Asteon zientzia begi-bistan #297

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Osasuna

Euskal zientzialari talde batek Covid-19 detektatzeko ordezko RT-PCR test bat balioztatu du. Berrian azaltzen digutenez, RT-PCR aldaerak material genetikoaren detekzio kuantitatiboa egiten du, eta, hortaz, aukera ematen du kutsatuak eta birusik ez dutenak bereizteko. Ugo Mayor UPV/EHUko Ikerbasque ikertzaile eta ekimenaren koordinatzaileak dio: “Ordezko test hau auzolanean garatu izanak ikerketaren eta zientziaren balioa nabarmentzen du”.

Elhuyar aldizkariak ere eman digu honen berri. Detekzio-probak 15€ inguruko kostua izan lezake, eta 4 ordu baino gutxiagoko tartean egin ahal izango litzateke. Gainera, beste ikerketa-zentroko laborategietan egin ahal izango lirateke probak, baita ospitaleetan ere.

COVID-19ak eragin duen egoera honi aurre egiteko beharrezkoa da testak egitea. Nolakoak dira baina? Berriak argitzen digu afera: alde batetik, PCR testak daude, hauek birusaren genoma bilatzea dute helburu. Badaude ere PCR testen xede berdina duten test azkarrak, antigenoak atzematen dituztenak. Bestetik, giza organismoak sortzen dituen antigorputzak detektatzen duten testak egongo lirateke.

Birusak, beste substantzia batzuk bezala, hondakin-uretan hauteman daitezke. Orain, AEBetan, Herbehereetan eta Suedian metodo hori erabiltzen ari dira SARS-CoV-2 birusaren hedapenari jarraipena egiteko. Hau da, uretan koronabirusaren RNA agertzen bada, esan nahi du izurria dagoeneko iritsi dela populazio horretara. Ikertzaile guztiak ez daude ados neurri honekin, Berrian informazio guztia.

SARS-CoV-2 listu-tantei esker transmititzen dela badakigu. Eztula, doministikuak edo hitz egitean tamaina ezberdineko aerosol-tantak kanporatzen dira. Science aldizkarian agertu den berri batean, ordea, zientzialari askok zalantzan jarri dute birusaren hedapena modu horretan bakarrik gertatzen ote denik. Bertan aipatzen dute Ameriketako Estatu Batuetako Zientzien Akademia Nazionaleko ikertzaile talde baten ideia: arnastuz soilik ere SARS-CoV-2 birusa zabaldu daitekeela. Irakurri osorik Berriako artikulua!

Berrian irakur daitekeenez, Rafael Tellez neurofisiologoaren aburuz, egoera honek loan eragina izango du, berrogeialdian gure bizi erritmoa aldatzen baita: “Salbuespenezko egoeretan, loak okerrera jotzen du; insomnioa diagnostikatuta zutenengan areagotu daiteke, eta inoiz insomnioa izan ez dutenek garatu dezakete”. Honetan ere badu zer esana teknologiak: ez da gomendatzen lotara joan aurretik eskuko telefonoarekin edo tabletarekin ibiltzea.

COVID-19 gaitza agertu zenetik, horren jatorria argitu nahi izan da. Ikerketak egin dira hori argitzeko eta oso azkar heldu zitzaigun erantzuna: jatorriz saguzarretatik etorri zela esan zuten, baita saguzarren eta gizakien tarteko animalia sugea izan zitekeela ere. Gerora, ordea, zientziari batzuek adierazi zuten bitarteko animalia pangolina izan zela. Halere, hori argitzeko dago oraindik. Horretaz gain, etxeko animaliak ere izan dituzte jomugan zientzialari batzuek; Txinan egindako ikerketa batean ikusi dute katuak kutsatzen direla COVID-19a eragiten duen birusarekin; ez, ordea, txakurrak, txerriak, oilaskoak eta ahateak. Berrian irakur daiteke.

Jakina denez, oraindik ez dago botika edo txerto espezifikorik birusaren kontra. Horregatik, probatu behar dira dauzkagun botikak. Horietako tratamendu bat plasma-hiperimmunea da, Berriaren arabera. Kasu honetan, emaile ezberdinek beren plasma ematen dute gaixoak erabili ahal izateko. Baina plasma guztiak ez dira baliagarriak eta baldintza batzuk bete behar dituzte. Nolakoa da plasma-bilketaren prozedura? Benetan eraginkorra al da terapia hau?

Isabel Sola, Espainiako CNB-CSICeko birologoa elkarrizketatu dute Berrian. Bere taldeak hogei urte baino gehiago daramatza koronabirusak ikertzen. Orain, txertoak eta antibiralak ikertzen ari dira. Solak azaltzen du nola egiten ari diren lan SARS-CoV-2 birusarekin eta zein urratsetan dauden momentuz. “Txertoaren prototipoa eraikitzen ari gara laborategian. Birusaren genoma guztia DNA bertsioan eraikiko dugu; 30.000 hizki dira”, azaltzen du. Ez galdu elkarrizketa mamitsu hau Berrian!

Nicola Abrescia CIC Bioguneko Ikerbasquen ikertzaileak birusak ikertzen ditu. Animalien eta gizakiaren osasunaren arteko loturaz kontzientzia hartu behar dugula dio Berriak egin dion elkarrizketa honetan: “Amorruaz ari garenean edo koronabirusaz ari garenean, agerikoa da lotura hori. Kontua da horretaz akordatzen garela soilik epidemia bat dagoenean”. Gaineratzen du “naturarekin eta animaliekin dugun harremanak eta gertutasunak kontzientzia hartzera eraman behar gaituela”.

