Alferreko aholkuak emakumezko unibertsitarioei

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Emakumeek bi aldiz probabilitate gehiago dute, eskatu gabe ere, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiteari buruzko aholkuak jasotzeko. Hala gertatzen da unibertsitate ikasleek profesionalen bidez informazioa informalki bilatzen dutenean. Lan munduarekin harremanetan jartzeko modu bat da, eta enplegu aukerak ezagutzen lagundu diezaieke. Graduatu berri diren hautagaiek edo unibertsitateko ikasketen azken urteetan sareak zabaldu ahala, kontsulta informal horiek eragina izan dezakete itxaropen eta hautu profesionaletan.

Hala ere, ikasleen eta profesionalen arteko lotura guztiak ez dira berdinak, Yana Gallen eta Melanie Wasserman ekonomialari laboralen azterketa baten arabera. Ikerketa horrek erakutsi zuen emakumezko ikasleek gizonezko ikasleek jasotzen dituzten mezuez bestelakoak jaso ohi dituztela. Mezu horietan, lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko orekak duen garrantzia azpimarratzen zaie (Gallen eta Wasserman, 2021). Hala, modu subliminalean edo esplizituan, konbentzitu egiten dituzte emakumeak lanbide ibilbide batzuk edo besteak aukeratzeko, haien prestakuntza akademikorako onenak izan daitezkeen kontuan hartu gabe.

emakumezko unibertsitarioei
1. irudia: Emakumeek bi aldiz probabilitate gehiago dute, eskatu gabe ere, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiteari buruzko aholkuak jasotzeko. (Argazkia: StartupStockPhotos – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Azterlana Becker Friedman Ekonomia Institutuak argitaratu zuen, eta eskala handiko landa esperimentu baten emaitzak aztertu zituen; esperimentu hartan, unibertsitate ikasleek mezuak telematikoki bidali zizkieten aktibo zeuden 10.000 profesionali, etorkizuneko enpleguen inguruko orientazioa eta aholkua eskatzeko. Gizonezko eta emakumezko igorleak ausazko prozesuan sartzean, Gallen eta Wassermanek frogatu nahi zuten generoak ikasle batek jasotzen zuen informazio motan eraginik zuen. Erantzuna argia izan zen: bai.

«Ikasleek enplegu ibilbide jakinei buruzko enpresa, negozio edo erakundeetako profesionalen informazio orokorra bilatzen dutenean, emakumezko ikasleek askoz ere bat-bateko informazio gehiago jasotzen dute lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko orekaren inguruan gizonezkoek baino», azaldu zuen Gallen, soldatako genero-arrakalan adituak. «Profesionalek emakumeei lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko kontuei buruzko informazioa emateko probabilitatea bikoitza baino gehiago da; alde hori nahiko dramatikoa da».

Ikerketa da nagusietako bat horretan, ikaslearen generora egokitzen baita ezaugarri profesional jakin batzuei buruz ematen den informazioa. Gainera, ikasleek, gizonek eta emakumeek, lanaren eta bizitza pribatuaren arteko orekari buruz zehazki galdetu zutenean, emakumezko ikasleek kontu horiei buruzko % 28 erantzun gehiago jaso zituzten, gizonezko ikasleek baino. Hau da, ikasleek lanaren eta bizitza pribatuaren arteko orekari buruz nahita galdetu zutenean, profesionalak luze eta zabalago aritu ziren emakumezko ikasleekin, eta gai horiei buruz hitz egiteko askeago: ikasteko denbora, inplikazioa eta konpromisoa lanarekin; hautatutako lanbidearen eskakizunak, haien aisiaz eta bizitza sozialaz gozatzea eragotziko dietenak; haien zaintza pertsonalerako edo jarduera pribatuetarako denborarik gabe utziko dituzten laneko konpromisoak eta abar. Hala, egiaztatu zuten emakumezko ikasle horiei emandako erantzunetan enfasi gehiago erakutsi izanaren arrazoietako bat dela emakumeek gai horien gaineko interesa duten eta gizonek ez duten ustea, baina profesionalek gizonezko edo emakumezko ikasleekin elkarreraginean jarduteko dituzten antolaera estereotipatuek eta aurreiritziek ere baldintzatzen dutela.

Gallen eta Wassermanek, halaber, emaitza esanguratsu gisa aurkitu zuten lanaren eta bizitza pribatuaren arteko orekarekin zerikusia zuten erantzun gehienak desmotibatzaileak zirela; horrek, aldi berean, ikasleengan kezkak eragin zitzakeen, enplegu bat hautatzeko baliagarriak izan zitezkeen beste informazio batzuk alboratzea ekarriz. Asmoa da emakumezkoei iradokitzea haientzat hain zaila dela bizitza soziala eta pribatua etorkizuneko lanbidearekin uztartzea, ezen onena, agian, haien asmoak birpentsatzea baita. Alferreko informazio horrekin guztiarekin, uler dezakete haien galdera teknikoenak edo euren ezagutzekin lotura dutenak ez direla egokiak; hasieratik sobera baleude bezala, edo, behintzat, hori da enplegu baterako hautagai diren emakumezko gazte askoren pertzepzioa.

emakumezko unibertsitarioei
2. irudia: Unibertsitate ikasleek goi mailako ikasketak amaitzean izan ditzaketen aukerei buruz jasotzen duten informazioak pisu handia du haien hautuetan. (Argazkia: Engin_Akyurt – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Ikerketaren datuek agerian utzi zuten, halaber, emakumezko ikasleak gizonezko ikasleak baino gehiago gogogabetu zirela haien ustez egokia zen lanbide ibilbideari ekiteko asmoan. Ez dute bere buruan konfiantza nahikoa, edo dauzkaten zalantzak haien lan xedeen inguruan profezia sexistek aurresandako emaitza dira?

