Lan honetan INDICATE izeneko proiektua aurkezten da, non minbiziaren diagnosi goiztiarrerako eta tratamenduen egokitzapenerako kontzeptu berri bat proposatzen den.
INDICATEk “IN vitro DIagnostics for CAncer TEsting” edo “Minbiziaren in vitro diagnosi testa” esan nahi du. Proiektuaren helburu nagusia ekonomikoki jasangarria izango den eta minbizi ezberdinen azterketarako malgutasuna emango duen Lab-on-a-Chip prototipo bat gauzatzea da. Horrela, laborategiko hainbat funtzio bilduko dituen gailu hibrido miniaturizatu batekin odoleko DNA zirkulatzailea analizatu eta kasuan kasuko mutazioaren presentziarik ote dagoen ezagutu nahi da.
INDICATE gailua ClearBlue obulazio testaren antzeko in vitro diagnosi tresnetan inspiratuta dago, baina funtzionamendu askoz konplexuago batekin. Pazientearen odol lagin bat erabiliz minbiziaren diagnostiko goiztiarra ahalbidetuko duen “biopsia-likidoa” izango da. Mota honetako sistema integratu multifuntzionalak garatzean ohikoa izaten da prototipoen ekoizpena era modularrean bideratzea, modulu bakoitzak laborategiko funtzio bat biltzen duelarik.
Adibidez, kasuan kasuko minbiziaren mutazioa identifikatuko duten zunden diseinua, edota laborategiko prozesu ezberdinak era miniaturizatuan gauzatzeko beharko diren egitura mikro-fluidikoen fabrikazio eta funtzionamendua. Helburu hauek lortzeko fabrikazio teknika ezberdin ugari daude eskuragarri. Lan honetan erabilera anitzetarako balio duen 3D inprimaketa bezalako teknika erraz eta merkea aukeratu da, gailu mikro-fluidiko ezberdinak garatzeko optimizazio etapan eskaintze dituen abantailengatik.
Esate baterako, diseinu egokienaren aukeraketarako, iterazio ezberdinak sortu eta probatzeko modu erraz eta azkar batean egitea baliatzen dutelako. Modu horretan, INDICATE gailuan integratuko diren operazio ezberdinen miniaturizazioa frogatu da. Halaber, lagina prestatu eta odola filtratzeko sistema, seinalearen anplifikatze gunea, likidoaren mugimendu autonomorako ponpa autopropultsatuak eta guztia bilduko duen txip hibridorako hurbilpen bat.
INDICATE gailuak gaur egungo gizartearen erronka nagusienetako batean inpaktua izatea bilatzen du, biztanleriaren osasunean eta ongizatean eragin eta bi hauek hobetze aldera. Hori lortzeko Horizon 2020 (H2020) Europar Batasuneko Ikerketa eta Berrikuntza programak definitu duten bezala, ezinbestekoa da ekonomikoki jasangarria izango den kalitatezko osasun eta arreta sistema bat ezartzea.
Europar Batasuneko, bai eta Euskal Herriko gizarteari dagokionez, bizi esperantza gero eta handiagoa da eta, ondorioz, biztanleria gero eta zaharragoa. Zahartzearekin zuzenean lotutako gaixotasunen artean, aipatzekoa da minbiziaren hedatzea nabarmena izan dela azken hamarkadan. Honekin batera, gaixotasuna garaiz antzematea ezinbestekoa dela ikusi da, pazientea gaixotasunaren hasierako etapetan tratatu ahal izateko eta etapa horietara hobekien egokitutako terapiak aplikatuz gaixotasunaren garapena gelditu ahal izateko.
Beraz, ildo horretan, ezinbestekoa da sintomak erakusten dituen pazienteei medikuaren kontsultan bertan, in situ, analisi bat egin eta berandu baino lehenago minbizia ote duen aztertu ahal izatea. Horregatik, lan honetan bildu diren emaitzek bide itxaropentsu bat zabaldu dela erakusten dute, izaera ez-inbaditzaile eta eramangarria duen prototipo honen proposamen hau, laborategitik urrun eta makina espezializatu garestirik erabili gabe analisia gauzatu ahal izateko gai izango delako. Gainera, proposatu den diseinuari esker, gailuak hainbat minbizi ezberdinen mutazioak aztertzeko malgutasuna ematen du, modulu bat aldatuz gailua mutazio bat edo beste detektatzeko erabili ahal izango delako. Era berean, odoleko DNA zirkulatzailean diagnostikatu ahal diren beste gaixotasun ugari detektatzeko baliogarria izango dela uste da
Artikuluaren fitxa
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ale berezia. 2018
- Artikuluaren izena: Diagnosi azkarrera bideratutako gailu mikro-fluidikoen garapen eta azterketa.
- Laburpena: Lan honetan minbiziaren diagnosi goiztiarrerako eta tratamenduen egokitzapenerako kontzeptu berri bat aurkezten da, non gailu hibrido miniaturizatu batekin odoleko DNA zirkulatzailea analizatuz, kasuan kasuko mutazioaren presentziarik ote dagoen ezagutu nahi den. Egitura hibridodun gailua paperezko zein material polimerikozko mikro-egituraz osatuta egongo da, eta laginaren prestakuntzarako, seinalearen anplifikaziorako eta detekziorako modulu ezberdinak izango ditu. Halaber, analisiakin situ egin eta emaitzak denbora gutxian eskuratzeko aukera emango digu, kostu gutxiko analisiekin pazientearen jarraipen egokituago bat egin ahal izateko.
- Egileak: Jaione Etxebarria-Elezgarai, Susana Carregal-Romero, Charles Lawrie, Fernando Benito-Lopez, Lourdes Basabe-Desmonts.
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 115-126
- DOI: 10.1387/ekaia.17997
Egileez: Jaione Etxebarria-Elezgarai eta Irene Urcelay-Olabarria UPV/EHUko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Saileko BIOMICS-microfluidics Research group, Microfluidics Cluster UPV/EHU ikerketa taldeko ikertzaileak dira; Susana Carregal-Romero CIC biomaGUNEko Bionanoplasmonics Laboratory guneko ikertzailea da; Charles Lawrie Ikerbasque ikertzailea da Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko Onkologia Sailean dabil, Fernando Benito-Lopez UPV/EHUko Kimika Analitiko Saileko AMMa LOAC Research Group, Microfluidics Cluster UPV/EHU ikerketa taldean dabil eta Lourdes Basabe-Desmonts Ikerbasque ikertzailea da UPV/EHUko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Saileko BIOMICS-microfluidics Research group, Microfluidics Cluster UPV/EHU ikerketa taldean.