Ziurgabetasuna eta ustekabea omen dira musikaren arrakastaren gakoak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Ikertzaile talde batek ondorioztatu duenez, abesti bat denboran garatzen den heinean, etorri behar den akordeari buruzko espektatibak sortzen ditu entzuleak, eta horrek plazera eragiten dio.

“Mendian gora, burua galtzen dut maiz, herriko kaletan sarritan galdu izan naiz”. Bai, egia. Hobe honekin ez jarraitzea. Bestela, badakizu, arrisku bat badago. Zauden tokian zaudela, abesti hori buruaren barrenean bete betean sartuko zaizu. Eta zure alboan kokatzen den ahots ikusezin batek behin eta berriz kantatuko dizu melodia hori. Berdin aldapan gora ala aldapan behera joan, zoratuko zara.

Modu informalean bada ere, fenomenoari belarriko harra deitu zaio, eta, askotan, abesti baten arrakastaren muinean dago. Halako melodien arrakastaren atzean egon daitezkeen gakoak zeintzuk diren asmatzen saiatu dira aspalditik zientzialariak. Ezagutza eskuratzeko grina baino zertxobait gehiago egon da halako interesen abiapuntuan: musikaren inguruan dabilen industriarentzat, noski, ezinbestekoa izan daiteke udako arrakasta fabrikatzeko formula asmatzea.

Norabide horretan doazen ahaleginak mantendu dira ikerkuntzan, eta oraingoan beste aurrerapauso bat iragarri dute. Current Biology aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean proposatu dute musika entzutean jasotzen dugun plazera ziurgabetasunaren eta ustekabearen arteko konbinazio egokian abiatzen dela.

1. irudia: Melodia baten arrakastaren atzean egon daitezkeen oinarrien bila ibili dira zientzialariak aspalditik. (Argazkia: Marius Masalar / Unsplash)

Ikerketa burutu ahal izateko Ameriketako Estatu Batuetako Billboard zerrenda ospetsuetan oinarritu dira. Zehazki, 1958-1991 urte tartean izandako arrakasten zerrenda horietan dauden pop generoko 745 abestitan bildutako 80.000 akorde erabili dituzte. Ikasketa automatikoko eredu bat baliatu dute akorde horiek sortzen dituzten ziurgabetasuna eta ustekabea kuantifikatzeko.

Parte hartzaileek abesti desberdinekin izan zitzaketen bestelako esperientzietan abiatutako alborapenak baztertzeko, letrak eta melodiak kendu dituzte. Modu horretan, eta abesti bakoitza funtsezkoak diren oinarrietara eraman nahian, akordeen progresioa baino ez dute erabili (musikan, hiru eta zazpi nota artean batera jotzen diren unitate harmonikoak dira akordeak).

Egiaztatu ahal izan dutenez, akorde baten ostean etorri behar zen akordeari buruz nolabaiteko ziurtasuna zeukatenean, parte hartzaileentzat atsegingarria izan da espero ez zuten akorde bat entzutea. Baina ikertzaileek kontrako fenomenoa ere ikusi dute: zer etorri behar zen ez zekitenean, etortzen ziren akordeak guztiz ezustekoak ez izanagatik atsegina hartu dute.

Max Planck institutuko ikertzaile Vincent Cheung-ek modu honetan laburbildu du ikerketa: “Geroago gertatuko dena jakitearen eta espero ez genuen zerbaiten aurrean ustekabea izatea; segurenera bi faktore horien arteko oreka egokia mantentzen duten abestiak dira atsegingarritzat jotzen ditugunak”. Horri azalpen bat ematen saiatu dira. “Abestia denboran garatzen den heinean, musikak entzulea espektatibak etengabe sortzera eta konpontzera bultza ditzake, eta modu horretan plazera sor dezake”, idatzi dute zientzia artikuluan.

Funtsean, ikerketa honetan azaldu ahal izan dute konpositoreek modu intuitiboan aspaldidanik zekitena: musikan jarraian etorri behar denari buruzko usteak abiatzen duela plazeraren prozesua. Zientzialariek beraiek nabarmendu dutenez, orain arte gaiaren inguruan egin diren azterketa gehienek ezustekoaren ondorioak ikertu dituzte, baina ez dute aztertu entzute prozesuan ziurgabetasunak izan dezakeen eragina.

2. irudia: ABBA taldearen ‘Knowing Me, Knowing You’ abestiak sortutako plazera, datuetara eramanda. Plazera modu ez jarraian aldatuz doa, ziurgabetasunaren eta ustekabearen arabera. (Irudia: Cheung et al. / Current Biology)

Erresonantzia Magnetikoa erabili dute akordeen lagin bat entzun duten 40 bat parte-hartzaileren garunak aztertzeko. Horren bidez, ikusi dute plazera hiru tokitan islatzen dela: amigdalan, hipokanpoan eta entzumen-kortexean. Amigdalak emozioen prozesamenduan parte hartzen du, eta hipokanpoa, berriz, ikasketaren eta memoriaren alorrean funtsezkoa da. Haren izenak adierazten moduan, berriz, entzumen-kortexak soinuaren prozesamenduan garrantzia dauka. Beste alde batetik, ikusi dute sarien aurreikuspenak maneiatzen duen accumbes nukleoa dela ziurgabetasuna islatzen duena, baina eremu horrek ez duela eraginik musikaren plazerean.

Halako aurreikuspenak sortzen diren garunaren toki zehatza seinalatzen ausartu dira: “Baliteke akordeen gaineko espektatiba hauek, neurri batean bederen, beheko zirkunboluzio frontalean sortzea; eremu honetan musikaren estrukturen espektatibetan desbideraketak agertzen dira” idatzi dute.

“Atzera begirako eta aurrera begirako itxaropen egoeren arteko elkarrekintza dinamikoaren araberakoa da musikaren bitartez sortzen den plazera”, laburbildu dute ikertzaileek. “Aurreikusteko dugun oinarrizko gaitasuna mekanismo garrantzitsua da, eta horren bidez soinu sekuentzia abstraktuek esanahi afektiboa hartzen dute. Modu horretan sortzen da musika izendatzen dugun fenomeno kultural unibertsal hori”.

Hurrengo erronkei dagokienez, espero dute irakaspen hau dantza edota zinema bezalako arteetan erabili ahal izatea. Baina musikaren alorrean ere badaude ekarpenak egiteko aukerak. Hala, proposatu dute musika artifiziala sortzeko prestatzen diren algoritmoak hobetzeko erabil daitezkeela irakaspenak.

Erreferentzia bibliografikoa

Vincent K.M. Cheung, Peter M.C. Harrison, Lars Meyer, Marcus T. Pearce, John-Dylan Haynes, Stefan Koelsch, (2019). Uncertainty and Surprise Jointly Predict Musical Pleasure and Amygdala, Hippocampus, and Auditory Cortex Activity. Current Biology, DOI: https://doi.org/10.1016/j.cub.2019.09.067


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.