Asteon zientzia begi-bistan #298

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Osasuna

Koronabirus berriak eragin duen osasun krisi honetan, adituek testak egitearen garrantziaz hitz egin dute. Baina zeintzuk dira test horiek? Zer detektatzen dute? Zein da proba hauen fidagarritasuna? Horien inguruan mintzatu da Iosu Razquin Biologian doktorea. Kontuan izan behar dugu, oro har, bi multzo handitan banatzen direla: birusa zuzenean detektatzen duten teknikak eta modu ez-zuzenean egiten dutenak. Aukera paregabea duzue testen inguruko xehetasunak artikulu honetan irakurtzeko!

Azalpen honi jarraiki, Berriak ere argitaratu du gida bat testak hobeto ezagutzeko.

SARS-CoV-2 birusaren jatorria saguzarretan egon daitekeela zabaldu da. Egoera honen aurrean, Joxerra Aihartza zoologo eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasleak esan du Berrian birusa genetikoki aztertu dela, eta, “orain arte topatu diren birusekin konparatu ostean, antzekoena saguzarretan topatutako birus bat omen da”. Halere, gaineratzen du gakoa ez dela birusa nondik etorri den jakitea, baizik eta nola egokitu den birus hori gizakioi ere kalte egiteko.

Hainbat hipotesi ezagutu ditugu birusaren jatorriaren inguruan. Batzuek diote laborategi batean sortu zela, baina ikertzaile batzuek jada jakinarazi dute hori gezurra dela. Eta laborategi batean ez bada sortu, non izan da? Honako hiru teoria hauek ezagutzen dira oraingoz: lehenengoa, hautespen naturala gordeleku animalia batean gertatu izana; bigarrena, hautespen naturala gizakietan gertatzea, eta hirugarrena, hautespen hori animalietatik gizakira salto horretan izatea. Berrian informazioa.

Holandako Osasun Publikoaren eta Ingurumenaren Institutu Nazionalean egindako ikerketa batek ezagutzera eman du SARS-CoV-2 koronabirusa hondakin-uretan detektatu izan dela. Ikerketa horretan esan dute gainera hondakin-uren monitorizazioa estrategia egokia dela biztanlerian birusaren infekziorik dagoen detektatzeko. Espainian ere hondakin-urak izan dituzte jomugan: Valentziako ikertzaile talde batek test bat garatu du hondakin-uretan SARS-CoV-2a dagoen atzemateko. Berrian honen ingurukoak.

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) nazioarteko lankidetza-ekimen bat abiatu du COVID-19ren aurkako txerto baten garapena bizkortzeko. Erakundeak adierazi du pandemia hau kontrolatzeko beharrezkoa dela txerto bat lortzea. Egitasmo honetan zientzialariak, medikuak, finantzatzaileak eta ekoizleak daude. Elhuyar aldizkarian aurkituko dituzue xehetasunak.

COVID-19ren aurkako borrokan funtsezkoak diren diziplina batzuei buruz hitz egin digu Juan Ignacio Pérez Iglesiasek, hala nola birologia, genetika molekularra –honi esker ezagutzen dugu SARS-CoV-2 birusak gizaki batengana egindako lehen jauzitik aurrera zein leinutan dibertsifikatu den-, epidemiologia, biologia eta immunologia. Osasun krisi honetan beharrezkoak diren arlo horien garrantzia nabarmentzen du.

Birusak zeharo baldintzatu du natur zientzien ikerketen jarduera. Batzuen kasuan, ohiko lan-erritmoan eragin du krisialdi honek, beste batzuek ez dute aldaketa asko nabari. Artikulu honetan, hainbat zentrotako ikertzaileen azalpenak aurkituko dituzue, izan ere, batzuek baldintza berrietara egokitu behar izan dute, proiektuak eten… Aurreikuspenak ere egin dituzte. Ez galdu Berriako informazioa!

Konfinamenduaren eragina aztertu du Massachusettseko Teknologia Institutuak esperimentu baten bitartez. Emaitzei dagokienez, erresonantzia magnetiko bidezko irudiak bat zetozen boluntarioek adierazten zuten gose eta bakardade subjektiboekin. Baina egun bizi dugun konfinamendu-agindua ez da esperimentu boluntario bat. Honen harira, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileek egiaztatu dute konfinamenduak larriagotu egin duela lehendik ere bakarrik zeuden adinekoen sentimendua. Berriako artikulu honetan aurkituko dituzue datu gehiago.

Biologia

Birusei buruzko hirugarren artikulu honetan, Josu Lopez-Gazpiok gure organismoak birusei aurre egiteko martxan jartzen dituen mekanismoei buruz jardun du. Birusaren erasoa gelditzeko, immunitate-sistema dugu. Gai da birusaren mintzetako proteinak ezagutzeko eta horiek arrotzak direla ikusteko. Horren aurrean, immunitate-sistemak antigorputzak sortzen ditu.

Zer da RNA? Zertarako balio du? Ainara Castellanos Rubiok, RNA hitza inoiz baino gehiagotan aipatu den garai honetan, horri buruzko artikulua idatzi du Berrian. Tartean, azkenaldian egiten ari diren ikerketa bi azaldu dizkigu, RNAren gaitasun miresgarriak ezagutzeko.

Emakumeak zientzian

Elda Emma Anderson fisikariak Manhattan Proiektuan parte hartu zuen, eta laborategian lehen uranio-235 lagin hutsa prestatzea lortu zuen. Halere, Hiroshima eta Nagasaki hirien gaineko bonba atomikoa jaurti zutenean, Andersonek erabaki zuen abiatu zituen ikerketak bertan behera utziko zituela. Horren ondotik, fisikaren esparruan gaiak lantzen jarraitu zuen baina beste bide bat hartu zuen: erradiazioak gizakien osasunean dituen ondorioetan jarri zuen arreta. Emakume honen ingurukoak artikuluan.

Genetika

Beldurraren genetikaren inguruan jardun du Koldo Garciak honetan. COMT genea eta SLC6A4 geneak aipatzen ditu. Lehenengoak neurotrasmisoreen maila kontrolatzen ditu, neutrotrasmisoreak deseginda. Bigarrenak, serotoninaren garraiatzailea da eta jakina denez, serotoninak beldurra modulatzen du. Garciak azaltzen digunez, egoera baten aurrean sentitzen dugun beldurra eta antsietatea ezberdin erantzungo dugu gene horren zein aldaera dugun arabera.

COVID-19a dela eta, gure osasun-informazioa eta kokalekua jasotzen duten mugikorren APPak instalatzeko eskatu dute erakundeek, eta horri jarraiki, Garciak gene-datuen erabileraren inguruan mintzatu da, zehazki, gene-datuen erabilera irekiak komunitate Indigenetan nola eragiten duen. Izan ere, horiek esperientzia negatiboak izan dituzte gene-datuen kudeaketan eta horregatik, hainbat gako eman dezakete gene-datuen gobernantza hobetzeko.

Genomak zer diren definitzen ausartuko zinatekete? Ez larritu, Garciak beharrezkoak direna azalpenak eman dizkigu honetan. Genoma dugun gene-materiala da. Hori argi izan behar dugu. Testuan azaltzen duenaren arabera, espezie bakoitzeko erreferentziazko genoma bat dugu, espezie bakoitzaren gene-longitudea eta gene-latitudea ezartzen duena. Baina, genomak aldakorrak dira, indibiduo bakoitzak ezberdintasun gehiago ala gutxiago dituela bere genoman, erreferentziazko genoma horrekin alderatuta. Ez galdu artikulu interesgarri honetan eman dizkigun gakoak!

Munduko Osasun Erakundeak Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapena (ICD, ingelesez) garatu zuen; bertan, gaixotasun, sintoma edo beste edozein gorabeherak kode bat du. Sailkapen hori aldatzen joan da eta berriki publikatu duten bertsioan aldaketa nabarmenak daude. Kode hauen inguruko xehetasunak eman dizkigu Garciak.

Arkeologia

Abri du Maras (Frantzia) Paleolitoko aztarnategi batean neandertalek landare-zuntzez egindako objekturik zaharrena izan daitekeena aurkitu dute: soka-zati bat da, 6 cm-koa, eta 41.000-52.000 urte dituela kalkulatu dute. Orain arte zaharrena zena Ohalo II aztarnategian (Israel) aurkitu zuten. Azken honek 19.000 urte inguru ditu. Honi buruzko xehetasunak Elhuyar aldizkarian aurkituko dituzue.

Astrofisika

Zulo beltz baten zorrotada inoizko zehaztasun handienarekin behatu du EHT (Event Horizon Telescope) lankidetzak, Elhuyar aldizkariak azaldu digunez. Duela urtebete, zulo beltz baten irudia erakutsi zuten eta orain bost mila milioi argi-urtera dagoen galaxia batean ikusi dute zorrotada, 3C 279 quasarrean.

Ingurumena

Ikerketa batean ontzien argiztapenak Artikoko gauean duen eragina aztertu dute inguruan dauden arrainen kopuruari erreparatuta. Delawereko Unibertsitateko (AEB) ikertzaile Jonathan Cohenen esanetan: Itsaso ilun batean pizturiko Gabonetako zuhaitza ematen dute. Bi egoera desberdinetan egin dituzte neurketak: argiak itzalita eta argiak piztuta. Ondorioztatu dute argiak eragina baduela.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.