Genetika

Zergatik pertsona batzuek ez dute ia nabaritzen SARS-COV2-ak eragiten dituen sintomak eta beste batzuek oso gaizki pasatzen dute gaixoaldia? Koldo Garciak azaltzen digu hau aztertzeko bi estrategia jarri direla martxan: biobankuen datuak erabiltzea eta DNA lagin berriak lortzea. Honen helburua da COVID-19 latz bat pasa duten DNA eta COVID-19 leun bat pasa duten DNA alderatzea ezberdintasun genetikorik ote dagoen aztertzeko.

Bizi dugun pandemiaren ildotik, Garciak gai interesgarri bat ekarri du gurera: eugenesia. Hitz gutxitan esanda, orduko ideia zen gizarteko ahulenak sakrifikatzea guztion onurako. Orain, SARS-CoV-2ari aurre egiteko estrategien artean badira batzuk ideia horretara gerturatu direnak, hau da, taldeko immunitatea lortzearen aitzakia erabilita, herrialde batzuek proposatu dute neurririk ez hartzea denok immunizatzen joateko, bidean pertsona asko hiltzen ari diren arren.

Koronabirus berriak ekarri duen osasun krisiaz gain, historian zehar beste pandemia batzuk ere jazo dira. Berriako artikulu honen bitartez, Justinianoren izurria –historian dokumentatutako lehena; VI. mendearen erdialdean zabaldu zen, Bizantziar Inperioan–, izurri beltza –pandemiarik hilgarriena–, baztanga, kolera, gripe espainiarra eta Hiesari buruz irakurtzeko parada izango duzue. Ez galdu!

Autoen zirkulazio masiboak zenbait arazo eragiten ditu. Errepideko zirkulazioak eragindakoari –kedarra, nitrogeno oxidoak eta karbono monoxidoa–, gutxienez, 184.000 heriotza goiztiar egozten zaizkio urtero munduan, gehienak bihotzeko edo biriketako gaixotasunak direla eta. Trafikoaren zaratak ere badu eragina gure osasunean: depresioa pairatzeko aukera handitzen du helduen artean, eta arreta arazoak sortzen ditu haurrengan. Munduko hiri handietan automobilak gutxiago erabiltzeko neurriek emaitza positiboak eman dituzte.

Biologia

Birusak zer diren ikasten jarraituko dugu artikulu honi esker. Zehazki, oraingoan, birusak zelula ostalaria kutsatzeko prozesua ezagutuko dugu. Une batean, birusaren kanpoko geruzetako atal batek bat egiten du zelula ostalariaren kanpoko geruzako beste atal batekin. SARS-CoV-2 birusaren kasuan, litekeena da puntu hori ACE2 izeneko hartzailea izatea. Horren ondotik, birusaren informazio genetikoa zelulan txertatzen da. Horretaz gain, badakigu birusek espezie batetik bestera salto egin dezaketela. Ez galdu azalpen interesgarri hau!

Norainoko ezagutza dute animaliek matematikan? Ikerketa ugariren berrikuspena egin ondoren, Tübingengo Unibertsitateko (Alemania) Andreas Nieder neurobiologoak ondorioztatu du gaitasun kognitibo garatuak dituzten animalia gehienek zenbakiak erabiltzen dituztela egunerokoan, bizirik irauteko garrantzitsuak diren hainbat jardueratan. Besteak beste, janaria lortzeko, ehiza egiteko, ehizatuak izateko aukerak gutxitzeko, nabigatzeko edo eta ugaltzeko.

Biokimika

The Lancet aldizkariak artikulu baten bidez kutsadura farmazeutikoaren arazo larria izan du mintzagai. Bertan, ohartarazi dute botiken erabilera masiboak ingurumenean eta giza osasunean dituen ondorio suntsitzaileez. Elhuyar aldizkariak artikuluan azaltzen duen moduan, tratamendu masiboetan, botika ohikoenak azitromizina antibiotikoa eta ibermektina, albendazol, mebendazol eta prazikuantel antiparasitarioak izaten dira.

Teknologia

SARS-CoV-2 birusak sortu duen pandemia dela eta, gora egin du norbera babesteko ekipamenduen (eskularru, maskara edota amantalen) eskaerak. Horien artean, 3D inprimagailuen bitartez aurpegiak babesteko biserak daude. Biserak egiteko zenbait polimero edo plastiko erabiltzen dira eta bi atal ditu: alde batetik, buruari lotzeko euskarria, eta, bestetik, aurpegia babesten duen xafla gardena. Azken hau egiteko azido polilaktikoa erabiltzen da. Honen gaineko informazioa artikuluan.

Emakumeak zientzian

Historiak dio 1952ko abenduan, Archer J. P. Martinek eta Richard L. M. Syngek Kimikako Nobel saria jaso zutela “banaketa kromatografia asmatzeagatik”. Hori gertatu aurretik, baina, horren inguruko bere ikerketak egin zituen Erika Cremer, gas kromatografiaren aitzindari ahaztuak. Galdu ziren eskuizkribuak, Bigarren Mundu Gerra… Suspensez betetako istorioa dugu hauxe!


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude