Planktona Bilboko itsasadarrean

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Planktona uretan esekita bizi diren tamaina-txiki eta mugitzeko ahalmen gutxiko organismoek osatzen dute. Ur-ekosistemetako osagai egituratzaile eta funtzional oinarrizkoa da planktona, bere aniztasun funtzionala dela medio.

Izan ere, fitoplanktona, izaki zelulabakar fotosintetikoez osatua, argi-energiaz eta mantenugai inorganikoz baliatzen da biomasa sortu eta ekosistemako kontsumitzaileentzat oinarrizko elikagai iturri bihurtuz.

Zooplanktona, protozooez zein animaliez osaturiko multzo anitza, ezinbesteko bitartekaria da goiko kontsumitzaileei fitoplanktonak elikagai bihurtuta eskuragarri jarri duen energia helarazteko. Izan ere, zooplanktona arrain larba ororen zein zenbait arrain pelagiko txikien oinarrizko bazka da. Bentoseko komunitateetan osagai garrantzitsu diren animalia iragazleek ere planktona dute elikagaitzat.

Badago ere plankton mixotrofoa, fotosintesia egiteko eta era berean materia organikoz elikatzeko gaitasuna duten izaki zelulabakarrek osatua. Azkenik, bakterioplankton heterotrofoak ezinbesteko funtzioa betetzen du organismo guztiek sortzen duten materia organiko disolbatua eta partikulatu hila deskonposatuz eta horrela materiaren zikloa itxiz.

1. irudia: Planktona uretan esekita dauden organismo txikiz osatuta dago. Garrantzi handia du uretako ekosistemetan, eta kate trofikoaren oinarria da. (Argazkia: FotoshopTofs – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Funtzioaz aparte (autotrofo, mixotrofo, heterotrofo), tamainaren araberako planktonaren sailkapena ere garrantzitsua da, kate trofiko pelagikoan harrapakin-harrapakari erlazioak izakien tamainan oinarritzen baitira. Izan ere, ekoizle primario planktonikoak txikiegiak dira eta haien biomasa barreiatuegia dago tamaina handiko kontsumitzaileentzat bazka erabilgarria izateko.

Holan, 2 µm baino txikiagoak (pikoplanktona) diren bakterioez elikatzen dira 2-20 µm bitarteko protozoo flagelatu nanoplanktonikoak gehienbat. Nanoplanktoneko alga, onddo eta protozooak era berean elikagai nagusia dira mikroplanktoneko (20-200 µm) protozoo ziliatu eta metazoo txikientzat.

Kate trofikoan gora jarraituz, nano- eta mikroplanktoneko organismo fotosintetikoak zein kontsumitzaileak mesozooplanktoneko (0.2-20 mm) animalia-talde ugarien bazka bihurtzen dira, eta azken hauek arrain larba eta marmoka makro- eta megaplanktonikoena (>2 eta 20 cm, hurrenez hurren).

Fitoplanktona osatzen duten mikroalgen artean filum eta klase ezberdin asko daude. Aniztasun filogenetiko hori bitarte, pigmentu-osaketa ezberdineko eta, beraz, kolore ezberdineko mikroalgak ditugu. Tamaina handieneko fitoplanktona mikroplankton (20-200 µm) mailakoa da eta Bilboko estuarioan Abra aldean da ugarien.

Diatomeo (urre-arreak) eta dinoflagelatuek (arre-gorrixkak) osatzen dute, lehenengoak nabarmen ugariago direlarik. Diatomeoak beira antzeko material batez osatutako pareta zelular zurrunak dituzte eta flagelo bakoak dira, beraz, hondoratzeko joera dute. Dinoflagelatuak ordea igerilari onak dira eta argi bila azaleko geruzetara mugi daitezke.

2. irudia: Kopepodoa. (Argazkia: Andrei Savitsky – CC BY-SA 4.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Estuarioaren erdigune eta barrualdean, fitoplankton gehiena txikia da; nanoplankton mailakoa batez ere. Hemen ere diatomeoak ugariak dira, baina oso tamaina txiki eta pareta zelular oso finekoak izaten dira, ur uherretan fotosintesirako nahikoa argi azaleko uretan baino ez baitago eta pareta zelularren gehiegizko zamak hondora arazi egingo bailituzke. Diatomeoez aparte, ordea, beste hainbat talde ugaritu daitezke tarteka inguru honetan: kriptofitoak (gorrixkak edo berde-urdinxkak), klorofitoak (berdeak; landare lurtarren ahaide diren alga), haptofitoak (arre-horixkak) eta errafidofizeoak, besteak beste.

