Gero eta goizago hasten dira haurrak Internet erabiltzen

Net Children Go Mobile proiektuaren emaitzak plazaratu berri dituzte “Interneteko arriskuak eta aukerak eta gailu mugikorren erabilera Espainiako adingabeen artean (2010-2015)” txostenaren bidez. Txosten honek, Espainiako 9 eta 16 urte bitarteko 500 Internet erabiltzaile adingaberi eta haien gurasoei egindako inkestako datuak erakusten ditu. Egitasmoan, besteak beste, gailu mugikorrak konbergentzia mediatikoaren testuinguruan nola erabiltzen diren aztertzen da, egiaztatzeko ea gailu horiek Internetera konektatzeko erabiltzeak arrisku gehiago edo gutxiago dakarzkien 9 eta 16 urte bitarteko Interneten erabiltzaileei.
Irudia: xgasdgasd

Irudia: Haurrak gero eta goizago hasten dira Internet erabiltzen. Ikerketak adierazten du, adibidez, 9-10 urteko haurrak batez beste 7 urterekin hasi zirela Internet erabiltzen, eta 15-16 urteko nerabeak, berriz, 10 urterekin.

UPV/EHUko EU Kids Online Ikerketa-taldeko Maialen Garmendia, Miguel Ángel Casado eta Estefanía Jiménez irakasleek eta Milaneko Sacro Cuore Unibertsitateko Giovanna Mascheronik eraman dute aurrera ikerketa. Egindako lanak honako helburua nagusiak izan ditu:

  • 9-16 urte bitarteko haurren artean Internet mugikorraren erabilerari buruzko ohitura berriak sailkatu erabilera, trebetasun eta parte-hartzearen arabera.
  • Datu fidagarriak eta konparagarriak eman Internet mugikorrari lotutako arriskuen izaerari buruz, online arrisku orokorragoekin konparatuz.
  • Haurren artean zeintzuk dauden bereziki arriskuan eta zergatik aditzera eman, ahulezi faktoreak aztertuz.
  • Arriskuari aurre egiteko haurrek erabiltzen dituzten estrategiak ebaluatu, alfabetatze mediatikoa barne.
  • Guraso, irakasle eta gizarte-langileen bitartekaritzaren eta sentsibilizazio estrategien motibazioak eta eraginkortasuna aztertu.
  • Segurtasunaren aldeko ekimenak garatzeko gomendio egokiak identifikatu eta zabaldu.
Interneten erabilera: non, noiz eta zertarako

Ikerketaren emaitzak islatu du haurrak etxean konektatzen direla Internetera eta eskola da Internetera sartzeko leku ohikoenetan bigarrena. Horrez gain, emaitzek erakusten dutenez, haurrak gero eta goizago hasten dira Internet erabiltzen: 9-10 urteko haurrak batez beste 7 urterekin hasi ziren Internet erabiltzen, eta 15-16 urteko nerabeak, berriz, 10 urterekin.

Azterturiko aparatuen artean, gehientsuenek smartphoneak dituzte (batez beste, % 63k smartphone bat dute erabilera propiorako). Deigarria da smartphoneak gehienbat etxean erabiltzea (% 70), joan-etorrietan erabiltzeko gailu ohikoenak izan arren. 9 eta 10 urte arteko haurren % 50ek erabiltzen dute Internet egunero etxean, eta 15-16 urteko haurren % 90ek.

Eskola da Internetera sartzeko leku ohikoenetan bigarrena: batez beste, inkesta egin duten adingabeen % 15ek diote egunero erabiltzen dutela Internet eskolan. Eskolako erabilera, halaber, handitu egiten da adinaren arabera. Horrela, 9-10 urteko haurren artean, % 5 sartzen dira Internetera egunero, eta 15-16 urteko nerabeen artean, berriz, % 28. Alde izugarriak gorabehera, ez da ahaztu behar eskolek ahalmen handia dutela adingabeak sareko segurtasunaren inguruan hezteko, bereziki Internetik erabiltzen ez duten gurasoentzat. Gainera, eskolek berdinen arteko bitartekaritzarako aukera ere eman dezakete.

