Antzinako garaietatik hainbat kulturatan uste izan da agerikoenak diren efektuez harago –besteak beste, itsasaldiak– ilargiak eragin boteretsua duela gizakiengan. Urruti geratu dira gizarteetan satelite horrekin lotutako jainkoak gurtzen zituzten garaiak, baina ilargi mistizismoak, hein batean, presente jarraitzen du gaur egun.
Horren aztarnak ikus ditzakegu, adibidez, gaztelaniako hainbat hitzetan. Esate baterako, «lunático» hitzaren definizio hauxe eman zuen Espainiako Errege Akademiak: «Eromena duela, ez jarraitua, baizik eta tarteka». Hitza latineko «lunatĭcus» terminotik dator, eta antzinatik erabiltzen zen (ustez) ilargiaren zikloengatik jokaera arraro eta alderraiak zituztenei buruz hitz egiteko. Izan ere, Hipokrates mediku ospetsuaren garaiko (aro arruntaren aurreko 400. urtea) agiriek zioten ilargi betea (ilbetea) zela norbanakoen bat-bateko jokaera arraroen erantzulea.
Ilargiak nahasmendu mentaletan duen eraginaren estigma albo batera utzita, egia da satelite horrek duen boterearen gaineko usteek gizakien osasunaren askotariko alderdiak barnean hartzen dituztela, eta osasun profesionalek horrelako iritziak dituzte ere: kolektibo horri egindako zenbait inkesten arabera, ehuneko handi batek uste du ilargiak askotariko alderdietan eragiten duela, besteak beste larrialdietako ospitaleratzeetan, krisi epileptikoetan edo bihotzeko infartuetan, eraso fisikoetan edo loaren nahasmenduan edo ziklo menstrualean. Ez dira gutxiengoa: 1995ean inkestari erantzun zioten osasun mentaleko profesionalen % 43k uste zuten ilargi beteak norbanakoen jokaera aldatzen zuela. Ideia hori hainbat herrialdeetako osasun langileek defendatzen dute gaur egun ere, espainiarrek barne.
Ba al dute babes zientifikorik ilargiak gizakien osasunean duen botereari buruzko usteek, edo milaka urte igaro badira ere desagertzen ez den engainu kolektibo bat al da? Azken hamarkadetan hainbat azterketa egin dira satelite horrek askotariko osasun alderdietan duen eginkizuna argitze aldera. Ikuspuntu orokorra, nagusiki azterlan zorrotzenetan, berbera da: ilargiak ez du inolaz ere eragiten, eta eragiten badu, efektua oso txikia da, eta zori hutsarengatik edo azterlanaren muga propioengatik (askok diseinuan edo estatistika analisian akats handiak dituzte) izango delakoan gaude. Maiz ilargiak gizakien gorputzean nolabaiteko efektuak sortzen dituela egiaztatzen duen azterlan bateko emaitzak errepikatzeko saioren bat egiten denean, emaitzok ez dira errepikatzen.
- Ilargi beteak akats gehiago eragiten al ditu kirurgietan? Horren inguruko azterlan zorrotzenek ez dute astroaren efekturik aurkitu. Anesthesiology aldizkarian argitaratu zen ikerketa batek ez zuen ezberdintasun nabarmenik detektatu 1993 eta 2006 artean bypass koronario bat (bihotzaren baskularizazioa bermatzeko) egin zitzaien 18.000 paziente baino gehiagotan. Ilargiaren faseek ez zuten inolaz ere eragiten. Beste azterlan bat egin zen 12.000 paziente baino gehiagorekin, eta kirurgia ondoko mina eta tratamenduaren ondorio kaltegarriak ebaluatu zituzten. Bada, hor ere ez zen ilargiaren efekturik detektatu. Egileek artikuluaren bukaeran hauxe ondorioztatu zuten: «Beraz, ez dago arrazoirik pazienteek kirurgiak atzeratzeko edo egun jakin batean kirurgiari beldur berezirik izateko». Beste ikerketa batean 2.411 pazienteren biriketako minbiziaren kirurgien emaitzak aztertu zituzten, eta hor ere ez zuten detektatu ilargiaren inolako eraginik.
- Larrialdietan ospitaleratze gehiago izaten al dira ilbetean? Ikerketa serioen arabera, ez. American Journal of Emergency Medicine aldizkarian 1996an argitaratu zen azterlan batean ez zuten ezberdintasunik aurkitu ilargi beteko gauen eta gainerako gauen artean larrialdietara egindako bisiten 150.000 erregistro baino gehiago analizatu eta gero.
