarriak izango dira gaitza hobeto ezagutzeko eta pazienteei laguntzeko.

Horretara iristeko, eta gaztea den arren, bide luzea egin du Castellanosek. Unibertsitateko ikasketak hasterako, argi zuen genetista izan nahi zuela: “Beti gustatu zait genetika, Mendelen ilarretatik”. Hala, Biologia ikasten hasi zen. Halako batean, fakultateko korridoreetatik zebilela, Gurutzetako Ospitalean tesia egitea eskaintzen zuen kartel bat ikusi zuen. Horrek bultzatuta egin zuen tesia: “Ospitalean izatea erakargarria iruditu zitzaidan. Kartela kendu nuen, beste inork ikus ez zezan, eta elkarrizketara joan nintzen. José Ramón Bilbaok egin zidan, eta egun horretan bertan maitemindu nintzen, zientifikoki”.

ainara castellanos

Irudia: Ainara Castellanos ikertzailea laborategian.

Hura izango zen bere tesi-zuzendaria. Bost urte eta erdi eman zituen tesia egiten, eta, jarraian, Estatu Batuetara joan zen, Columbia Unibertsitatera, doktoretza-ondokoa egitera. Han egin zuen ikerketa hori. Hilabete batzuetan, ahal ere, denbora gehiago eman zuen artikulua idaztean eta berridaztean, ikertzen baino: “Aurrena Nature aldizkarira aurkeztu genuen, eta atzera bota zuten. Orduan Sciencera bidali genuen, eta horrela ezetz, baina zuzenketak eginez gero agian argitaratu zigutela erantzun zuten. Lau berrikuspen egin behar izan nituen, onartua izateko”.

Ia urtebete eman zuen horretan, eta ez du ezkutatzen horrek sortutako etsipena: “Ikertzaile batek beti nahi du aurrera egin, eta ikerketan sakondu. Baina ikertzen jarraitzeko ezinbestekoa da argitaratzea, eta zenbat eta aldizkari ospetsuagoan izan, hobeto”. Azkenean, ahaleginak merezi izan zuen: “Ezin dut azaldu zer sentitu nuen jakin nuenean Sciencen argitaratuko zutela. Sciencen argitaratzeak ez dauka preziorik”.

Zortea eta lana

Castellanosek zorte ona izan duela uste du: “Aitak esaten dit ez dela zortea, lan asko egin dudala eta horren ordaina dela. Baina lana ez da nahikoa, zortea ere behar da, eta nik izan dut”, aitortzen du, apal.

Urtarrilean etorri zen Columbiatik, eta, geroztik, irakasle aritu da unibertsitatean. Dioenez, esperientzia gogorra egin zaio: “Mikrobiologia ematen dut, eta ez da nire espezialitatea. Eta ez da erraza hogei pertsonaren aurrean jartzea eta azalpenak ematea”.

Edonola ere, laster itzuliko da ikerketara, Juan de la Cierva beka bat lortu baitu. “Horri esker, Bilbaorekin ikertuko dut berriro, UPV/EHUren genetika sailean, zeliakiaren genetika argitzeko”, adierazi du, gogotsu. Lana badu, beraz, eta zortea ere izango ahal du!

Fitxa biografikoa:

Ainara Castellanos Rubio (Portugalete, 1982) Biologian lizentziatua da. Jose Ramon Bilbaoren zuzendaritzapean egin zuen tesia, zeliakiaren genetikaren ingurukoa, eta 2010ean irakurri zuen. Tesia egin bitartean, Finlandian izan zen lau hilabetez; hala, doktoretza europarra jaso zuen. Doktoretza-ondorengoa Columbia Unibertsitatean egin du, 2011-2016 bitartean, Sankar Ghosh doktorearen laborategian. 2016aren hasieran Euskal Herrira itzuli da, Juan de la Cierva beka batekin.

———————————————————————————-

Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

———————————————————————————-

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

zientzia_gr_RGB

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>