Sareko jarduera ohikoenen artean honako hauek daude: bideoklipak ikustea (% 85), eskolako lanak egitea (% 84), bat-bateko mezuak bidaltzea (% 68), beste pertsona batzuekin jolastea (% 48), partekatzeko edukiak argitaratzea (% 44), sare sozialetan ibiltzea (% 44) eta musika edo filmak deskargatzea (% 42). EU Kids Online (2010) inkestako datuei dagokienez, maiztasuna murriztu duten jarduera bakarrak sare sozialetarako bisitak eta musika edo filmen deskargak dira.

Deigarria da nola sare sozialen erabileraren maiztasuna eta intentsitatea murriztu diren eta nola bat-bateko mezuak ugaritu diren. Sare sozialen bidezko parekoen arteko eguneroko harremana areagotu egiten da adinarekin; nerabe helduenen % 17k erabiltzen dituzte egunero sare sozialak. Bat-bateko mezuen bidezko parekoen arteko kontaktua are handiagoa da: 13 urtetik aurrera, % 85ek baino gehiagok erabiltzen dituzte.

Tresnak erabiltzeko gaitasuna

Interneteko gaitasunen balorazio zehatzagoa egiteko, haurren trebetasun instrumentalak, kritikoak, komunikatiboak eta segurtasunari dagozkionak aztertu dira. Batez beste, adingabeek adierazi dute proposaturiko 12 trebetasunetatik ia erdiak dituztela (5,6). Trebetasunen batez bestekoa aldatu egiten da adinarekin: 9-10 urteko haurretako batzuek esan dute bi trebetasun dituztela, eta nerabe helduenetako zenbaitek, berriz, bederatzi.

Azterturiko alderdi horiekin guztiekin lotuta, Internet mugikorraren erabiltzaileen datuek alde handiak dituzte konektatzeko smartphonerik edo tabletarik erabiltzen ez dituztenekin. Internet mugikorra erabiltzen dutenak sarriago konektatzen dira egunero etxetik (% 92-94, % 26ren aldean); egunero maizago konektatzen dira eskolatik ere (% 20-21, % 7ren aldean); sare sozialak eta partekatzeko plataformak gehiago erabiltzen dituzte; eta egunero gehiago jartzen dira harremanetan gurasoekin sare sozialetan eta bat-bateko mezuen bitartez. Horrez gain, trebetasun gehiago dituztela diote: smartphoneen erabiltzaileek, batez beste, 7; tableten erabiltzaileek 6; eta ez smartphonerik ez tabletarik erabiltzen ez dutenek, berriz, 3. Datu horiek guztiek “erabileraren hipotesia” berresten dute: haurrek zenbat eta gehiago erabili Internet, orduan eta aukera gehiago dauzkate eta orduan eta trebetasun gehiago garatzen dituzte.

Sarean pairatzen diren arriskuak

Adingabeek Internet erabiltzean izan ohi duten arrisku ohikoena irudi sexualak online nahiz offline ikustea da; adingabeen erdiek baino gehiagok (% 52) baieztatu dute halako irudiak ikusi izan dituztela. Negatiboak izan daitezkeen irudiak ikustea ez ezik, nahiko ohikoa da erabiltzaileek sorturiko mezu sexualak jasotzea (gorrotoarekin, anorexiaren aldeko jarrerekin, autolesioarekin, droga kontsumoarekin edota suizidioarekin lotutakoak), ia hiru adingabetik batek (% 32k) esan baitute halako edukiak jaso izan dituztela.

Ildo horretatik, 9 eta 16 urte arteko umeen % 31k adierazi dute nolabaiteko jazarpena jasan dutela bai online bai offline. Alabaina, zertxobait txikiagoa da Interneten edota sakelako telefonoen bidez bullyinga jasan duten adingabeen kopurua: % 12.

Kontuan hartzekoa da, birusak eta datu pertsonalen erabilera okerra, adibidez, izan dituzten adingabeen datua: % 29. Adingabeen laurdenek baino pixka bat gehiagok (% 26) onartu dute Interneteko mendekotasunarekin lotutako bost jokabideetatik gutxienez bi esperimentatu dituztela.