Protozooplankton ugarienak honelako estuarioetan nanoflagelatuak eta mikroplanktoneko ziliatu atekatu eta tekatuak (Tintinidoak) dira. Metazooplanktonean krustazeo kopepodoak nagusitzen dira estuario osoan zehar baina itsasorantz dibertsitatea emendatzen da, krustazeo kladozeroak, tunikatu apendikulariazeoak eta doliolidoak, knidario sifonoforoak eta ketognatuak agertuz, besteak beste.

Talde hauek guztiak planktoneko biztanle iraunkorrak izanik, holoplankton kategorian sailkatzen dira. Baina ugariak dira ere bai estuarioan denboraldi batez plankton moduan bizi diren bentoseko organismoen larbak eta zenbait estadio ugaltzaile (hidromedusak, esaterako). Azken hauek meroplankton kategorian batzen dira. Bilboko estuarioan larba meroplanktoniko ugarienak krustazeo zirripedioen nauplius eta zipris larbak dira, molusku bibalbio eta gastropodoen beliger larbak eta poliketoen trokofora eta nektoketa larbak ere kuantitatiboki garrantzitsuak direlarik. Estuarioko larba meroplanktonikoen multzo anitzean maiz agertzen dira ere briozooen larba zifonautak eta ekinodermatuen ofiopluteus eta ekinopluteus larbak.

1. ilustrazioa: Bilboko itsasadarreko fitoplanktonaren eta zooplanktonaren eta karbonoaren zikloaren ezaugarriak. Karbonoaren zikloari esker, bizitza posible da gure planetan, eta fitoplanktona da ziklo horren oinarria: fotosintesia erabiltzen du co2-a finkatzeko, eta karbono hori kate trofikoan zehar bidaiatzen du, gizakiraino. (Irudia: NorArte Studio)

Bilboko estuarioaren planktona oso kaltetua eta funtzionalki desorekatua geratu zen giza-jardueren eraginez. 80ko hamarkadan, planktonaren inguruko lehen ikerketak burutu zirenean, sistemak kondar uren bidezko kutsadura organiko zein jarduera industrialaren ondoriozko bestelako kutsadura eta uhertasunaren ondorioak pairatzen zituen.

Kondar uretako gehiegizko mantenugai-kargak fitoplanktonaren haziera pizten du eta uretan berez gehiegizkoa den karga organikoa emendatzen du. Azken honen deskonposizio mikrobiarra gauzatzeko oxigeno-eskakizunak anoxiko eta hipoxiko (oxigeno falta edo eskasia) bihurtzen ditu urak eutrofizazio deritzon prozesuaren bitartez.

Ondorengo gainbehera industrialak eta Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoak abiatu zuen saneamendu-planak ur-kalitatearen hobekuntza ekarri zuen eta, horren ondorioz, plankton komunitatearen osatze eta berrantolaketa ere bai. Berreskuratze horren aurretik, kutsadurak estuarioko ur gehienetan, Abraraino, zooplanktoneko animaliak desagerrarazi zituen. Egun, kondar uren arazketari esker, sistemara sartzen den materia organiko zama nabarmen murriztu da eta oxigenoaren eskasiagatik desagertua zegoen ur gazikaretako zooplankton komunitatea berrezarri da barne-estuarioan, bertakoak ez diren espezieak nagusitu badira ere, hau kutsadura biotikoaren isla izanik.

Hain zuzen ere, egungo estuarioaren barrualdeko zooplanktonean indo-pazifiko jatorria duten bi kopepodo espezie nagusitzen dira, Acartia tonsa eta Oithona davisae. Seguruenik, itsas garraioari ezker, barkuen lasta-urekin ailegatu ziren biak eta itsasadarreko habitat gazikara hustua kolonizatu zuten modu arrakastatsuan 2003 urtetik aurrera. Hala ere, euskal kostaldeko estuarioetan bertakoak diren zenbait espezie gazikara, Acartia bifilosa eta Calanipeda aquaedulcis kasu, barne estuarioan 2010ko hamarkadaren bukaeraz geroztik ezarri dira ere bai, komunitatearen aniztasuna areagotuz.

Materia organiko eta mantenugai karga gutxitzearekin batera, uraren gardentasuna emendatu da ere bai eta, honekin, fitoplanktonak hazteko behar duen argi-eskuragarritasuna. Gauzak horrela, oraindik gaur egun ohizkoak dira uda aldean mikroalgen gehiegizko hazkundeak eragiten dituzten uraren koloratzeak, marea gorri bezala ezagutzen direnak. