Ugaztun (giza) kutsatzaileen atlasa

Amaia Portugal

Arratoi, saguzar, primate eta bestelakoek eragindako zoonosien mundu mapa osatu dute. Hau da, gizakioi gaitzen bat kutsatzeko ahalmena duten espezieak non bizi diren zehaztu dute. Emaitzen artean badaude ezusteko batzuk: espezie biodibertsitate ugariena duten zonalde tropikalak ez dira, proportzioan, transmisio handiena dakartenak.

Ezagutzen ditugun giza gaixotasunen erdiak baino gehiagok jatorri zoonotikoa dute. Gizakiari transmititu dakizkiokeen beste animalien (eta batez ere ornodunen) gaitzei deitzen zaie zoonosi. Multzo honetan sartzen dira, esaterako, azkenaldian zeresan handia eman duten ebola eta zika birusak, bai eta aspalditik ezagunak zaizkigun salmonellosia eta tuberkulosia ere, beste askoren artean.

Orain arte kutsatze horiek non eman diren aztertu dute Ekosistema Ikerketen Cary Institutuko eta Georgiako Unibertsitateko (AEB) hiru ekologok, hemendik aurrerakoak non gertatuko diren aurresateko lagungarria izango delakoan. Hori horrela, ugaztunen zoonosien munduko mapa osatu dute; hain zuzen ere, ugaztunek transmititutako gaitzekin egin dute lehen urratsa, horiexek baitira gizakioi gaixotasun gehien kutsatzen dizkiguten animaliak. Guztira, 27 ordenatako 5.007 ugaztun espezie basati bildu dituzte atlas horretan; saguzarrak, primateak eta karraskariak, beste askoren artean. Trends in Parasitology aldizkarian eman dute lanaren berri.

1. irudia: Mapa honetan ikus daitekeenez, zoonosiren bat daramaten espezieen presentzia bereziki deigarria da Amazonian eta Eurasian. Eremu tropikalean, balizko ostalariak asko dira, baina proportzioan, zoonosiak ez dira hainbeste. (Argazkia: Barbara A. Han et al.)

1. irudia: Mapa honetan ikus daitekeenez, zoonosiren bat daramaten espezieen presentzia bereziki deigarria da Amazonian eta Eurasian. Eremu tropikalean, balizko ostalariak asko dira, baina proportzioan, zoonosiak ez dira hainbeste. (Argazkia: Barbara A. Han et al.)

Gaitz zoonotikoak, patogeno eragileak eta horiek pairatzen dituzten espezieak izan dituzte aztergai. Hala, gaixotasunok kutsa ditzaketen ugaztunak (ostalariak) eta zoonosiak kokatu dituzte geografikoki, horretarako GIDEON (gaitz kutsakorren eta epidemiologiaren sare globala) datu-basea baliatuta.

Emaitzei erreparatuta, ezusteko bat baino gehiago izan dute ikertzaileek. Esaterako, zoonosien kokapen nagusiei dagokienez. Izan ere, Barbara Han artikuluaren egile nagusiak azaldu bezala, “eremu tropikalean espezie dibertsitatea handia denez, bertako parasito eta patogeno zoonotikoekin beste hainbeste gertatuko zelakoan nengoen. Zoonosien balizko ostalari gehiago egon, badaude, eremu tropikalean, baina gaitz zoonotikoak ugariagoak dira gune epelagoetan. Ziurrenik, gaitz horiek transmititu ditzaketen espezieak askotarikoak direlako bertan”. Gainera, eremu tropikalean espezie gehiago dauden arren, proportzioan, zoonosien ostalariak gutxiago dira. “Ipar latitudeetan (hala nola, zirkulu artikoan) bizi diren espezieen artean, gehiagok dauzkate zoonosiak”, gaineratu du Hanek.

Ugaztunen sailkapena

2. irudia: Karraskariek kutsatzaile ospea badute ere, nagusiki Europan daude zoonosiren bat daramaten ordena honetako espezieak. Munduan, oro har, arazoak eragin ditzaketen ugaztunak beste batzuk dira: saguzarrek Hego eta Erdialdeko Amerikan, primateek ekuatore aldeko Afrikan… eta haragijaleek, Afrika eta Ipar Amerikako zenbait gunetan. (Argazkia: Barbara A. Han et al.)

Mapa honek utzi ditu beste ondorio harrigarri batzuk ere. Adibidez, arratoiek eta bestelako karraskariek kutsatzaile moduan duten ospe txarra gehiegizkoa dela iradokitzen du ikerketak. Berez, gaitz zoonotiko bakar gehien biltzen dituen ordena da: 85, guztira. Baina karraskariek bi mila espezietik gora biltzen dituzte, eta espezie guztien artean, %10a baino ez da zoonosiren baten balizko kutsatzailea. Esaterako, primateen ordena askoz ere espezie gutxiagok osatzen dute, 365 baitira, baina horien artean 77 dira espezie ostalariak, eta proportzioa %21ekoa da, beraz. Saguzarrei dagokienez, zeresan handia eman dute, ebolaren transmisore direla eta; baina berez, ordena honetako espezieak, oro har, 25 zoonosiren ostalari baino ez dira.

Ugaztunak baino ez dituzte aztertu lan honetan, eta horrenbestez, zoonosien mapa osatzeke dago; hegaztiek edo arrainek transmititzen dizkiguten gaitzak falta dira, esaterako. Hala ere, abiapuntu egokia da, eta uste baino baliagarriagoa izan daiteke etorkizunean. Hanek adierazi bezala, “irudi lezake animaliak non dauden eta toki horietan zergatik dauden ulertzeak ez duela aplikaziorik gure egunerokoan. Baina behar ditugun aurrerapen handiek (esaterako, hurrengo gaitz zoonotikoa non agertuko den aurresateko ahalmena) oinarrizko ezagutza zientifikoan dute funtsa”.

Erreferentzia bibliografikoa:
Barbara A. Han et al. Global Patterns of Zoonotic Disease in Mammals. Trends in Parasitology. Published Online: June 14, 2016. doi: http://dx.doi.org/10.1016/j.pt.2016.04.007

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>