Nola irakatsi eskolan ahozko euskara?

Argitalpenak · EHUko ikerketa

Euskara batuak laster 50 urte beteko dituen arren, oraindik ez da azentuari buruzko arau ofizialik. Gutxiago intonazioari buruz. Honek euskarara inguru erdaren ereduak sartzea dakar. Areago, euskaldun berrien kasuan. Euskara irakasten ari den jendea ahozko euskara irakasteko tresnarik gabe aurkitzen da, bai euskaltegietan, bai ikastola-eskoletan.

Hutsune honen jabe izanik, UPV/EHUko EUDIA, Euskararen Bariazioa Aztertzeko ikerketa-taldeko ikertzaileek euskara estandarra ahoskatzeko lehenengo eredua plazaratu dute, baita hori eskolan nola irakatsi behar den landu ere.

1. irudia: Ahoskera lantzeko argibideak eta jarduerak. Laguntzarako materiala: teoría eta praktika, liburua.
Irudia: “Ahoskera lantzeko argibideak eta jarduerak. Laguntzarako materiala: teoria eta praktika” liburua.

“Bihar goizeko bederatzietan ikasgela beteko duten berrogeita hamar ikasleren aurrean ahoskeraz hitz egin behar dut, hain zuzen ere, prosodiaren ezaugarriez eta gaitasun hau lantzeko baliabideez. Han izango ditut ehun begi eta beste horrenbeste belarri zoli niri adi, ez dakit zer ez zelan azaldu…”

EUDIAko kideak diren, Iñaki Gaminde, Gotzon Aurrekoetxea, Aintzane Etxebarria, Urtza Garay eta Asier Romerok arestian aipatutako arrangurak bultzatuta Ahoskera lantzeko argibideak eta jarduerak. Laguntzarako materiala: teoria eta praktika liburua idatzi dute. Ikertzaileok diotenez “jakin badakigu galdera eta kezka guztiei ezin erantzun diezaiekeguna, baina gure lan hau bide ebakitzailea izango delakoan egin dugu”.

Ahoskera lantzeko argibideak eta jarduerak liburua hutsune hori betetzera dator, hala, euskara estandarraren azentua eta intonazioa ikertu dira bertan; eta hortik eredu bat atera da bai azenturako, bai intonaziorako. Eredu horietatik abiatuz ahozko euskara nola irakatsi behar den eskoletan landu da, bestalde.

Egileek eskolarako proposamen batzuk aurkezten dituzte eta esku-hartze didaktikoari begira, jolasen bidez lantzeko proposamen zehatzak egiten dituzte. Iñaki Gamindek, egileetariko batek, adierazi duenez, “gure lana lehen urrastzat baino ezin har daiteke eta argi ikusten dugu material berezitua egin beharko litzatekeela; bideojokoak, IKTen oinarritutako materialak, e.a. Hala ere, beharleku hori teoriaren aplikazioa izan beharko litzateke aurrerantzean garatzeko”.

Egileen ustez “ahozkoa ozta-ozta heldu da ikasgeletara, eta heldu denetan gehienetan ipuinen eta kultura tradizionalaren euskarri moduan heldu da. Ahozko euskara ez da modu sistematiko eta erregelatuan inoiz landu. Eta ez da landu oinarririk eta lanabesik edo bitartekorik izan ez delako“.

Azentu eta intonazioari buruzko webgune interaktiboa

Liburua “Creación del ToBI para la lengua vasca y las herramientas didácticas para su aplicación en la enseñanza de la lengua vasca (Ministerio de Economía y Competitividad)” ikerketa-proiektuaren emaitza da. Ikerketa-proiektu hau hiru urtekoa da 2011-2014 eta liburuak proiektu guztia laburbiltzen du, baina aldi berean hiru urte hauetan ekoitzi diren 22 artikulu zientifiko baino gehiagorekin joan da garatzen.

Bestalde, EUDIA ikerketa-taldeak eskuartean dituen proiektuen artean dago guztia online jartzea; hots, “euskara estandarraren azentu eta intonazioari buruzko webgunea sortzea. Webgune honek adibideak, ariketak, soinuak eta abar izango ditu”, gaineratu dute egileek.

Iturriak

UPV/EHUko komunikazio bulegoa: “Ahoskera lantzeko argibideak eta jarduerak” liburuak euskarazko azentuari eta intonazioari buruzko lehen eredua ezarri du.

EITB: Euskara batuaren azentu eta intonaziorako lehen eredua proposatu dute.

2 iruzkinak

  • Ikasgeletan ahoskera lantzeko ekimenak aztertu aurretik, ahoskerari dedikatzen zaion denbora kontuan hartu beharko litzateke. Edozein ikasgeletan egun osoko bisitaldia egingo bagenu ikusiko genuke idazkeraren pisua, denboran, eta entzumenaren lanketa, denboran, itzela dela. Idazkeari emandako denbora aldatzea erabakitzen ez dugun artean, jai izango dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.