Denok hazi gara gorputzaren tenperatura 37 gradu zentigradukoa zela jakinda, baina ikerketek zalantzan jarri dute giza tenperatura “normala” 37 gradukoa denik. Izan ere, tenperatura hori altuegia dela adierazten baitute azken urteotako lanek. Horren harira, Stanfordeko Unibertsitateko Medikuntza Eskolako ikerketa-talde batek zehaztu du estatu batuarren batezbesteko gorputz-tenperatura jaitsi egin dela 1800az geroztik.
1851n Carl Reinhold August Wunderlich mediku alemaniarrak 25 000 pertsonen gorputz-tenperatura neurtu zuen besapeetan. Datuen analisiari esker, ondorioztatu ahal izan zuen giza gorputzaren batez besteko tenperatura normala 37 °C-takoa zela. Balioa mende bat baino gehiagoan onartua izan da baina XXI. mendean egindako ikerketek adierazten dute gure batez besteko gorputz-tenperatura baxuagoa dela. Esaterako, Erresuma Batuan, 2016. urtean, 35 000 pertsonarekin egindako azterketa baten arabera, batez besteko gorputz-tenperatura 36,6 gradukoa omen da.
Diferentzia horiek azaltzeko, besteak beste, bi arrazoi nagusi egon litezke: lehena, agian Wunderlich medikuaren neurketak okerrak zirela, edo, bigarrena, gizakiaren gorputzaren batez besteko tenperatura jaitsi egin dela garai hartatik gaur arte. Auziari argia emateko Stanfordeko Unibertsitateko ikertzaile talde batek Estatu Batuetan historiako hiru unetan bildutako datu-multzoak aztertu dituzte:
- 1862 eta 1930 artean AEBko Gerra Zibileko soldadu beteranoei hartutako gorputz-tenperaturaren datuak, guztira 83 900.
- 1971 eta 1975 bitartean osasun eta nutrizioari buruzko lehenengo inkesta nazionalaren bidez jasotako 15 301 partaideen tenperaturaren datuak.
- 2007 eta 2017 bitartean Stanford Health Care ospitalera hurreratu ziren paziente helduen gorputz-tenperatura, 578 222 datu.
Guztira, 677.423 tenperatura-neurketa hartu eta gorputzeko tenperaturaren joerak aztertu dituzte, tenperatura denborarekin tartekatuz garatu duten eredu lineal bati esker. Azterketak ondorioztatu du:
- Batetik, Wunderlichen garaitik hona izandako tenperatura-aldaketek benetako eredu historikoa islatzen dutela, hau da, ez ziren akatsak egon mediku alemanaren neurketatan.
- Bestetik, helduen aho-tenperatura normala 0,03 °C-tan jaitsi dela, batez beste, jaiotza-hamarkada bakoitzeko.
- Horrez gain, aurreko azterketetan ezagutzen ziren gorputz-tenperaturaren joerak berretsi ditu ereduak, baita ezagutzen ziren ezaugarri batzuk ere: gorputz-tenperatura altuagoa dutela gazteek, emakumeek, tamaina handiagoko pertsonek eta orokorrean, egunaren amaieran.
- Azkenik, azken 200 urteetan gure inguruan gertatu diren aldaketen ondorioa dela gorputzeko tenperatura jaistea, eta aldaketa fisiologikoak eragin dituztela aldaketa horiek.
Bizi-baldintzen eragina gorputz-tenperaturan
Denborak aurrera egin ahala hainbat aurrerapen teknologiko eta ohitura aldaketa gizarteratzen joan gara, bizi-baldintzak hobetuz. Ikertzaileek iradoki dute gorputzaren tenperaturaren aldaketa nabarmen eta jarraitu horrek azken 157 urteotan izandako bizi -baldintzen hobekuntzan duela oinarrietako bat eta tenperatura jaitsierak lotura zuzena duela azken mendeko bizi-itxaropena eta bizitza-luzeraren igoerarekin. Ikertzaileen esanetan, bizi-baldintza hobeagoei esker, metabolismo-tasa edo erabiltzen dugun energia-kantitatea murriztu egin da eta hori izan daiteke gorputz-tenperaturaren beherakadaren arrazoia.
Zuzeneko harreman honen azalpenak hainbat izan daitezke. Batetik, osasun publikoa izugarri hobetu da azken 200 urteetan, tratamendu medikoen aurrerapenak, higiene hobea, elikagaien eskuragarritasun handiagoa eta bizi-maila hobetu direlako, infekzio kronikoak gutxituz joan dira pixkanaka eta horrek eragina du gorputz-tenperaturan. Gorputzaren tenperatura metabolismo-tasarekin erlazionatzen da; tasa hori hazi egiten da infekzio kronikoekin (% 10 bat), energia metabolikoa erabili behar baitu gorputzak infekzioei aurre egiteko. Baina infekzio kronikoak gutxitzerakoan metabolismo-tasan ere eragina du.
Bestalde, gaurko etxebizitzetan berogailuei eta aire girotuei esker giro tenperatura konstantea dugu. Hori dela eta, ez dago metabolismoa modulatu beharrik, energia gastatzeko beharrik, hotzari edo gehiegizko beroari aurre egin eta gorputz-tenperatura konstante mantentzeko.
Azkenik, aldaketa hau eguneroko jarduera fisikoa gutxituz joan delako ere gerta liteke, lan sedentarioagoekin lotuta. Herrialde garatu gehienetan XIX. mendean nekazaritzan edo industrian gogor lan egiten zen eta eguneroko ohiturak aktiboak ziren. Orain orduak ematen ditugu geldirik gure pantailen aurrean edo egonean eserita. Ez da ahaztu behar jarduera fisikoak gorputz-tenperatura igotzea eragiten duela, eta hori egin eta ordu batzuetara arte iraun dezakeela. Juan Ignacio Pérez biologoak azaltzen duenez, “Geure bero iturri nagusia metabolismoa bera denez, animalia endotermoak baikara, zenbat eta jarduera gutxiago egin, orduan eta bero gutxiago ekoitziko dugu, eta, beraz, gutxiago berotuko gara”.
Bizi garen ingurunea aldatu egin da, gure etxeetako ezaugarriak, mikroorganismoekiko kontaktua edota eskura ditugun elikagaien kopurua. Aldaketek, besteak beste, bizi-baldintza hobeagoak ekarri dituzte eta horrek gure gorputzaren tenperaturaren jaitsiera eragin du azken hamarkadetan. Eta, hori berri ona da, bizi-itxaropena luzatu egin delako.
Erreferentzia bibliografikoak:
Protsiv, M., Ley, C., Lankester, J., Hastie, T., & Parsonnet, J. (2020). Decreasing human body temperature in the United States since the industrial revolution. eLife, 9, e49555. DOI: https://doi.org/10.7554/eLife.49555
Egileaz:
Uxune Martinez, (@UxuneM) Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.
2 iruzkinak
[…] sortzeko energia gastua aztertu zuten. Prozesu metaboliko horrek mantentzen du gure tenperatura 37 °C-tan. Termogenesiak ere egunaren zikloari jarraitzen dio, eta indar gutxiago du arratsaldetan eta […]
[…] sortzeko energia gastua aztertu zuten. Prozesu metaboliko horrek mantentzen du gure tenperatura 37 °C-tan. Termogenesiak ere egunaren zikloari jarraitzen dio, eta indar gutxiago du arratsaldetan eta […]