Ikerketa hau ekonomiako, politikoa publikoetako eta matematikako ikasleen artean eta finantzen, kudeaketaren, datuen zientziaren eta zuzenbidearen eremuetako profesionalen artean egin zen arren, ondorioak beste lan ingurune batzuetara ere orokortu daitezke.

Unibertsitate ikasleek goi mailako ikasketak amaitzean izan ditzaketen aukerei buruz jasotzen duten informazioak pisu handia du haien hautuetan. Hala frogatzen dute ikerketa batzuek, besteak beste, Catherine Porter eta Danila Serra ikertzaileenak; ekonomian espezializatzen diren emakumeen ehunekoa handitzeko helburua jarri zuten, eremu horren barruan unibertsitateko lehen urtea egin ondoren. Lehen mailetan izena emanda zeuden ikasleei unibertsitate berean ekonomian espezializatu ziren emakume karismatikoen hitzaldiak eman zitzaizkien. Hitzaldiek eragin nabarmena izan zuten emakumezko ikasleek ekonomiako beste irakasgai batzuetan matrikulatzeko, eta ekonomian espezializatzeko aukera ehuneko 8 puntu areagotu zen. Inpaktua oso altua izan zen; izan ere, emakumeen % 9 baino ez ziren espezializatzen ekonomian hitzaldien aurretik. Asmoa aldatu zuten emakumeek diru sarrera baxuko eremuetan espezializatzea planeatzen zuten, eta kostu txikiko esku hartze horrek eragin oso positiboa izan zezakeen haien etorkizuneko diru sarreretan (Porter eta Serra, 2020).

Ohikoa da azken urteetako unibertsitarioei lan alderdiei buruzko informazioa interakzio informalen bidez ematea. Jasotzen den informazioa eskatzen duenaren generoaren araberakoa bada, falta den informazioaren izaera ezagutu gabe, jasotakoa zehaztugabea den edo azpimarratua den planteatu gabe, zaila izango da desparekotasunak zuzentzea. Hala ere, emakumeak datuak eskatu aurretik alborapen horren kontziente badira, erne egongo dira, eta estereotipoa saihesteko ahalegina egingo dute, benetan haien etorkizuneko lanbide karreretan eragina izango duten galderak eginez.

Kontu batek agerian uzten du nolako eragina duen jasotako informazioak gizonek eta emakumeek hartzen dituzten arriskuetan: genero arrakalaren tamaina kontsumoko, finantzako eta lan merkatuko aukeren jakitun egoteko behar diren parametro ekonomikoen ezagutzan. Egia da genero desberdintasunak daudela ekonomiarekin zerikusia duten erabakiak hartzeko orduan, baina desberdintasun horiek murriztu egiten dira, pertsonek, inbertitzaileek eta etorkizuneko langileek (bai gizonek bai emakumeek) finantza ezagutzak badituzte (Dwyer et al., 2002). Horrek iradokitzen du informazio desberdintasunak izan daitezkeela arriskuak –behintzat finantzarioak– hartzeko jokabideen kausetako bat. Hau da, alderdi ekonomikoei buruzko zenbat eta informazio gehiago jaso, orduan eta handiagoa da eremu hori hautatzeko probabilitatea. Etorkizuneko enplegua aukeratzeko erabaki egokienak ahalik eta informazio gehien izanik hartzen direnak dira.

Hala, informaziorako sarbide desberdina izatea beti da lan hautuetan desberdintasunak agertzeko baldintzatzaile bat, eta, ondorioz, horrek diru sarrera handiagoak ala txikiagoak edo hazteko eta mailaz igotzeko aukera gehiago ala gutxiago dakartza. Garatzaile, ingeniari, matematikari, adimen artifizialeko edo datuen zientziatako lanetan diharduen emakume gutxien inguruan hausnartu, eta arlo horietako profesionalek azken urteetako emakumezko unibertsitarioengan duten inpaktu handia kontuan hartzen badugu, komeni da espezialista horiek ematen dieten informazioan estereotipoak baztertzea. Enpresek eta erakundeek haien kontratazio-politikak hobetu, eta enplegu baterako hautagaien generoan oinarritzen diren aurreiritziak alde batera uzten badituzte, lehen urratsa emango dute, emakumezko gazte askoren potentziala mugatuta ez egoteko tradizioz gizonen mende egon diren eremuetan, eremuok faktore erakargarri asko izaten dituzte eta.

Erreferentzia bibliografikoak:


Egileaz:

Marta Bueno Saz (@MartaBueno86G) Salamancako Unibertsitatean lizentziatu zen Fisikan eta Pedagogian graduatu. Gaur egun, neurozientzien arloan ari da ikertzen.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2021eko ekainaren 8an: “Consejos gratuitos a las universitarias“.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

5 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.