Paradigma aldaketa zientzia-akademietan

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

AEBko National Academy of Science (NAS) eta American Academy of Arts and Sciences akademiek (AAAS) psikologia, ekonomia eta matematikako akademikoak hautatzean izan den genero-arrakalaren 60 urteko bilakaera aztertu du, lankidetzan, UPV/EHUko ikertzaile batek. Azken 20 urteetan, emakumezkoek lehentasuna izan dute bi akademia horietan sartzeko, argitalpen- eta aipamen-historial bertsuko gizonezkoekin alderatuta.

Emakumezko ikertzaileek beren kideko gizonezkoen aintzatespen eta sari berak jaso izan al dituzte? Eta gaur egun jasotzen dituzte? Galdera kritiko eta aproposa da, akademiaren barnean zein kanpoan izan diren diskriminazio-kasuak kontuan hartuta, eta genero-berdintasunerantz aurrera egin behar badugu. Azken urteetan, kezka sortzen du zientzian emakumezko gutxiago izateak. Esate baterako, historikoki, AEBko Zientzia Akademia Nazionalean (NAS) eta AEBko Arteen eta Zientzien Akademian (AAAS) hautatzen zituzten kide berri gehien-gehienak gizonezkoak ziren. NAS akademiak Proceedings of National Academy of Sciences (PNAS) aldizkari entzutetsua argitaratzen du, eta AAASk, Science.

paradigma
Irudia: gaur egun, emakumezkoek 3 eta 15 bitarteko probabilitate handiagoa daukate AAAS eta NAS erakundeetako kide gisa hautatuak izateko. (Argazkia: ThisIsEngineering – Pexels lizentziapean. Iturria: Pexels.com)

UPV/EHUko Ikerbasque irakaslea da Nagore Iriberri eta gai horri buruz lankidetzan aritu da ikerketa batean. Egindako azterketak erakutsi du azken bi hamarkadetan NAS eta AAAS akademietako egoera aldatu egin dela, eta, azken hiru urteetan handitu egin dela emakumezko kide berrien portzentajea.

Ikerlan horretarako, emakumezkoen ordezkaritzan alde handiak dituzten hiru arlo hautatu dituzte: psikologia, ekonomia eta matematika. “Hiru alor horietako aldizkari nabarmenen argitalpenetatik abiatuz, jardunean dauden akademikoen zerrendak egin ditugu. Horrez gain, zenbait eredu sortu ditugu, duela 60 urtetik gaur egun arte NAS eta AAAS akademietako kide gisa emakumeak hautatzeko probabilitatean izan diren aldaketak alderatzeko, argitalpen- eta aipamen-kopuruak kontuan hartuta”, azaldu du Iriberrik.

Ikertzaileek ikusi dutenez, “duela 60 urte emakumezkoek probabilitate txikiagoa zuten akademiko gisa hautatuak izateko, antzeko argitalpen- eta aipamen-historiak zituzten gizonezkoen aldean. 90eko hamarkadan, bi akademietako hautaketa-prozesua gutxi-asko neutroa zen, generoaren ikuspegitik. Eta azken hogei urteetan, emakumezkoen aldeko lehentasun positiboa hautematen da hiru arloetan”, adierazi du ikertzaileak. Izan ere, ikerketaren arabera, gaur egun, emakumezkoek 3 eta 15 bitarteko probabilitate handiagoa daukate AAAS eta NAS erakundeetako kide gisa hautatuak izateko, antzeko argitalpen- eta aipamen-historia duten gizonezkoen aldean. Nolanahi ere, Iriberrik adierazi du akademia horietako emakumeen ordezkaritza oraindik ez dela “inondik inora % 50era iristen matematikan eta ekonomian”, psikologian ez bezala.

Paradigma aldaketa ordezkaritzan

Iriberriren iritziz, “neurri batean, litekeena da emakumezkoek aldizkari onenetan artikuluak argitaratzeko oztopo handiagoak dituztelako eta beren lanagatik aintzatespen gutxiago jaso ohi dutelako kezkaren adierazgarri izatea emakumeekiko lehentasun positibo hori”. Ikertzaileek ez dute aztertu zer mekanismoren bidez gertatzen den hori, “ez baitira prozesu gardenak. Guk ikusi dugu nork lortu duen akademian sartzea eta nork ez. Horren inguruan hainbat interpretazio egin daitezke —dio Ikerbasque ikertzaileak—: izan liteke, ikusirik historikoki emakumezkoak baztertu izan direla, akademiek orain emakumeei lehentasuna eman nahi izatea edo emakumeen ordezkaritza handitu nahi izatea; orobat, izan liteke emakumeei ikusgarritasuna eman nahi izatea, belaunaldi berriek eredu gisa izan ditzaten”.

Ikertzaileek nabarmendu nahi izan dutenez, “emakumezkoei lehentasuna emateak ez du esan nahi emakumeak estandar baxuagoekin sartzen direnik akademian, baizik eta paradigma aldaketa bat gertatzen ari dela: badago nolabaiteko borondate bat emakumeen ordezkaritza handitzeko”. Eta argi utzi nahi dute ikerketak ez duela esaten “horra iristeko prozesua berdina izan denik emakumezkoentzat zein gizonezkoentzat; izan ere, ebidentzia izan badago prozesua ez dela halakoa izaten”.

Ikerketan hautatutako hiru jakintza-arloen bilakaerari dagokionez, ikusi dute “nahiz eta hirurek historikoki bilakaera oso desberdina izan emakumeen ordezkaritzari erreparatuz, hauteman dugu bai psikologian, bai matematikan eta bai ekonomian emakumeekiko lehentasun positiboa agerikoa dela”.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Zientzia-akademiek emakumezko ikertzaileen lana aintzatesteko probabilitatea hobetu da

Erreferentzia bibliografikoa:

Card, David; DellaVigna, Stefano; Funk, Patricia eta Iriberri, Nagore (2023). Gender gaps at the academies. PNAS, 120 (4), e2212421120. DOI: 10.1073/pnas.2212421120

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.