Keinu sinboliko batez komunikatzen den txoria

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Nature Communications aldizkarian argitaratutako ikerketa batek lehen aldiz deskribatu du keinu sinboliko bat primateak ez diren animalietan. Kaskabeltz japoniarraren kasuan (Parus minor), bikotekideetako batek hegazkada arina egiten du besteari adierazteko habian bere aurretik sar dadila.

keinu
Irudia: kaskabeltz japoniarra (Parus minor). (Argazkia: Alpsdake / Wikimedia Commons)

Anekdota oso ezaguna da; hainbat protagonista egotzi zaizkio eta askotariko irainak gehitu dizkiote. Horrela esaten du: bi gizonek topo egiten dute ate baten aurrean. “Ez dut ergel bat nire aurretik pasatzen utziko”, esaten du batek. “Nik bai, aurrera”, erantzuten dio besteak.

Eta azken horrek keinu bat egiten du eskuaz, hura aterantz zuzenduz. Seinalatzeko edo atentzioa leku zehatz batera zuzentzeko erabiltzen diren keinu horiei “deiktiko” esaten zaie. Horrez gain, gizakiok keinu sinbolikoak ere erabiltzen ditugu komunikatzeko. Azken horietan, ez dago ageriko harremanik keinuaren eta esanahiaren artean. Adibidez, eskua astintzea agur adierazteko, edo behatzak gora begira jartzea dena ondo doala esateko.

Animalia asko soinuen bidez komunikatzen dira eta, zenbait kasutan, baina askoz gutxiago, keinuen bidez. Fenomeno hori batez ere primateengan hauteman da, gurekin duten ahaidetasuna dela eta. Izan ere, txinpantzeetan 19 esanahi ezberdin dituzten 66 keinu arte deskribatu dira, hala nola hurbil zaitez, urrundu zaitez eta garbi nazazu. Keinu horiek batez ere deiktikoak dira; txinpantzeak lagunaren atentzioa erakarri eta seinalatu egiten du, bere asmoa komunikatzeko. Primateetatik haratago, keinu deiktiko batzuk deskribatu dira, halaber, mika eta beleetan, hala nola harrapakari bat nondik datorren adieraztekoak. Eta taldean ehizan ibiltzen diren koral arrainek (Plectropomus) ere harrapakina non ezkutatu den adierazteko seinale bat dute.

Baina primateetan ez ezik, ez da beste keinu sinboliko argirik deskribatu. Orain arte. Izan ere, kaskabeltz japoniarrak (Parus minor), gure kaskabeltz handiarengandik (Parus major) oso antzekoa denak, keinu berezi bat garatu du bikotekideari adierazteko habian bere aurretik sar dadila.

Baina hori ez da txoritxoak ekarri duen sorpresa bakarra. 2016an, bere kantuan konposizio sintaktikoaren ezohiko kasu bat deskribatu zen. Kaskabeltz japoniarrak lau nota nagusi ditu: A, B, C eta D. ABC konbinatzen dituenean, kideek alboetara begiratzen dute egon daitezkeen mehatxuak detektatzeko. Eta D nota errepikatzen duenean, gainerako kaskabeltzak taldean biltzen dira arrisku bati aurre egiteko. Bada, ABC-D deia entzutean (bozgorailu batean erreproduzituta), kaskabeltzak alboetara begiratu eta bozgorailura doaz hegan; baina D-ABC deia eginez gero, txoriek ez dute erreakzionatzen. Hau da, bi mezuek sintaxi zehatz bat behar dute txoriek ulertzeko.

Oraingoan, kaskabeltz japoniarrak harrituta utzi gaitu berriro, sar zaitez zu aurretik esan nahi duen keinu sinbolikoa erabiltzean. Hegazti horiek sarbide estuak dituzten zuhaitz zuloetan edo habiak sortzeko kaxatan eraikitzen dituzte habiak. Bikotea habiara iristen denean txitentzako janarekin, bietako batek —oro har emeak—, hegoak astintzen ditu; eta seinale horren bidez adierazten dio harrari aurretik sar dadila habian. Harrak hegoak astintzen dituenean edo emeak seinalerik egiten ez duenean, aldiz, emea sartu ohi da aurretik. Bideo hauetan ikus daiteke portaera hori:

Txorietan gorputzaren mugimenduen bidezko portaera patroi estereotipatu asko hauteman izan dira aurretik gorteatzean. Baina behaketa berri honetan harrituta uzten gaituena da, ekintza sinplea dirudien arren, kaskabeltzek keinu sinboliko bat (hegoak astintzea) garatu dutela, esanahiarekin inolako harremanik ez duena: “zoaz aurretik. Horrek agerian jartzen du oso garrantzitsua dela animalien komunikazio mekanismoak ezagutzea hizkuntzen bilakaera ulertzeko, batez ere gurearen bilakaera, gizaki bihurtu gintuen berebiziko fenomenoa baita.


Egileaz:

Ramón Muñoz-Chápuli Oriol Animalien Biologiako Katedraduna (erretiratua) da Malagako Unibertsitatean.


Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko apirilaren 8an: El pájaro que se comunica con un gesto simbólico.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

1 iruzkina

  • […] Lehen aldiz deskribatu da keinu sinboliko bat primatea ez den animalia batean. Kaskabeltz japoniarra da protagonista, eta ikusi dute espezie horretako emeek, gehienbat, hegoak azkar astinduta bikoteari adierazten diotela habian haien aurretik sartzeko. arrak hegoak astintzen dituenean edo emeak […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.