Lurraren magnetismoaz (I)

Zientziaren historia

Nahiz eta Mendebaldean XII. mendetik den ezaguna orratz imanduek iparraldera seinalatzen dutela, Lurraren magnetismoarekiko interesa XV. mendetik aurrera piztu zen, batik bat nabigatzaileen beharrizan praktikoek bultzatuta.

Geomagnetismoari buruzko lehen pisuzko lana De magnete liburua izan zen, William Gilbert-ek argitaratua 1600ean. Data hartarako, nabigatzaileek bazekiten orratzek batzuetan ez zutela zehatz-mehatz seinalatzen iparraldera, baizik eta angelu bateko desbideraketa zeukatela; gerora, angelu hark deklinazio magnetiko izena hartu zuen. Era berean, bazekiten orratza noizbehinka horizontaletik aldentzen zela, inklinazio magnetiko delakoa sortuz. Filosofo naturalek egiatzat hartzen zuten Lurraren magnetismoa magnetita mineralaren propietate ezkutuek eragiten zutela, edo zeruetako Iparrizarraren eta Lurreko ipar polo magnetikoaren arteko konexio neoplatonikoren batek.

Medikua ogibidez, Gilbert-ek magnetismoari lotutako bost mugimenduak jorratu zituen bere lanean: erakarpena -berak «koito» zeritzon, irudikapen modukoa eginez-, orientazioa, deklinazioa, inklinazioa eta errotazioa. Horiek osatzen zuten bere Lurraren magnetismoaren teoriaren abiapuntua.

1. irudia: “terella”. (Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)

Gilbertek esperimentuak egin zituen orratz magnetiko txikiak magnetita-esfera batean jarriz («terrella» izena eman zion esferari; latinez Lurtxo esan nahi du horrek). Haien bidez erakutsi zuen esferaren irregulartasunek orratzen orientazioa aldatzen zutela, baita orratzak, ekuatorean esferaren plano tangente batekiko paralelo zeudelarik, poloetara hurbildu ahala okertu egiten zirela, harik eta bertan bertikalera iritsi arte. Lurra, hortaz, magnetita-esfera eskerga izango zen, errotazioan dagoen arima magnetiko materiagabea zeukana.

Bazirudien magnetismoa zela, Lurraren magnetismoa barne, munduko indar ezkutuen artean nabarmenena; horregatik, filosofo mekaniko berriek behartuta ikusi zuten beren burua mugimenduan dagoen materia kontuan hartuko zuen azalpena topatzera.

Principia philosophiae lanean (1644), René Descartes-ek zioen Lurraren magnetismoa kiribil formako partikula-korronte zirkulazioa zela (kortxo-torloju moduko bat). Horren harira sortu zen XIX. mendeko hogeiko hamarkadara arte eragin handia izan zuen tradizioa, hain zuzen, fluido magnetiko bizi eta sotilek eragiten zutela Lurraren magnetismoa.

2. irudia: Halley 1702an egindako mapa. (Iturria: Wikimedia Commons).

Edmond Halleyk proposatu zuen Lurra neurri batean hutsik zegoela, lehenik 1683an eta, ondoren, 1692an, Londreseko Royal Society-ren aurrean. Bere esanetan, lurrak geruza esferikoak zeuzkan bat bestearen barnean, esferen artean atmosferak zirelarik. Bina polo magnetiko zeukaten esferek eta, deklinazio- eta inklinazio-bariazioen eragileak, beraz, esferon abiadura ezberdinetako errotazioak ziren, baita poloen arteko interakzioen eragileak ere. 1698 eta 1700 urteen artean, Halley-k Atlantikoan zehar bidaiatu zuen, eta deklinazio-bariazioak neurtu zituen. Mapa aitzindari batean irudikatu zituen, 1701 eta 1703 urteen artean. Lan hura sarritan berrargitaratu zen, General Chart of the Variation of the Compass izenaz.

Aipatu bezala, Descartesen fluidoen teoriak eragin handia izan zuen XIX. mendearen hasierara arte. Haren une gorena 1826an Parisko Académie des Sciences-en aurkeztu zen teoria izan daiteke, Charles-Augustin Coulomb eta Simeon-Denis Poisson-en eskutik. Teoriak jakintzat ematen zuen substantzia magnetikoen fluidoek eragindako urrutiko zenbait indar existitzen zirela.

Teoria kartesiarraren ildoko beste zientzialari garrantzitsu batzuk -Coulomb-Poisson-ekarpenaren aurretikoak- honakoak ziren: Gavin Knight, Leonhard Euler, Franz Aepinus, Jean-Baptiste Biot. Eulerrek 12 aldiz irabazi zuen Académie des Sciences-en saria, eta, izan ere, haietako aldi batean –1746koan-, Lurraren magnetismoari buruzko teoria bat eskatzen zuen akademiak.

Ikertzaile franko saiatu zen Lurraren magnetismoa azaltzeko teoria nahiz deskribapen egokiak garatzen; hala ere, horretarako behar diren matematikek asko zailtzen zuten egitekoa. Mendearen azken laurdenean garapen matematiko berri eta sendoa agertu arte itxaron behar izan zuten auzian aurrera egin ahal izateko.

Bien bitartean, XIX.eko hogeita hamarreko hamarkadan, gero eta erakargarritasun txikiagoa zuten fluido «boreal» eta «astralak» oinarri zituzten hipotesiek. Ildo horri jarraika, hala ere, Christopher Hansteen-ek Halley-ren ikuspegia -bi errotazio-ardatz eta lau poloren existentzia zuena oinarri- berreskuratu zuen bere Investigations Concerning the Magnetism of the Earth lanean (1819). 90º-ko inklinazio magnetikoa izan behar zuten polo horiek behingoz aurkitzeko ahaleginean, Siberiara abiatu zen Hansteen 1830ean, eta asmo berarekin egin zuen James Clark Ross-ek bidaia Kanadara.

Ardatz bikoitzen teoriak babes handirik eskuratu ez bazuen ere, poloak aztergai gisa berreskuratzeak, teoriak nahiz deskribapenak matematizatzeko saiakerek eta espedizio ugariek ideia berriak ekarri zizkioten Lurraren magnetismoaren ikerkuntzari, bai eta behaketa-datu anitz ere.


Egileaz: Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena: Lamia Filali-Mouncef Lazkano

Hizkuntza-begiralea: Xabier Bilbao


Magnetismoari buruz idatzitako artikulu-sorta:

3 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.