Izurde emeak, elkarrekin sendoago

Amaia Portugal

Haien kumeak babesteko, izurde emeak elkartu egiten dira eta taldetxoak osatzen dituzte erditze garaian. Gainera, Australiako mendebaldeko itsasoetan egindako ikerketa honetan egiaztatu dutenez, kide berberekin elkartzen dira urtero, denboran luzatzen diren lotura iraunkor eta egonkorrak sortuz.

Emakumeok maiz hitz egiten dugu familiaren zaintza eta lana uztartzeaz, eta are gehiago, martxoaren 8aren bueltako egunetan. Bada, gure espezieko emeak ez gara haurrak hazi eta hezteko ahaleginak eta bi egiten ditugun bakarrak. Esaterako, dokumentatuta dago primate emeak ere taldekatu egiten direla haien haurrak zaindu eta babesteko. Hori gutxi ez, eta ikertzaile talde batek frogatu berri duenez, izurdeek beste hainbeste egiten dute: amak elkartu egiten dira eta haurtzaindegi modukoak osatzen dituzte itsasoan, eta haien kumeen zaintza partekatzen dute.

Izan ere, Australia mendebaldeko uretan dabiltzan izurde emeen portaera sakon aztertuta, Murdoch Unibertsitateko ikertzaileek egiaztatu dute taldetxoetan bizi direla hilabeterik epelenetan. Kumeak animalia harrapakariengandik babesteko eta izurde arren jazarpena oztopatzeko balio die horrek. Hala azaldu dute zientzialariok, Animal Conservation aldizkarian argitaratutako artikulu batean.

1. irudia: Tursiops truncatus izurdeak izan dituzte aztergai, familia honetako genero ezagunena. (Argazkia: Holly Raudino / MUCRU)

1. irudia: Tursiops truncatus izurdeak izan dituzte aztergai, familia honetako genero ezagunena. (Argazkia: Holly Raudino / MUCRU)

Zehazki, Bunbury hiriaren parean aritu dira lanean ikertzaileok, 120 kilometro karratuko itsas azaleran bizi diren izurdeei beha. Tursiops truncatus izurdeak izan dituzte aztergai; hau da, izurde handia, familia honetako genero ezagunena. Hiru urtez, itsasontzietatik argazkiak atera dizkiete animalioi. Argazki bidezko identifikazioan oinarritutako 231 ikuskatze egin dituzte horrela, eta berrogeita hamar eme desberdin antzeman.

Lan honetan, izurdeon joera sozialen, banaketaren eta erditzeen azterketak konbinatu dituzte, portaera eta ekologia eredu garrantzitsuak identifikatzeko. Hori horrela, ikusi dutenez, emeon presentzia, dentsitatea eta multzokatzea nabarmena da barnealdeko uretan, abendua eta martxoa bitartean; Australian uda eta udazken hasiera denean, alegia. Itsasoa epelagoa da garai horretan, eta animalion erditze gehienak hilabete horietan izaten dira. Izurde emeek lotura egonkor eta iraunkorrak sortzen dituztela ere egiaztatu dute zientzialariok: urtetan eta urtetan elkartzen dira ale berberak, beti uda partean, eta 20-30 ama eta kumez osatutako taldetxoak ere sortzen dituzte.

Holly Raudino artikuluaren egile nagusiak (Holly Smith izen-deiturak darabiltza artikuluan) adierazi bezala, “primateetan dokumentatu izan dira taldekatze ziklikoak, baina kasu honetan, lehenengo aldiz ikusi ditugu eredu horiexek espezie zetazeo batean”. Urtez urte garai berean sortzen diren talde horietako kideen artean dagoen lotura eta egonkortasun handia ere azpimarratu du Raudinok: “Emeok kide potentzial asko izan ditzakete aukeran, baina urtetan, adiskide berberei lotzen zaizkie garai horretan”.

2. irudia: Tursiops truncatus izurdeak izan dituzte aztergai, familia honetako genero ezagunena. (Argazkia: Holly Raudino / MUCRU)

2. irudia: Izurdeak itsasontzietatik babesteko proposamenak egin dituzte artikuluan. (Argazkia: Mkdwtalk / CC BY-SA 3.0)

Bestalde, animaliok barnealdeko uretan taldekatzeko baliatzen dituzten hilabeteek bat egiten dute erditze garaiarekin, eta hori ere ez da ausazkoa. “Izurde emeen banaketa, joera sozialak eta erditzeak iragarri egin daitezke denbora zein espazioari dagokionez, eta uda aldean gertatzen dira”, gaineratu du artikuluaren egile nagusiak.

Bestalde, Australiako kostaldearen inguru honetan ohikoa da belaontzien eta turismorako bestelako itsasontzien presentzia, eta ikertzaileok ohartarazi bezala, hori arriskutsua izan daiteke izurdeontzat. Hori horrela, eta izurde taldetxo horiek non eta noiz elkartzen diren nabarmen zehaztu dutela kontuan hartuta, horiek babesteko neurriak hartzeko proposatu dute artikuluan. Besteak beste, gune batzuetan itsasontzien abiadura mugatzeko eta beste batzuetan horien presentzia debekatzeko eskatu dute.

Erreferentzia bibliografikoa:
Smith, H., Frere, C., Kobryn, H. and Bejder, L. 2016. Dolphin sociality, distribution and calving as important behavioural patterns informing management. Animal Conservation. doi: 10.1111/acv.12263

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>