Ingurune berdearen ekosistemen zerbitzuen balioa

EHUko ikerketa

UPV/EHUko Paisaia, Biodibertsitatea eta Ekosistemen Zerbitzuak ikerketa-taldeak Bilbo aldeko 500 pertsona elkarrizketatu ditu, ekosistemen zerbitzuei buruz duten iritzia ezagutzeko. Ikertzaileen aburuz, lurzoru-erabileraren plangintzak bideratzean, ezinbestekoa da herritarren pertzepzioa aintzat hartzea, bai ekosistemen zerbitzuak bai pertsonen ongizatea bermatzeko.

ingurune
1. irudia: Bilbo aldean dagoen ingurune berdea.

Izaskun Casado Arzuagaren arabera, askok uste duten baino zerbitzu gehiago eskaintzen dituzte ekosistemek. Izan ere, haien balioa ez da paisaiara, estetikara eta aisialdirako ematen dituzten aukeretara mugatzen. Paisaia, biodibertsitatea eta ekosistemen zerbitzuak ikerketa-taldeko kideetako bat da Casado, eta, haren ustez, garrantzitsua da ekosistemek eskaintzen dituzten bestelako zerbitzuak gogoraraztea. Horien artean, hornidura-zerbitzuak aipatu ditu, hala nola elikagaiak, ura, energia eta materialak; eta baita erregulazio-zerbitzuak ere: uraren eta airearen kalitatea bermatzea, uholdeetatik babestea… Hala, “zerbitzu horietako asko doakotzat jotzen ditugu, baina preziorik ez duten onurak oso baliotsuak eta beharrezkoak dira”, esan du Casadok.

Ikertzaileek azaldu dutenez, Bilbo metropolitarrak gizakiak eragindako aldaketa ugari jasan baditu ere, ingurune berdeak azaleraren %75 hartzen du. “Bertan badira mendiak, basoak, urtegiak, ibai eta errekak, hondartzak, padura eta dunak, itsaslabarrak eta sastrakadiak”, zehaztu dute.

Baina zer balio ematen diete herritarrek ekosistema horiek eskaintzen dituzten zerbitzuei? Hori jakiteko, ikertzaileek bostehun lagun elkarrizketatu zituzten eta 30 galdera egin zizkieten.

Erantzunen arabera, galdeturiko ia pertsona guztiak jabetu dira ingurune berdeak ekosistema-zerbitzuak ematen dituela, eta balioetsi eta estimatzen dituzte. Alabaina, pertsona horien ia %80k kultura-zerbitzuak identifikatzen baditu ere (aisialdia, paisaia, atsedena…), heren batek baino ez ditu erregulazio-zerbitzuak identifikatzen, eta are gutxiagok (%1,8) identifikatzen ditu ekosistemen hornidura-zerbitzuak.

Horrez gain, inkestak agerian utzi du zerbitzurik baloratuenak airearen kalitatea hobetzea eta biodibertsitatearen kontserbazioa direla. Bestalde, inkestari erantzun dioten gehienak (%88) prest daude eremua kontserbatzen laguntzeko. Erabaki horretan eragin positiboa duten ezaugarri sozio-ekonomikoak dira, besteak beste, jatorri urbanoa edukitzea, gaztea izatea, babestutako eremuak bisitatzea eta emakumea izatea.

ingurune
2. irudia: Izaskun Casado doktorea, ikerketa aurrera eraman duen ikertzailea.

Herritarren parte-hartzea: beharrezkoa

Emaitzak ikusita, ikertzaileak ohartu dira herritar asko ez direla gai hornidura-zerbitzuak identifikatzeko. Izan ere, nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduerak nahiko urriak dira inguru horretan. Herritarrek, ordea, oso ondo baloratzen dituzte, inkestatu gehienak nekazaritza-eremuak bultzatzearen alde azaldu baitira. Eta beste eskaera bat ere egin diete kudeatzaileei: ingurune berdeko ekosistemen balioa azpimarratzea eta erregulazio egokia ezartzea.

Hain zuzen ere, ikertzaileek adierazi dute, ekosistemen etorkizunaz erabakitzeko, beharrezkoa dela ikerketa eta herritarren parte-hartzea sustatzea. Haien esanean, “Bilboaldeko ingurune berdeko ekosistemen etorkizunaz erabaki ahal izateko, ahalik eta informaziorik handiena eta ezagutzarik sakonena izan behar dugu gaur egungo egoeraz eta etorkizuneko aukerez”.

Horrenbestez, ezinbestekotzat jo dute halako ikerketak egitea, eta erabakiak hartzen dituztenek aintzat hartzea emaitzak. “Ekosistemek eskaintzen dizkiguten zerbitzuak eta biztanleen iritzia ezagututa, oinarri sendoa izango dugu nolako etorkizuna nahi dugun jakiteko”, ondorioztatu dute.

Iturria:

Citizens in Greater Bilbao regard the services of the Green Belt ecosystems as highly beneficial

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.