Bilboko ekosistema-zerbitzuen eskaintzaren eta eskariaren arteko desorekak neurtu dituzte

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

UPV/EHUn egindako azterlan batean, indize bat definitu dute hiriko espazio berde eta urdinek ematen dituzten hiru ekosistema-zerbitzuren eskaintzaren eta eskariaren arteko desorekak ebaluatzeko (jariatze-urak atxikitzea, airea araztea eta ingurunea hoztea), eta etorkizuneko plangintza-prozesuetako helburu espezifikoak zehazteko. Bilbon aplikatu dute metodologia, eta, emaitzen arabera, lehentasuna eman behar zaie Abando eta San Frantzisko auzoei.

Hiri-garapenari lotutako inpaktuak eta presioak murrizten laguntzen dute hiriko ekosistemek. Hirietako gizarteak hain beharrezko dituzten ekosistema naturaletatik urruntzen ari direnez, inoiz baino garrantzi handiagoa ari dira hartzen hiri-ekosistemak pertsonen ongizaterako, eta azpiegitura berdea —hiriko espazio berde eta urdinez osatua— ondorio garrantzitsuak ari da eragiten hirien etorkizunerako, naturaren eta pertsonen arteko zubi garrantzitsua baita. Eremu naturalen eta erdinaturalen sare estrategikoki planifikatuak dira azpiegitura berdeak, eta ekosistema-zerbitzu ugari (pertsonek naturatik eskuratzen dituzten onurak) eskaintzeko diseinatu eta kudeatutako ingurumen-ezaugarriak dituzte.

hiri-ekosistemak
Irudia: inoiz baino garrantzi handiagoa ari dira hartzen hiri-ekosistemak pertsonen ongizaterako. (Argazkia: javierAlamo – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

“Aisialdirako eta olgetarako guneak izateaz gain, berdegune batetik hurbil egoteak ongizatea sentiarazten baitu, hiriko azpiegitura berdeek zerbitzu ekosistemiko garrantzitsuak ere eskaintzen dituzte, hala nola airea arazten dute, hiriko tenperatura erregulatzen edo jariatze-urak atxikitzen —dio Beatriz Fernández de Manuel UPV/EHUko Landare Biologia eta Ekologia Saileko eta Garapen Iraunkorrari eta Ingurumen Hezkuntzari buruzko UNESCO katedrako ikertzaileak—. “Hiriguneetako berdeguneak, parkeak eta eremu ‘naturalenak’ hobeto kudeatuz, hirietan bizi diren pertsonen bizi-kalitatea eta ongizatea hobetu daiteke”.

Oro har, hiri-gainazal iragazgaitzek mesede egiten diete prezipitazioek eragindako azaleko jariatze-urei; izan ere, landarez osatutako estalki trinkoa duten hiri-berdeguneek jariatze-urak atxikitzeko eta iragazteko gaitasun handiagoa dute, eta uholdeak prebenitzeko baliabide naturala dira. Gainera, halako eremuek airea arazteko ahalmena ere handitzen dute, landare-estalkiak eragina baitu kutsatzaileak xurgatzeko, sakabanatzeko eta/edo metatzeko prozesuan. Landarediak inguruko airearen tenperatura ere murriztu dezake, zuhaitzen adaburuen azpian itzala sortzen baita eta egunean zehar ebapotranspirazioa gertatzen baita.

Hiri-mota guztietarako balio duen indizea

Beatriz Fernández de Manuel ikertzaileak hiriko azpiegitura berdearen eraginkortasunaren adierazle berri bat proposatu du, ekosistemen zerbitzuen ebaluazioan oinarritua: “Indize horrek aukera ematen du gaur egun udalerriek duten azpiegitura berdearen kalitatea ebaluatzeko, edo azpiegitura berdearen elementu berriak planifikatzeko udalerrietako hirigintzan”. Ikertzaileak azpimarratzen du garrantzitsua dela arlo horretan eragiteko lekuak lehenestea.

Aipatutako hiru zerbitzu ekosistemikoen eskaintzaren eta eskariaren arteko desorekak aztertu dituzte ikertzaileek Bilbon, hiriko auzuneen mailan, eta “emaitzek erakusten dute desoreka nabarmena dagoela azterketa-eremuko zerbitzu ekosistemikoen eskaintzaren eta eskariaren artean”, dio Fernández de Manuelek. Zer eremutan esku hartu behar den eta zer jarduera proposatzen duten jakinarazi diote Bilboko Udalari jada. Ikertzaileak bereziki azpimarratzen ditu Abando eta San Frantzisko auzoetako desorekak.

Hala ere, “indizea Europako zein Euskadiko edozein udalerritako edozein auzotan aplika daiteke, auzo-eskalara egokituta baitago. Hiri baten barruan, auzoen ezaugarriak desberdinak izan daitezke, eta, gainera, kontuan hartu behar da auzo bakoitzeko biztanleria zein den”. Ikertzaileen asmoa da “zerbitzu ekosistemiko gehiago ikertzen jarraitzea; izan ere, udalerrietako espazio berde eta urdinek hiru zerbitzu baino gehiago eskaintzen dituzte, adibidez, karbono-metaketa, klima-aldaketa arintzen laguntzen duena; olgeta-zerbitzua, han bizi diren pertsonen aisialdia bultzatzen duena, etab. Horien guztien ebaluazioak egiteko metodologiak garatzen jarraituko dugu”, esan du.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Hiriko azpiegitura berdeak hobetzeko jarduerak eta eremuak lehenesteko indize bat proposatu dute

Erreferentzia bibliografikoa:

Fernández de Manuel, B., Peña, L., Ametzaga, I., Onaindia, M. (2020). Gida praktikoa ekosistemen zerbitzuak lurralde- eta hirigintza- plan eta -programen formulazioan integratzeko. Universidad del País Vasco (UPV/EHU). Leioa, España. ISBN: 978-84-1319-238-3.

3 iruzkinak

  • […] Zientzia Kaieran irakur daitekeenez, Bilboko ekosistema-zerbitzuen eskaintzaren eta eskariaren arteko desorekak neurtu ditu Euskal Herriko Unibertsitateak. Indize bat diseinatu dute hiri bizkaitarreko espazio berde eta urdinek ematen dituzten hiru ekosistema-zerbitzuren eskaintzaren eta eskariaren arteko desorekak ebaluatzeko. Gainera, hiri-mota guztietarako […]

  • […] berdeguneek eragin positiboa dute osasunean. Bai, geroz eta ugariagoak dira baieztapen hau babesten dituzten ikerketak. Nahiz eta hainbat teoria duela urte askokoak izan, ingurumen epidemiologiako arloan duela 5-10 […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.