Lurraren magnetismoaz (II)

Oinarrizko kontzeptuez

XIX. mendeko hogeiko eta hogeita hamarreko hamarkadek iraultza ekarri zioten magnetismoaren ezagutza-arloari, eta ideia berriak agertu ziren Lurraren magnetismoaren azterketan. Hala, Hans Christian Ørsted-ek 1820an aurkitu zuen korronte elektrikoek efektu magnetikoak dauzkatela, Thomas Seebeck-ek 1822an deskribatu zuen termoelektrizitatea eta Michael Faraday-k 1831n erakutsi zuen magnetismoak korronte elektrikoak sor ditzakeela.

Lur planetaren posizioak eragindako magnetismo-bariazioek XVIII. mendearen bukaeratik zeukaten harrituta Alexander von Humboldt, eta intentsitate magnetiko bereko lerroen arteko berdintasunez idazten aritu zen. Horrez gain, lerro isotermoez eta fenomeno geologiko, meteorologiko nahiz magnetikoen arteko loturez ere idatzi zuen. Bariazio horien mapa sortu ahal izateko, Humboldtek magnetismoaren behatoki-sare bat osatzea sustatu zuen. 1834 urtean, Europan eraikitako 23 behatokien datuek ekaitz magnetikoen fenomenoa aurkitzea ahalbidetu zuten. Kosmos lanaren bosgarren liburukian −Humboldtek bukatu gabe utzi zuen, 1859an hil zen eta−, Lurraren magnetismoari buruz bildutako ezagutza guztiaren laburpena agertu zen: magnetismoaren bariazioa, banaketa eta ekaitz magnetikoak azaltzen ziren.

Edonola dela, hogeita hamarreko hamarkadako lehen urteetan Carl Friedrich Gauss-ek eta Wilhelm Weber bere lankideak hartu zuten Lurraren magnetismoari buruzko auziaren buruzagitza, hasi tresneriatik eta buka oinarrizko teorian. Hamarkadaren hasieran, Gaussek hari biko magnetometroa diseinatu zuen, eta haren bidez garatu zuen intentsitate magnetikoaren lehen neurketa absolutua. Gainera, Weberrekin batera, mundu mailako magnetismoaren behatoki-sarearen bertsio propioa proposatu zuen: Magnetische Verein delakoa.

Behatoki haien emaitzak 6 liburukitan argitaratu ziren 1836 eta 1841 urteen artean (Resultate aus den Beobachtungen des magnetischen Vereins). Bariazio eta intentsitate magnetikoari buruzko datu berri haiek eskuetan, Gaussek 1839an Lurraren magnetismoaren osagai bertikal eta horizontalen analisi matematikoa landu ahal izan zuen; horrela, lurrazalaren edozein puntutako potentzial magnetikoa kalkulatu ahal izan zuen, harmoniko esferikoen bitartez. Metodo hura izango zen mende hartako gainerako ikerketa teorikoen lan-eremua, Lurraren magnetismoaren jatorriari buruzko inolako teoriaren mende ez zegoelako.

1. irudia: Torontoko Behatoki Magnetikoa, 1852an. Gurutzada magnetikoan eraiki zuten 1840an. (Iturria: Cuaderno de Cultura Científica).

Aldi berean, hainbat britainiarrek aldarrikatzen zuen Erresuma Batua ezin zela atzean geratu Lurraren magnetismoa bezalako fenomeno baten ikerkuntzan, hainbestekoa zelarik herrialdearentzat itsas armadaren botere ekonomikoak eta militarrak zuten garrantzia: ikerkuntza hori nazio-eginkizun bihurtu beharra zegoen. 1838an, Hansteen-en ikasle Edward Sabine-k John Herschel eta George Airy-ren babesa lortu zuen, baita Humboldten lankidetza ere, mapa magnetikoak garatu eta inperioaren lurretan magnetismoaren ikerkuntzarako behatokiak ezartzeko. Hasia zen «gurutzada magnetikoa».

Garai hartako fisikarien buruetan dantzan zebiltzan bai magnetismoa, bai hark elektrizitatearekin zeukan lotura. James Clerk Maxwell-ek -Gaussen egitura kontzeptualetik abiatuta- ezarri zituen elektromagnetismoaren oinarri matematikoak, bere Treatise on Electricity and Magnetism lanean (1873). Izan ere, beraren izena daukaten ekuazio ezagunak garatu zituen Maxwellek, eta ikertzaileak Lurraren eremu magnetikoaz hitz egitera eraman zituen, aurrerantzean indar magnetikoez hitz egiteari utzita.

2. irudia: Armadaren Behatokiko etxola magnetikoa San Fernandon (Cadiz), 1900ean. 1879an eraikia. (Iturria: Cuaderno de Cultura Científica).

1800 eta 1900 artean, geomagnetismoa diziplina izaera hartzen hasi zen. Fisikari-belaunaldi berri bat, oinarri matematiko bikaina zuena –Arthur Schuster-ek bereziki-, aurrera egin zuen Lurraren eremu magnetikoa deskribatzeko prozesuan, jatorriari buruzko teoria aipagarririk garatu ez zuten arren. Gero eta behatoki berri gehiago eraiki zenez, eta herrialde bakoitzak mapak garatzen jarraitu zuenez, emankor jarraitu zuten datu berrien iturriek.


Egileaz: Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena: Lamia Filali-Mouncef Lazkano

Hizkuntza-begiralea: Xabier Bilbao

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude