Gazteek Interneten bilatzen dute osasunari buruzko informazioa

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko COMSA (Komunikazioa eta Osasuna) ikerketa-taldeak “Osasunari buruzko komunikazio zientifikoaren azterketa eta baliabide digitalen kalitatearen balorazioa” ikerketa lana burutu dute. Ikerketan antzeman dute 12-24 urte bitarteko gazteek, oro har, osasunari buruzko informazioa Interneten bilatzen dutela. Horrez gain, ikerketak ondorioztatu du gurasoak, irakasleak edo medikuak bigarren mailan gelditzen direla hezitzaile gisa, sexualitatea edo elikadura osasuntsua bezalako gaietan.

gazteek internet erabiltzen dute osasunaz informatzeko
Irudia: “Osasunari buruzko komunikazio zientifikoaren azterketa eta baliabide digitalen kalitatearen balorazioa” ikerketaren arabera, gazteek Interneten bilatzen dute osasunari buruzko lehenengo informazioa.

2.0 komunikazioak irauli egin du medikuntzarekin eta osasunarekin lotutako gaietara heltzeko modua. Eta, Internetek irtenbideak ematen ditu informazio beharrizanetarako, eta, horrez gain, mediku profesionalei komunikazio eraginkorra ematea ahalbidetzen die. Hori dela eta, UPV/EHUko Komunikazioa eta Osasuna ikerketa-taldea (COMSA-Comunicación y Salud) osatzen duten Carmen Peñafielek, Milagros Roncok, Lázaro Echegarayk, Josemari Pastorrek eta Idoia Camachok Interneten osasunari buruz dagoen komunikazio zientifikoa eta baliabide digitalak aztertu dituzte. Lanak bi helburu zehatz izan ditu: alde batetik, webguneetan eta Interneten partekatzen den osasun informazioari buruzko kalitate irizpideak ezagutzea eta, bestalde, gazteek Interneten osasunari buruzko informazioa nola bilatzen duten jakitea, gazteentzat espainolez eta euskaraz dauden osasunari buruzko webgune nagusiak definitzeko asmoz.

Ikerketak ondorioztatu du 12-24 urte bitarteko gazteek, oro har, Interneten bilatzen dutela osasunari buruzko informazioa eta amak, aitak, irakasleak edo medikuak bigarren mailan daudela arlo horretan. Neska-mutilek informazioa Interneten bilatzeko interesa dute, batez ere elikadura osasungarriarekin, ariketa fisikoarekin eta buru osasunarekin lotutako gaiak direnean. Baina badira desberdintasunak ere, neskak gehiago arduratzen dira sexualitateaz, eta mutilak gaixotasun infekziosoez. Hala ere, COMSA ikerketa-taldeko Carmen Peñafiel ikertzailearen esanetan, gazteek Internet darabilte lehenengo informazioa lortzeko, baina: “ez diote erabateko fidagarritasuna ematen Interneten osasunari buruz aurkitzen duten informazioari”. Beraz, “belaunaldi digital” izendatu denarentzat –azaldu du Peñafielek– “Internet lehenengo informazioaren iturria da, baina inoiz ez behin betikoa, ezta baliagarria ere, gerora espezialista bati kontsultatzen ez bazaio”.

Webguneen fidagarritasun maila

Egiaztatu da gazte eta nerabeentzako osasunari buruzko webgune gehienek bete egiten dutela beren funtsezko helburua: ohitura osasungarrien inguruko hezkuntza ematea eta mendekotasunak eta gaixotasunak prebenitzea. “Aztertutako baliabide digitalen %83k ondo betetzen dute hezkuntza faktorea” azaldu du Peñafielek. Eta, hautatuen artean, onenetako batzuk “erakundeen webguneak, gobernuaren menpekoak edo nazioartekoak dira”. Gazteek konfiantza handiagoa dute webgune ofizialetan (esaterako, Osakidetzarena eta Osasun Ministerioarena). Fidagarriak dira, batez ere, erakundeenak direlako. Pribatuekin, ordea, ez da beste horrenbeste gertatzen.

Bestalde, gazteentzako osasunari buruzko informazioa duten webguneen lagin aleatorio batean ikusi zen webguneen %25 ez zela gazteei begira prestatu, ez zuela webgunean nabigatzea uzten, hainbat hilabete igaroak zirela eguneratu gabe eta PDFz beterik zeudela. Gazteak alertan jartzen dira edo mesfidati agertzen dira webgune horiek publizitate asko dutenean. Erabiltzaile gazteen ustez, “osasunari buruzko webgune idealak” oso praktikoa eta ikusgarria izan beharko luke, informazio eskuragarria eta fidagarria izan beharko luke, “elkarrekintza” egon beharko litzateke erabiltzaileen artean eta argi bereizi beharko lirateke “erabiltzaileen iritziak eta profesionalen kontseiluak”.

Internet da 21-24 urte bitarteko gazteen informazio iturri nagusia, baina nerabeek ez dute Internetera jotzen informazio iturri nagusi gisa: lehenengo gurasoak daude, eta ondoren medikuak. “Aintzat hartu behar da talde horrek plataforma ludikotzat duela Internet, eskolako lanetarako informazioa bilatzeko iturritzat; esaten dute gutxi fidatzen direla Internetekin” adierazi dute UPV/EHUko ikertzaileek.

Erreferentzia bibliografikoa:
C. Peñafiel, M. Ronco, L. Echegaray. “Estudio de la comunicación científica en salud para jóvenes y valoración de la calidad de los recursos digitales”. Revista Latina de Comunicación Social, 2015, 70. zbk, 300-321. or. DOI: 10.4185/RLCS-2015-1048

Iturriak: UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Internet, osasunari buruzko informazioa bilatzeko gazteen tresna hegemonikoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.