Eurek ez dakiten arren, animaliek matematika pixka bat behar dute

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Modu batean edo bestean, animalia espezie asko ondo moldatu behar dira zenbakiekin, bizirik irauteko beharrezkoak diren hainbat jardunetan. Harreman hori aztertzea zaila den arren, behin argitzen dela, jokaera ikusgarriak azalarazten dira.

2007ko irailean hil zenean, 31 urte zituela, Alexek bazekien zazpira arte zenbatzen. Ikasle trebea zen, baina, erretxina ere bazen, batez ere bera bezain aurreratuta ez zeuden beste klasekideekin. “Hau guztia dakienez, aspertu egiten da, eta gainerakoei eten egiten die, edo zuzena ez den erantzun bat esaten die, molestatzearren”, esan zion Irene Pepperberg etologoak Virginia Morell kazetariari, National Geographic aldizkarirako erreportaje baterako.

Alexen zaindaria zen Pepperberg, eta hiru hamarkada eman zituen haren alboan, animalien adimena ikertzen. Izan ere, Alex loroa zen, eta hitzak erabiltzen zituen komunikatzeko. Hobeto esanda, ingelesezko hitzak imitatzeko trebatua zuten loroa, eta gauzak eskatzeko —”mahatsak nahi ditut”— edo atazak egiteko eta arazoak ebazteko baliatzen zituen hitz horiek.

1. irudia: Adituek harremana aurkitu dute otsoek ehizatzeko osatzen duten taldeen kopuruaren eta harrapatzen dituzten animalia motaren artean. (Argazkia: Thomas Bonometti / Unsplash)

Pepperbergek beti argi utzi nahi izan zuen bere asmoa ez zela Alexi hizkuntza bat irakastea, animaliaren ahalmen kognitiboak ulertzeko hizkuntza tresna gisa erabiltzea baizik. Eta, bide horretan, gauza interesgarriak azalarazten hasi ziren, gure alboan dagoen eta, halere, askotan ikusteko prest ez gauden errealitatea baten erakusle. Adibidez, Alexek banerry hitza asmatu zuen; platanoaren antzeko zaporea duen fruitua, baina gerezi baten itxura biribila duena. Banana eta cherry. Banerry. Sagarra.

Alexek, beraz, objektu kopuru zehatz bat hitz batekin adierazten ikasi zuen, beti ere, trebakuntza baten ostean. Norainokoak dira, baina, gaitasun horiek oinarrizko matematika baten adierazle animalietan? Hori argitzeko, bide ugari jorratu dituzte zientzialariek. Batzuetan, Alexen kasuan bezala, laborategian egin dute ikerketa, itxian hazitako animaliekin. Besteetan, askatasunean dauden animaliei landa lanean jarritako esperimentuen bidez. Eta, azkenik, basa animalien behaketa soilean oinarritutako ikerketak ere izan dira.

Orain arte gaiaren inguruan egin diren ikerketa askoren berrikuspena egin du Tübingengo Unibertsitateko (Alemania) Andreas Nieder neurobiologoak, eta Trends in Ecology and Evolution aldizkarian eman du ondorioen berri. Esan bezala, berrikusketa ikerketa izan da, gaiari buruz idatzi diren aurreko lanen irakurketa kritiko bat, hain justu. Modu horretan, gaur egun gaiaren harira dagoen ezagutzaren inguruko irudi orokor bat ateratzeko moduan egon da ikertzailea.

Atera duen ondorio nagusia argia da: gaitasun kognitibo garatuak dituzten animalia gehienek zenbakiak erabiltzen dituzte egunerokoan, bizirik irauteko garrantzitsuak diren hainbat jardueratan. Besteak beste, janaria lortzeko, ehiza egiteko, ehizatuak izateko aukerak gutxitzeko, nabigatzeko edo eta ugaltzeko. “Zenbakizko gaitasun” gisa ezagutzen den ezaugarri horrek moldaerazko balioa duela babestu du adituak; hau da, zenbakiekin modu batean edo bestean aritzeko gaitasun horrek biziraupena zirtatzeko eta eboluzioaren katean aurrera egiteko balio du.

Zaila da horrelako kontu bat ikertzea antropozentrismoan erori gabe. Naturan gertatzen dena gizakien araberako eskematara eramateko arriskua handia da. Zailtasunetako bat da, adibidez, animalien portaeran ondo bereiztea zer den zenbakia eta zer diren luzapena edo denbora bezalako kontzeptuak. Agian horregatik, gutxi ikertu den gaia izan da. “Naturan gertatzen diren portaerei buruzko aurkikuntza hauetako asko ikertzaileak egindako beste galderen azpi-produktu gisa edo ezusteko ondorio gisa atera dira”, adierazi du ikertzaileak, prentsa ohar batean.

