Biosfera Erreserbak on egin dio Urdaibaiko bizi-kalitateari

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Biosfera Erreserba izendatu zuen Unescok Urdaibai 1984. urtean. 220 km-ko azalera du eta egun Euskal Elkarte Autonomoko hezegune handiena da. Eremu babestuek helburu nagusi eta bakarra zuten hasiera batean, biodibertsitatea babestea; gaur egun, ordea, pertsonen ongizatea sustatzea ere bada haien xede. Hala berresten du Miren Onaindiak, Garapen Iraunkorra eta Ingurumen hezkuntzarako Unesco Katedraren zuzendaria UPV/EHUn, “Biosfera erreserba baten erdigunea pertsona da“.

Horren harira Nekane Castillo ikertzaileak Urdaibai Biosfera Erreserbaren bilakaera sozioekonomikoa ikertu du helburu zehatz batekin: “jakiteko Biosfera Erreserbaren izendapenak kalte edo on egin ote dion Urdaibaiko biztanleriari”, azaldu du ikertzaileak. Busturialdeko eta Uribe Kostako aldagai sozioekonomikoak, kulturalak eta lurraren erabilerarekin lotutako aldagaiak aztertu ondoren emaitzak adierazten dute: ez duela eragin negatiborik izan biztanleengan, ingurunearen kontserbazioa bermatzen duela eta horrek tokiko garapen sozioekonomikoa eta kulturala bultzen lagundu duela.

Irudia: Urdaibaiko Biosferaren irudia airetik hartuta. UPV/EHUko ikerketa baten arabera Biosfera Erreserbaren izendapenak herritarren bizi-kalitatea hobetu du.

Eremu babestuek helburu nagusi eta bakarra zuten hasiera batean, biodibertsitatea babestea; gaur egun, ordea, pertsonen ongizatea sustatzea ere bada haien xede. Ingurune baten kontserbazioaren eta haren garapen sozioekonomiko eta kulturalaren arteko loturaren inguruan eztabaida handia dago gizartean. Hain zuzen ere, Urdaibai Biosfera Erreserba izendatu eta Erabilera eta Kudeaketara Plan Gidaria onetsi zenetik (1993), hainbat jarduera debekatu eta hainbat ustiapen-mota mugatu dira, eta horrek eztabaida handia eragin du biztanleen artean. Urdaibaiko herritar asko ez dago ezarritako muga horiekin ados eta, beste batzuen ustez, ezarritako neurriak ez dira nahikoak kontserbazioa ziurtatzeko.

Eztabaida hori argitzearren, Urdaibai Biosfera Erreserbaren bilakaera sozioekonomikoa ikertu du UPV/EHUko Landare Biologia eta Ekologia Saileko Nekane Castillo ikertzaileak. Busturialdeko eta Uribe Kostako hainbat aldagaik Plan Gidaria onartu zenetik gaur egun arte izan duten bilakaera aztertu eta alderatu dute ikerketan, “bi eskualdeok elkarrengandik hurbil baitaude eta antzeko ezaugarriak baitituzte”. Zehazki, hiru aldagai-mota izan dituzte langai: lurraren erabilerari buruzko aldagaiak (labore-lurrak, hiri-lurrak, pinu-landaketak, eukalipto-landaketak, baso autoktonoa…), aldagai sozioekonomikoak (enplegua eta langabezia, BPGa, biztanleria…) eta kulturalak (euskararen erabilera, hezkuntza-maila…). Bestalde, ingurunearen jasangarritasun-indize bat atera dute, kontsumitzen den uraren araberakoa, sortzen den zaborraren araberakoa eta abar.

Adierazle horien guztien azterketa estatistikoak egin ondoren, ikertzaileek ondorioztatu dute bi eskualdeek antzeko joera izan dutela, hau da, bi eskualdeen aldagai sozioekonomiko eta kulturalak parekoak direla. “Alde batetik, landa-jarduera tradizionalak bertan behera utzi dira, eta ingurumenean hainbeste kalte eragiten duten pinu-landaketak urritu egin dira, haien ordez hiri-lurrak eta tokiko espezieak zabalduz”, azaldu du Nekane Castillok. Bestalde, ikertzaileek hauteman dute hirugarren sektorea, turismoarekin lotutakoa, hazi egin dela, bai eta ongizatea (errenta, barne-produktu gordina, goi-mailako hezkuntza eta enplegua) eta jasangarritasuna ere. Dena dela, ikertzailearen esanetan, “oro har, Urdaibai Biosfera Erreserbaren azaleraren erdia pinudi-landaketak diren arren kontserbazio-baldintza hobeak eta landa-eremuko baldintza hobeak ditu Uribe Kostak baino, eta aldagai sozioekonomikoak eta kulturalak pareko mantentzen dira”.

Castilloren iritziz, “horrek esan nahi du Biosfera Erreserbaren izendapenak ez duela herritarren gain eragin kaltegarririk izan, eskualdearen kontserbazioa bermatzen duela eta litekeena dela horrek eskualdearen garapen sozioekonomikoa eta kulturala bultzatu izana. Zenbait aldaketa egin behar badira ere pinudiak baso autoktonoz ordezkatu eta nekazaritza-jarduerak bultzatzeko, eremu babestuaren izendapenak helburuak bete ditu jasangarritasunari dagokionez, eta esan dezakegu eskualdeko populazioaren bizi-kalitatea handitzen dutela”.

Erreferentzia bibliografikoa

Castillo-Eguskitza, N., Rescia, A. J., Onaindia, M. 2017. “Urdaibai Biosphere Reserve (Biscay, Spain): Conservation against development?”. Science of the Total Environment 592, 124-133.

Iturria

UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Urdaibai Biosfera Erreserba izendatzeak herritarren bizi-kalitatea hobetu du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.