Asteon zientzia begi-bistan #321

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Osasuna

Koronabirusak eragin duen krisi honen kariaz, immunitate-sistemari buruzko ezagutzak garrantzia hartu du. Berriako artikulu honetan, Biocruces Bizkaiako ikertzaile Francisco Borrego immunopatologoaren azalpenak bildu eta immunitate sistemari buruzko ideia batzuk agertu dituzte. Ez galdu!

Miren Basaras mikrobiologoak kontzeptu interesgarri bat dakar Berriako testu honetan: antigorputz okerrak. Bertan, azaltzen du COVID Human Genetic Effort nazioarteko partzuergoko ikertzaileek argitaratu berri duten lanetan aurkitu dutela COVID-19 larria duten pazienteen %10ek autoantigorputz neutralizanteak dituztela. Hauek dira antigorputz okerrak, pertsona baten sistema immunearen kontra egiten dutenak, alegia.

Adrian Aginagalde epidemiologoa elkarrizketa dute Berrian, pandemiaren bigarren olatua dela eta. Bertan, bizi dugun egoeraz, hartu behar diren neurriez eta beste konfinamendu bat izatearen posibilitateaz mintzatu da, besteak beste.

SARS-CoV-2aren transmisioaren oinarria gero eta gehiago ezagutzen da, Science aldizkarian ikertzaile batzuek esan duten arabera. Infekzio gehienak, % 46-66, etxeetan eta egoitzetan gertatzen dira eta horretaz gain, transmisio komunitarioa azpimarratu dute. Elhuyar aldizkarian duzue irakurgai artikulua osorik.

Biologia

Bilboko itsasadarrari buruzko artikulu-sortarekin jarraituz, asteon planktonari buruz aritu dira egileak testu honetan. Planktona, uretan esekita dauden organismo txikiz osatuta, garrantzizkoa da uretako ekosistemetan. Zer motatako planktonak daude Bilboko itsasadarrean? Eta zer onura dakartza? Artikuluan xehetasunak aurkituko dituzue.

Gizakiari transmititu dakizkiokeen beste animalien gaitzei deitzen zaie zoonosia. Artikulu honetan azaltzen den moduan, azken hilabeteotan entzun dugun SARS-CoV-2 da orain arte ezagutu dugun azken birus zoonotikoa. Oro har, beste birus zoonotikoen errepasoa duzue irakurgai hemen, SARS-CoV-1 eta 1918ko pandemia, kasu.

Astronautika

Osiris-Rex zunda espazialak lortu du Bennu asteroidetik lagina hartzea. Zundak bi urte eman ditu asteroidearen inguruan orbitatzen, Elhuyar aldizkariak azaldu digun moduan, eta nitrogeno konprimitua azalean botaz, harrotutako partikulak jaso ditu xurgagailu batez. 2023an Lurrera iritsiko dira laginak.

Fisika

Giro-tenperaturan supereroalea den material bat lortu dute, 15 ºC-tan, zehazki, Elhuyar aldizkariak azaltzen duenez. Hauxe lorpen handia da material supereroankorrak erabiltzen hasteko bidean. Hurrengo erronkari begira ari dira ikertzaileak: giro-tenperaturako supereroalea giro-presioan sortu ahal izatea.

Teknologia

Edmond de Belamy artelanaren kasua azaldu digu Juanma Gallegok artikulu bitxi honetan. Adimen artifizialak egindako koadro hau dirutza baten truke saldu zuten 2018an. Artelan hartatik abiatuta, ikertzaile talde batek jakin nahi izan du adimen artifizialak kasu honetan duen pisua. Ikertzaileek argudiatu dute hizkera antropomorfikoa erabiltzeak berehalako arrakasta ekarri zuela.

Genetika

Alpeetako zilar-koloreko inurrien koloniak bi motatakoak izan daitezke: erregina bakarra dutenak eta bat baino gehiago dutenak. Badirudi portaera sozial hori gene-mekanismo batek azal dezakeela; supergene batek kontrolatzen du hori! Beti dira interesgarriak Koldo Garciak ekartzen dizkigun gaiak. Ez galdu!

CRISPR teknika berriz hartu du protagonismoa. Dakigunez, aurtengo Kimikako Nobel saria Jennifer A. Doudnak eta Emmanuel Charpentierrek jaso dute teknika hori garatzeagatik. Berriako artikulu honetan horri buruz gehiago jakiteko aukera duzue: zer da? Zertarako balio du? Sortu al da horren inguruan arazo etikorik?

Ikerketa berri batean neanderthalen eta denisovarren Y kromosomak sekuentziatu dituzte, eta ikusi dute neanderthalen Y kromosomek, denisovarrekin baino gehiago, gurekin dutela ahaidetasunik handiena. Informazio gehiago Berriako artikuluan.

Edonola blogean, genetikaren eta COVID-19aren arteko harremanari heldu dio Koldok. Ikerketa ugari abiatu dira COVID-19a pairatzean norberaren geneek eragina ote duten ikertzeko. Azaltzen digu, adibidez, lan batean bi gene-eskualde detektatu zirela COVID-19 larria izatearekin lotura zutenak.

Genetikaren etorkizunaz eta arloak duen erronkez irakurri nahi baduzu, astero Koldok bere blogean zientzia-pilula interesgarriak idazten ditu. Gaurkoa: Alexander Meissneren, Max Planck Institutuko genetika molekularreko sailaren zuzendariaren burutazioak: epigenomaren geruzak argitzea da giltzarria.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz:

Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.