Zenbatekotasuna oinarri

Objektuak ikusita, zenbaki kardinalak identifikatzeko ahalmena dute zenbait animaliak. Gaitasun hori agerian geratzen da objektu horiek dagozkien hurrenkeran ordenatzen dituztenean. Baina hau, batez ere, laborategietan egiten diren esperimentuetan ikusten da. Oro har, animalia askok zenbatekotasun gisa ezagutzen den gaitasuna dute: ez dirudi gai direnik kopuru zehatza jakiteko, baina bai kopuru bat bestea baino handiagoa dela bereizteko.

Adibidez, Bombina orientalis espezieko igelaren kasuan, aurrean hiru eta lau elementuz osatutako janari multzoak jartzen zaizkionean, ez du ematen bata bestearen gainetik lehenesten duenik. Hots, multzoaren aukeraketa ausazkoa da. Baina hiru eta sei artean aukeratu behar izanez gero, seiko multzora joko du.

2. irudia: Ohikoak dira animalien adimena ikertzeko laborategian egindako esperimentuak. Besteak beste, zenbakizko kognizioa aztertzen dute halakoetan. (Argazkia: Andreas Nieder)

Erleen kasuan ere ikusten da zenbakizko gaitasuna dutela. Erlauntzetik polen bila ateratzen direnean, bidean aurkitzen dituzten hainbat puntu hartzen dituzte erreferentzia gisa, eta horiek zenbatu egiten dituzte, behin erlauntzean bueltan daudela, beste erleei horien inguruko informazioa eman ahal izateko, erleen dantza famatuaren bidez. Baina badira beste intsektu batzuk bereziki ikertzaileen arreta erakartzen dutenak: basamortuko inurriak (Cataglyphis generoa). Behin eta berriz egiaztatu ahal izan denez, modu batean edo bestean inurritegira bueltatu ahal izateko urratsak zenbatzen dituzte. Halabeharrez egin behar dute, basamortuan hil nahi ez badute bederen.

Ehiza egiteko garaian ere lagungarria da kopuruak kontuan izatea. Kasu honetan, ehiza optimizatu ahal izateko. Otsoaren (Canis lupus) ehiza ohituretan ikusi da harreman hori. Harrapakina zein den, horren araberakoa izango da ehiztari taldearen osaketa. Hala, Kanadako oreina (Cervus canadensis) ehizatzeko, 2-6 otso izango dira beharrezkoak. Amerikako altzearen (Alces americanus) kasuan, berriz, zortzi otso inguru. Indartsuagoa den bisontearen (Bison bison) kasuan, azkenik, 9-13 otso beharko dira.

Quorumak osatzeko ere funtsezko rola jokatzen dute zenbakiek, norbanako ugari biltzen dituzten animalien artean: intsektu sozialetan, arrain talde handietan edota babuinoetan (Papio anubis) ikusten da hori: taldearen norabidea zehazterakoan, hautu bat edo bestea egiten duten animalia kopuruaren arabera aritzen da talde osoa.

Komunikazioaren alorrean ere hauteman dira hainbat portaera bitxi. Adibidez, Poecile atricapillus kaskabeltzen artean ikusi da harrapakarietatik babesteko egiten dituzten alarmetan kopuruak baduela zeresanik. Txio bereziak darabiltzate horretarako, baina txio kopurua aldagarria da, arrisku mailaren arabera. Hala, urubi bat inguruan baldin badago, nahikoa da txio pare bat. Baina arerioa mozolo bat bada, arrisku maila handitzen da, eta bost txio inguru erabiliko dituzte horretaz abisua emateko.

Baina, zalantza barik, hegaztien artean zenbakiekin ondo moldatu behar den txoriren bat badago, hori da, hain justu, Molothrus ater birigarroa. Espezie horrek parasitismoa egiten du. Emeak arrautza bat jartzen du beste espezie baten habian, arrautzen artean berea kokatuz, beste “guraso” batzuek eurena ez den txita elika dezaten. Baina kontuz ebatzi behar du noiz jarri, beste espezieko txitekin batera jaiotzeko. 12 eguneko txitaldia da, eta egutegi hori beste espeziak duen egutegiaren ondo sinkronizatu behar du. Horretarako, hainbat egunez habia bisitatu behar du, bertan dauden arrautzen kopurua ikusi eta errunalditik igaro diren egunak kontuan hartu, habia horretan bere arrautza noiz jarriko duen erabakitzeko.

Zer gertatzen da, ordea, bigarren espezieko txoriak amarruaz konturatzen badira? Arrautza arrotza txikituko dutela. Birigarroa hori egin dutela konturatu orduko, habiara bueltatu eta bertan dauden gainerako arrautzak apurtuko ditu. Gizakien pentsaeran, dudarik gabe mendekutzat hartuko genukeen portaera bitxia da. Niederrek ere ez du arazorik izan jokaera hori gizakioi ulergarri egiten zaigun modu argigarri batean deskribatzeko: “mafia-style reinforcement strategy”. Ez dago euskaratzeko beharrik, ezta?

Erreferentzia bibliografikoa

Nieder, A., (2020). The Adaptive Value of Numerical Competence. Trends in Ecology & Evolution, 2020. DOI: https://doi.org/10.1016/j.tree.2020.02.009.


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude