Asteon zientzia begi-bistan #360

Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

arropagintza

Emakumea zientzian

Aste honetan Zientzia Kaieran, genero-arrakalaren inguruko artikulu bat izan dugu, lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko orekaren inguruan. Yana Gallen eta Melanie Wasserman ekonomialari laboralen ikerketa baten arabera, emakumezko ikasleek askoz ere bat-bateko informazio gehiago jasotzen dute lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko bateragarritasunaren inguruan gizonezkoek baino. Eskatu gabe emandako informazioa da eta gizonezkoekin alderatuta probabilitatea bikoitza baino gehiago dute informazio hori jasotzeko.

Ingurumena

Ikerketa batek lehen aldiz frogatu du suteetan sortutako aerosolek itsasoa ongarritu dezaketela eta horren ondorioz, algen ezohiko loratze handiak sortu. Halaxe gertatu zen Ozeano Antartikoan, 2019-2020an Australian izan ziren sute erraldoien ondoren. Nature aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak, eta, fitoplaktonaren hazkundea aireko karbono dioxidoarekin erlazionatu dute. Izan ere, litekeena da algek, neurri batean, suteek askatutako CO2-a xurgatzea, fotosintesia egiteko. Datu guztiak Elhuyar aldizkariko Australiako suteek Ozeano Antartikoan algak neurriz kanpo ugaritzea ekarri dute artikuluan.

Ostreopsis cf. siamensis mikroalgak arazoak sortu ditu aste honetan Donostian ere. Abuztuan Lapurdin hondartza batzuk itxiarazi eta gero, oraingoan Gipuzkoako hiriburuko uretan azaldu da. Ez da lehenengo aldia honakorik gertatzen dela, baina oraindik ez dakigu gauza handirik, oraindik deskribatuta ez dagoen Ostreopsis generoko mikroalga bati buruz ari baikara. Hala ere, Aitor Laza EHUko biologoak aitortu duenez, uraren tenperaturaren igoerarekin eduki dezake erlazioa gertaera honek. Datu guztiak Garan: klima larrialdia, ate joka euskal herriko kostaldean artikuluan.

Osasuna

Zientzia Kaieran irakur daitekeenez, minbiziaren kontrako tratamendu alternatibo bat agertu da, argiak zuzendurikoa. Minbizia tratatzeko erabiltzen diren metodo terapeutiko ohikoenak albo-efektu kaltegarriak dauzkate gizakien osasunean eta horregatik, ahalegin ugari egiten ari dira horren kontra egiteko metodo eraginkor eta selektiboagoak aurkitzeko. Ildo honetatik terapia fotodinamikoa (TFD) agertu da etorkizun handiko alternatiba bezala.

Elhuyar aldizkarian irakur daitekeenez, SARS-CoV-2arekiko immunitate zelularra detektatzeko test erraz bat garatu dute Kanarietako Unibertsitate Ospitalean. Larruazaleko test erraz eta merkea da, tuberkulinarena bezalakoa: S proteinaren zati bat injektatzen da larruazalean, eta erreakziorik sortzen ote duen ikustea besterik ez da. Denborarekin antigorputzak desagertzen joaten dira eta beraz, antigorputz-testak ez dira nahikoak immunitate-maila neurtzeko. Larruazaleko testak, berriz, T linfozitoak detektatzen ditu eta aurrez izandako infekzioak edo txertoak emandako immunitate-maila adieraziko digu.

COVID-19 larria garatu eta ospitalean amaitzen duten pazienteek, antigorputzez gain, autoantigorputzak ere sortzen dituztela azaltzen du Elhuyar aldizkariak. Hori da, hain zuzen ere, COVID-19 larria garatzearen arrazoia. Gaixotasun autoimmuneetan bezala, autoantigorputz horiek birusari aurre egiten dioten antigorputzen aurka jotzen dute eta hala, antigorputzek ezin diote infekzioari aurre egin. Stanfordeko Unibertsitatean egindako ikerketa batean ohartarazi denez, autoantigorputz hauek, COVID-19 larria garatzeaz gain, pazienteek etorkizunean benetako gaixotasun autoimmune bat garatzea ere eragin dezakete. Aitziber Agirrek kontatzen du Elhuyar aldizkarian: COVID-19 larriaren mekanismoa argitu dute.

Genetika

Giza geneak izendatzen dituen erakundeak 27 generi izena aldatu die, Excel edo Google Sheets programa ospetsuen autozuzentzaileek sortzen zituzten arazoak saihesteko. Autozuzentzaileek uste dute SEPT4 edo MARCH1 geneak datak direla eta “irailak 4” edo “martxoak 1” izenpean gordetzen dituzte. Arazoa oso hedatuta dago: Lan berri batean 11.000 artikulurekin batera eskuragarri jarri diren kalkulu-orriak aztertu dira, eta horien heren batean akatsak aurkitu dira geneen izenetan. Orain, SEPT4 genea SEPTIN4 izendatzen da eta MARCH1, berriz, MARCHF1. Datu guztiak Koldo Garcia genetistak eman dizkigu Zientzia Kaierako Akatsek genetikaren ikerkuntza oztopatzen dutenean artikuluan.

Teknologia

Litio-ioi baterien arazoen inguruan idatzi du aste honetan Imanol Landa kimikariak eta Zientzia Kaierako kolaboratzaileak. Bateria hauen hastapenetan nabarmendu ziren hiru ikertzailerik 2019 urteko Kimika Nobel saria irabazi zuten, auto elektrikoek erabiltzen dituzten bateriak baitira. Imanolek ordea, zalantzan jartzen du sari honek ezkutuko interesik ba ote duen, autogintzarena hain zuzen. Argi esaten du: ingurumen-inpaktua gutxi murriztuko da auto elektrikoen erabilerarekin, auto hauen bateriak kargatzeko egungo energia ekoizte-ereduari eusten badiogu. Azalpenak Zientzia Kaieran: Litio-ioi bateriak: irtenbidea edo arazo berria?

Arkeologia

Arropagintza duela 120.000 urte hasi zela argitu dute Max Planck Institutuko arkeologoek, Marokon aurkitutako hezur-erreminta batzuei esker. Erreminta gisa erabiltzeko moldatutako 60 hezur baino gehiago aurkitu dituzte Contrebandiers izeneko kobazuloan, eta duela 120.000-90.000 urtekoak zirela frogatu dute. Erreminta horietako asko, arropagintzarako erabiltzen zituztela ondorioztatu dute, hezurrek dituzten markak aztertuta. Aitziber Agirrek kontatzen du Elhuyar aldizkarian.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.