Zaharra zara Bilbo

Biztanleria-proiekzioek biztanleriaren tamainarekin eta egiturarekin etorkizunean sor daitezkeen eszenatokiei buruzko informazioa ematen dute. Horrez gain, izan daitezkeen aldaketa-dinamikei buruzko datuak ere eskaintzen dituzte. Datuok funtsezko tresna bihurtzen dira hiri-plangintza, garraioa, mugikortasuna edo enplegu politikak diseinatzeko orduan. Izan ere, populazio egituraren bilakaerak eragina izango du gure gizartearen etorkizuneko garapenean, ondasun eta zerbitzu publikoetan eta pribatuen eskaeretan.
Hori dela eta, Bilboko eta bere barrutietako biztanleriaren epe laburreko zein ertaineko proiekzio bat landu dute UPV/EHUko Soziologia 2 Saileko kideak diren Marta Luxan eta Unai Martín ikertzaileek, Bilboko Udalak eskatuta: Bilbo, 2030. Bilbo hirirako eta barrutietarako demografia proiekzioak azterlana.
bilboko alde zaharra

Bilbo, 2030. Bilbo hirirako eta barrutietarako demografia proiekzioak txostenak, Bilboko udalerriaren tamainaren bilakaerari eta funtsezko ezaugarriei buruzko emaitza nagusiak jaso ditu, baita demografia fluxu nagusien joerak ere: jaiotzak, heriotzak eta migrazio mugimenduak. Proiekzioak lantzeko erabilitako metodologia Eustatek EAEko proiekzioak kalkulatzeko erabiltzen duen metodologia bera da, eta datu esanguratsuak eman ditu.

Azken hiru hamarkadetan, Bilbok pixkanaka populazioa galdu du, eta, horrez gain, bertan bizi den populazioa zahartu egin da modu progresiboan. Populazioa zahartzeko fenomeno horren faktore erabakigarriak izan dira 1970eko hamarkadaren amaieran jaiotze tasak nabarmen behera egin izanak, eta baita, hilkortasun tasak behera egin izanak ere. Mende honetako lehenengo hamarkadaren amaiera arte migrazio saldo positiboak hazkunde natural negatiboa konpentsatzea lortu du.

Etorkizunean ere populazioaren zahartze-prozesuak aurrera egingo du, izan ere, 2030ean Bilbon adineko biztanle gehiago egongo da eta gutxiago izango dira tarteko adineko biztanleak zein biztanle gazteak. Adineko biztanleei erreparatuz, 2030ean Bilbon biziko den 65 urtetik gorako pertsonen kopurua 14.985 pertsonakoa izango da, hau da, gaur egun baino % 18,9 gehiago izango dira. Hazkunde hori bereziki nabarmena izango da pertsona zaharrenen artean, izan ere, Bilboko 85 urtetik gorako biztanleek % 37,6ko gorakada ezagutuko dute, hau da, 4.774 pertsona gehiago izango dira.

Grafikoa: Adin-talde bakoitzaren pisuaren bilakaera biztanleriaren guztizkoarekiko. Bilbo 2013 eta 2030.

Grafikoa: Adin-talde bakoitzaren pisuaren bilakaera biztanleriaren guztizkoarekiko. Bilbo 2013 eta 2030.

2030ean, Bilbok 322.360 biztanle edukiko ditu guztira, hau da, 2013ko datuekiko % 7,9ko beherapena ezagutuko da Bilbon, edo beste modu batera esanda, 27.509 pertsona gutxiago izango dira. Mende hasieran egonkor mantendu zen biztanle kopurua, baina 2010ean murrizketaren bideari ekin zion Bilboko biztanleriak, eta datozen urteetara begira, murrizketa gero eta azkarragoa izango dela aurreikusi da. Horrela, gaur egun bizi dugun hamarkadaren bigarren zatirako aurreikusi dira biztanleria-galera handienak: % 0,8-0,9 biztanle galduko dira urtean. Ondorengo hamarkadetan ez da hain nabarmena izango biztanleriak ezagutuko duen beherakada eta 2020 amaierarako nolabaiteko egonkortasuna lortuko da berriro ere.

Bilboko kasuan, zenbatu den biztanleria-galera Bizkairako zenbatu dena baino nabarmenagoa da: 2013-2026 aldian Bilbok bere biztanleriaren % 7,7 galduko duen bitartean, Bizkaian % 5,6koa izango da galera. Biztanleria-galerak ezagutuko duen areagotzea jaiotza kopuruak izandako murrizketak eragingo du, nagusiki, heriotzen kasuan egonkorrago izango baita bilakaera. 2025ean 2.300 haur baino pixka bat gutxiago jaioko dira Bilbon, hau da, 2008an baino 948 jaiotza gutxiago izango dira (% 29ko beherakada).

Migrazio-saldoaren kasuan ere biziagotu egingo da beheranzko joera datozen urteetan, etorkin gutxiago etorriko baitira. 2020ko lehen hamarkadaren hasieratik aurrera saldo hori positiboa izango dela aurreikusi da.

Laburbilduz, ikerketaren emaitzak adierazten du:

  • 2030. urtera begira Bilbon eta haren barrutietan egun dauden baino biztanle gutxiago izango direla eta aurreikuspenen arabera, populazioaren beherakada portzentuala handiagoa izango da Bilbon Bizkaian baino. Izan ere, 2013-2016 artean hiriaren populazioak % 7,7 egingo du behera, eta lurraldekoak, berriz, % 5,6.
  • Horrez gain, zaharragoa izango da populazioa: 2030. urtean, 65 urtetik gorakoak izango dira Bilbon biziko diren ehun pertsonatik 29. 65 urtetik beherako populazioak 42.672 pertsonatan egingo du behera, eta bereziki 30 eta 49 urte arteko 32.400 pertsona gutxiago egongo dira. Ondorioz, adin aktiboan izango den populazioaren ordezkapen tasa txikiagoa izango da. Lan merkatuan sartzeko adinean dauden pertsona kopurua gero eta txikiagoa izango da, lan merkatua uzten duten pertsonekin alderatuta.

Iturria:
EHUko komunikazio bulegoa: Bilboko Udalak eta UPV/EHUk hiriari buruzko azterlan demografiko bat aurkeztu dute.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>