Nire zergekin, bai

COVID19 · Dibulgazioa · Kolaborazioak

Apirilaren 8an Ignacio López Goñik, Nafarroako Unibertsitateko Mikrobiologiako katedradunak, hau galdetu zuen Twitterren:

Saguzarrak zoonosi baten jatorrian errazago aurki daitezkeen animalien artean daude. Espezie batetik bestera modu naturalean igarotzen den gaixotasun infekziosoa da zoonosia. Horregatik oso baliagarria da haren biologia eta gizakiei kutsa dakizkiekeen birusak ezagutzea. Baliagarria da, ez milaka pertsona hil eta munduko zati handi bat geldiarazi duen pandemia bati aurre egiteko, etorkizuneko pandemiei aurrea hartzeko baizik. Baina badira birusaren hedapena kontrolatu eta sortzen duen kaltea saihesteko funtsezkoak diren beste diziplina batzuk. Birologia da adibide nabarmen bat. Baina gehiago daude.

Genetika molekularrari esker ezagutzen dugu SARS-CoV-2 birusak gizaki batengana egindako lehen jauzitik aurrera zein leinutan dibertsifikatu den. Eta haren metodoek, aldi baterako, agertzen diren barietateak berezitu ahal izango ditu eta ezaugarri arriskutsuak identifikatzen lagunduko dute.

Epidemiologia eredu matematikoetan oinarritzen da, pandemiaren bilakaera eta etorkizunean izan dezakeen bilakaera zehazteko. Une bakoitzean kutsatuta dauden eta infekzioa gainditu duten pertsonen kopuruari buruzko datuez elikatzen dira ereduak. PCR (“polimerasaren kate-erreakzioa”) bezalako teknikei esker badakigu nor dagoen kutsatuta. Biologia molekularrean egindako dozenaka urteko aurrerapenen emaitza dira teknika horiek. Eta analisi serologikoak egiten dira birusak nortzuk infektatu dituen jakiteko. Analisi horiek, odol-serumean SARS-CoV-2-aren antigorputz espezifikoak detektatzeko aukera ematen dute eta immunologian eta analitikan urteetan egindako lanaren emaitza dira.

Irudia: Analisiak egiteko odol-laginak. (Argazkia: Ahmad Ardity – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Bestalde, botika antibiralak bilatzeko azken hamarkadetan garatu diren biologia estrukturalaren teknikak baliatzen dira egun. Dagoeneko lortu dituzte birusaren proteina batzuen irudiak nanometro gutxi batzuetako bereizmenarekin; horrela, esaterako, birusa birika-zelulan akoplatzeko eta haren barnera pasatzeko baliagarria zaion glukoproteina baten egitura karakterizatu dute. Irudi horiek funtsezkoak izan daitezke sarbide hori blokea dezan molekula bat aurkitzeko. Kriomikroskopia elektronikoaren bidez lortu dira. Karakterizatu nahi diren egituren eta elektroien arteko elkarreraginari buruzko ezagutza oso zehatza izatea beharrezkoa izan da kriomikroskopia teknika garatzeko. Informatika ere ezinbestekoa da, bera gabe ezingo litzateke prozesatu mikroskopio elektronikoak ematen duen informazioa.

Immunologiaren esparruari dagokio birusaren kontrako antigorputz espezifikoak garatzea. Eta, era berean, badagokio ere arnas epitelioa hondatu eta haren funtzionaltasuna arriskuan jar dezaketen gehiegizko erantzun immunitarioak minimizatzeko modua.

Txerto eraginkorrak eta seguruak lortzea da birusaren aurkako lehentasunezko beste jarduera-ildo bat. Zelula-kultiboak beharrezkoak dira (biologia zelularra) lehen entseguak egiteko. Genetikoki diseinatutako saguak infektatu behar dira, beraien biriketako zelulek birusak barruan sartu eta ugaltzeko baliatzen dituen proteinak izan ditzaten. Entseguak onak badira txertoak ekoitzi behar dira, milioika pertsona immunizatzeko, eta ekoizpenak ohiz kanpoko baldintza teknologikoak bete behar ditu.

Honaino aipatu ditut, sakontzeko asmorik gabe, COVID-19ren aurkako borrokan funtsezkoak diren diziplina batzuk. Bada, horietako bakar bat ere ezin izango zen garatu, aldez aurretik gai batzuen inguruko ezagutza sakonik izan gabe. Baina askok ez lukete nahi beraien zergak erabiltzea ezagutza sakon horien ikerketarako.


Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude