Maxine Singer, ikerketa genetikoaren ildo etikoak zehaztearen alde lan egin zuen biokimikaria

Emakumeak zientzian

Maxine Singerrek karrera zientifiko zabala izan du; laborategietatik bulegoetara, zientzia egitetik kudeatzera, defendatzera eta arlo horretan lan egiten dutenen gizarte erantzukizuna azpimarratzera eraman zuen karrera zabala. Hori dela eta, garapen zientifikoaren funtsaren ikuspegi oso zabala izan zuen, horretan zihardutenentzako baliabideak defendatu eta ahalbidetu zituen eta eztabaida garrantzitsuetan parte hartu zuen, bai aurrerapen zientifikoei buruzkoetan, bai muga etikoei buruzkoetan –besteak beste, askatasun zientifikoarekin, edizio genetikoarekin eta espazioaren esplorazioarekin lotutakoak–.

maxine singer
1. irudia: Maxine Singer laborategian lanean. (Argazkia: National Institutes of Health, USA – Domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikipedia)

Maxine Frank Singer 1931ko otsailaren 15ean jaio zen, New York hirian. Brooklyn barrutiko eskola publikoetara joan zen, eta, zioenez, betidanik izan zuen zientziarekiko interesa, berak oroitzen zuenaren arabera behintzat. Kimikako emakumezko irakasle batek interes hori lantzera animatuta, Kimikan matrikulatu zen Swarthmore Collegen eta bertan graduatu zen 1952an –ohorezko aipamena egin zioten–. Garai hartan, ez industria ez akademia ez ziren bereziki abegikorrak emakumeekin, baina bere unibertsitate ikastegian adineko ikasle talde baten eta irakasleen babesa aurkitu zuen Singerrek. Administrazioarekin borrokatu behar izan zuen, ordea, arrazoi batengatik: kimika egin ondoren, biologia ikasten jarraitu nahi zuen, baina aukera bakarrak fisika edo matematika egitea ziren. Arau horri aurre egin zion eta garaitu egin zuen.

DNAren azterketa, oso gai ezezaguna zenean

Ondoren, emakume ikasleentzat bereziki egokia zen unibertsitate batean hasi eta 1957an osatu zuen biokimikako doktoregoa, Yale Unibertsitatean. Bere tesiaren gaia proteinen kimikarekin lotuta zegoen, baina bere aholkulariak azido nukleikoen ikerketan espezializatzera animatu zuen Singer. Garai hartan, arlo hori oso ezaguna zen, baina James Watsonek eta Francis Crickek 1953an DNAren helize bikoitza argitaratu ondoren, hurrengo hamarkadan, biokimikako oinarrizko arloa eta nagusia bihurtu zen.

1956an, Singer Artritisaren eta Gaixotasun Metabolikoen Institutu Nazionalean sartu zen, Leon Heppelen laborategian –orduan DNA ikertzen ari zen zientzialari bakarrenetako bat zen– eta, bi urte geroago, Osasun Institutu Nazionaletan (NIH) ikertzaile lanpostu bat lortu zuen. Han 17 urtez lan egin zuen; 1975ean, berriz, Minbiziaren Institutu Nazionalean sartu eta mailaz igo zuten. Hala, 1980an, Biokimika Laborategiko buru bihurtu zen.

Urte batzuk geroago kontatu zuenez, garai hartan ezohikoa izan arren, emakume zientzialariekiko abegitsuak ziren erakunde akademiko eta zientifikoetan lan egin zuen eta bazekien, arrazoi horregatik beragatik, berak 50eko eta 60ko hamarkadetan ez zituela izan beste emakumezko ikertzaile batzuek aurkitu zituzten zailtasunetako batzuk. “Desparekotasun hori existitzen zenik ere ez nekiela uste dut; ez genuen horretaz hitz egiten, ezta pentsatzen ere. Garai hartan ‘normaltzat’ hartzen genuen jokabidea, neurri handi batean, gaur egun diskriminatzaile eta onartezintzat hartuko genuke, ikuspegi zuzen batetik”.