- Ilargi betea dagoenean nahasmendu mentalengatik larrialdietara edo kontsultetara bisita gehiago egiten al dira? Elkarrekin dozenaka mila paziente aztertu dituzten hainbat azterlanek egiaztatu dute ilargiaren zikloek ez dutela inolako eraginik pazienteengan.
- Krisi epileptiko gehiago gertatzen al dira ilbetea dagoenean? Horren inguruko azterlanek uste hori baztertu egiten dute. Ez da efekturik ikusi.
- Ziklo menstruala ilargiaren zikloarekin sinkronizatzen al da? Ez. Bi fenomenoek antzeko iraupena izateak (egiaz ziklo menstrualaren iraupena aldatu egiten da emakume batetik bestera) ez du esan nahi sinkronizatzen direnik. Azterlan batean 74 emakumeren ziklo menstruala aztertu zuten urtebetean eta ez zuten inolako loturarik ikusi ilargiaren faseekin. Beste ikerketa batean antisorgailu hormonalik erabiltzen ez zuten milioi bat eta erdi emakumeren datuak eta 7,5 milioi ziklo menstrual aztertu zituzten, eta ez zuten inolako sinkronizaziorik aurkitu ilargiarekin, ezta hor ere.
- Lo egiteko arazo gehiago izaten al dira ilargi beteko gauetan? Azterlan batzuetan melatonina mailekin lotuta (loan eragiten duen hormona) efektu arin batzuk ikusi dituzten arren, pertsona gehiago aztertu dituzten beste ikerketa handi batzuetan ez dute fenomeno hori detektatu.
Ilargiak ez du eraginik gure gorputzean
Zergatik, nahiz eta ilargiaren efektuen aurkako ebidentzia zientifikoa erabatekoa izan, irauten dute uste horiek are osasun profesionalen artean ere? Fenomeno horren jatorria isuri kognitibo jakin bat da eta «berreste alderako isuria» deitzen da. Funtsean, norbaitek zerbaitetan sinesten duenean modu kontziente edo inkontzientean arreta gehiago jartzen die gauza horiei eta gehiago kontuan hartzen ditu bere usteak indartzen dituzten datuak, eta kontrakoak diren egitateak alboratzen edo baztertzen ditu. Azkenean, fenomeno horrek errealitatearen pertzepzioa aldatzen du. Gaur egun milaka fake news dauden honetan, Daniel Pazen binetak modu oso komiko batean azaltzen du fenomeno hori:
«-Ez, aita. Berri hori faltsua da…
-Baina, nola izango da faltsua hain justu nik uste dudana esaten badu?»
Ilargiak osasunean duen ustezko eraginaren kasuan, horretan sinesten dutenek adibidez arreta berezia jartzen dute jakiteko ea larrialdi gehiago edo psikiatriako bisiten kasu gehiago gertatzen direnean, zeruan ilargi betea dagoen gauetan gertatzen den. Horrela bada, beren sinesmenak indartzen dituzte eta hauxe pentsatzen dute: «Ilargi betea izango da». Eta aurreko guztia, nahiz eta zenbait gauetan, beste ilargi ziklo batzuekin, kasu kopuru berdina edo gehiago egon. Gainera, nork bere burua engainatzeko beste mekanismo bat da ilbeteko kasuen kopuruari gehiegizko garrantzia ematea eta pentsatzea ohikoa baino gehiago direla.
Egiaz, ilargiak gizakien gorputzean duen eraginaren inguruko sinesmenak asko esaten du nork bere burua engainatzean eta horretan jarraitzean eragiten duten mekanismo psikologiei buruz, eta ezer ez efektu fisiko errealei buruz: ez dago inolako fenomenorik satelite horrek osasunean duen eragina azaldu dezakeenik, gauetan izaten duen distiraz haratago. Izan ere, ilargi betearen ustezko eragin grabitatorioa –gutxienekoa dena pertsonengan– ilargi berriarekin ere gertatu beharko litzateke, orduan izaten direlako marea biziak eta ilargiaren eta Lur planetaren grabitate indarrak batzen direlako. Egitate fisiko horretatik haratago, bada oraindik agerikoagoa den beste bat: pertsona baten ondoan lo egiten duen beste pertsona baten grabitate eragina ilargiarena baino askoz ere handiagoa da. Azken finean, fisika oinarrizkoenak eta gizakien osasunaren askotariko alderdiei buruzko azterlan zientifikoek guztiz gezurtatzen dute ilargi betearen ustezko eragina.
Egileaz:
Esther Samper (@Shora) medikua da, Ehunen Ingeniaritza Kardiobaskularrean doktorea eta zientzia-dibulgatzailea.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2022ko irailaren 26an: ¿Influye la luna sobre la salud de las personas? No, solo refleja cómo pueden engañarse a sí mismas
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.