Kalteari dagokionez, oro har adingabeen % 18k diote molestatu dituzten zerbait ikusi edo esperimentatu dutela Interneten. Bullyinga da, oraindik ere, jasaten dutenei (% 24) kalte handiena eragiten dien arriskua. Baina, nahiz eta nolabaiteko diskurtso sozial eta mediatikoa dagoen eta sare sozialek abusu egoerak areagotzeko aukerak ematen dituzten, oraindik bullying kasu askoz ere gehiago gertatzen dira aurrez aurre online baino, kaltetuen hitzetan.

Arrisku sexualak kalte eragileetan bigarrenak dira: online zein offline eduki sexualak ikusi dituzten bost haurretik ia bat minduta sentitu da.Hirugarrenik, mezu sexualak daude: adingabeen % 14k esan dute “oso” edo “zertxobait” haserre sentitu direla.

Gurasoen parte-hartzea erabileran

Datuek erakusten dute gurasoek antzera parte hartzen dutela erabileraren bitartekaritza aktiboan (% 84), segurtasunaren bitartekaritza aktiboan (% 84) eta bitartekaritza murriztailean (% 83); askoz ere gutxiago esku hartzen dute bitartekaritza teknikoan (% 29). Datuok EU Kids Online (2010) txostenekoekin alderatuta, ikus daiteke nabarmen areagotu dela segurtasunaren bitartekaritza aktiboa (% 63tik % 84ra) –gurasoek aholku gehiago ematen dizkiete seme-alabei nabigazio seguruari buruz–; halaber, erabileraren bitartekaritza aktiboa hobetu da (% 71tik % 84ra) –haiekin batera nabigatzen dute edo jarduera gehiago partekatzen dituzte–, eta bitartekaritza teknikoa ere bai (% 16tik % 29ra).

Bitartekaritza murriztailea, bestalde, pixka bat gutxiagotu da (% 85etik % 83ra). Bitartekaritzako adinaren intzidentziari dagokionez, haur gazteenek gurasoen bitartekaritza handiagoa izan ohi dute, eta 13 urtetik gorakoek, berriz, bitartekaritza handiagoa jasotzen dute berdinengandik.

Laburbilduz, eta nahiz eta adingabeak jabetuago dauden jazarpenarekin edo gatazka eragin dezaketen beste egoera batzuekin lotuta dauden arriskuen gainean, oraindik ere beharrezkoa da komunikazio mugikorra seguruago eta ardura handiagoarekin erabiltzen dela sustatzea. Horretarako, besteak beste, gurasoek eta adingabeek kontzientzia handiagoa izan behar dute pribatutasunarekin lotutako hainbat alderdirekin; salatzeko edo blokeatzeko diseinaturiko aplikazioak erabiltzeko gaitasunak garatu behar dituzte; geolokalizazioa nola erabili jakin behar dute; eta sareko gatazketan batzuetan gertatzen diren truke eskaladarekin zerikusia duten arriskuen jakitun izan behar dute.

Azkenik, ikerketak erakutsi du oraindik ere nolabaiteko desberdintasunak daudela adingabeen Interneteko erabileran, haien maila sozioekonomikoa zein den; bereziki, gurasoen bitartekaritzari dagokionez. Datuen arabera, familia behartsuenetako umeek bitartekaritza gutxiago jasotzen dute gurasoengandik. Hori dela eta, adingabeen inklusio digitala sustatzen duten egitasmoek lehentasuna izan behar dute aurrerantzean ere.

Txostena:
Uso de internet de los menores en España (2010-2015)

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Haurrak 7 urterekin hasten dira Internet erabiltzen.

Iruzkin 1

Eman iritzia

NETIKETAK – INFORMAZIO ETA KOMUNIKAZIO TEKNOLOGIAK HEZKUNTZAN

[…] Ikasleek gero eta lehenago,in situ eta online continuum batean bizitzen ari dira haien egunerokotasuna. Hezitzaileondako erronka, beraz, inguru fisikoan egiten dugun bezalaxe, digitalean ere ondo komunikatzen konpetente izan daitezen bermatze […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>