Inork ez zuen emakumezko nagusi batentzat lan egin nahi

Urte horietan, biokimika eta biologia molekularra bereizten edo nahasten dituen lerroari buruzko lan bat garatu zuen: RNAren sintesia, hainbat entzimak DNAren eta RNAren ekoizpenean eta metabolismoan duten rola, birus jakin batzuen birkonbinazio genetikoa eta kromatina izeneko DNAren proteina baten egitura. Urte batzuk lehenago, 1960an, Marshall Nirenberg kideari giza kode genetikoa deszifratzen lagundu zion, hari DNA molekula sintetiko ezagunak emanda. Horiei esker, informazio genetikoa hiru hizkiko kode batean gordeta dagoela zehaztu ahal izan zuten.

60ko hamarkadaren erdialdean bai, orduan, bere larruan bizi izan zuen garai hartan zientzia ingurunean ohikoa zen emakumeenganako diskriminazioa: bere laborategirako doktorego ondoko ikertzaileak bilatzen ari zela ikusi zuenez, hautagai kualifikatu askok ez zuten emakumezko nagusi batekin lan egin nahi, horrek gerora beren anbizio zientifikoetan eta lanekoetan eragina izango zuen beldurrez. Horren ondorioz, diskriminazioaren aurkako eta emakumeek aurrerapen zientifikoan duten rolaren aldeko defendatzaile eta ekintzaile bihurtu zen.

Edizio genetikoaren mugak eta horiek noiz aldatu

1973an, Azido Nukleikoei buruzko Gordon Konferentziaren buruetako bat izan zen. Horren barruan, DNA birkonbinatzeko eta edizio genetikoa egiteko lehen teknologiek osasunean eta ingurumenean izan zitzaketen ondorioei buruzko lehen eztabaidak eta kezkak sortu ziren. Singer Asilomarreko Konferentziaren parte izan zen. Konferentzia horretan, 1975eko otsailean, mota horretako ikerketetarako lehen muga etikoak ezarri ziren eta, ikerketa zientifikoek aurrera egin ahala, horiek egitea segurutzat eta egokitzat jotzen zen neurrian, mugak aldatzeko eta ezabatzeko esparrua finkatu zen.

80ko hamarkadan, tartekatutako elementu nuklear luzeak izeneko (ingelesezko laburdura LINE da) DNAko sekuentzien familia batean jarri zuen arreta; hau da, leku batetik bestera salto egin, ugaztunen kromosomen hainbat puntutan sartu eta batzuetan mutazioak eragin eta horien ondorioz gaixotasunak sortzeko gai diren kode genetikoko elementuen sekuentzia luzeetan.

Hainbat urtez, Singerrek ingeniaritza genetikoari, haren aukerei eta muga etikoei buruzko eztabaidan rol eta ahots garrantzitsuak izaten jarraitu zuen. Eztabaida publikoan ere parte hartu zuen, komunikabideetan gai horiei buruz idatziz eta gizartearentzat dibulgazioa eginez; giza genomari buruzko ikerketak finantzatzeko beharraz, aldaketa genetikoaren nekazaritza eta medikuntzako erabilerez eta erlijioaren eta zientziaren arteko harremanaz, besteak beste.

1988an, biologiaren, astronomiaren eta Lurraren zientzien arloetan itzal handia zuen erakunde zientifiko pribatu baten, Washingtongo Carnegie Institutuaren, zuzendari izateko aukeratu zuten. Bertan, ekologia globaleko sail berri bat sortu zuen, zeinak gaur egun oraindik ere garrantzitsuak diren hainbat gai hartu zituen ardatz, hala nola jasangarritasuna eta biodibertsitatearen kontserbazioa. Halaber, Txilen bi Magallanes teleskopio bikiak ezartzeko lanean parte hartu zuen eta Washingtongo eskola publikoetako ikasle eta irakasleentzako hezkuntza zientifikoko hainbat programa sortu zituen.

1992an, Zientziako Domina Nazionala jaso zuen, “bere lorpen zientifiko bikainengatik eta zientzialarien gizarte erantzukizunaren inguruan zuen kezka sakonagatik”.

Artikulu zientifiko ugari idazteaz gain, Singerrek, ikerketa genetikoari, haren potentzialari, mugei eta hura ahalbidetu zuten figura zientifikoei buruzko ezagutza sustatzeko, dibulgazio zientifikoko hainbat lanetan eta ikastetxeetarako testuliburutan parte hartu zuen. “Biologiaren aparteko alderdi batean parte hartu dut. Eta beti horretan aritu nahi izan dut”.

Iturriak:


Egileaz:

Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2021eko abenduaren 2an: Maxine Singer, la bioquímica que trabajó para trazar las líneas éticas en la investigación genética.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.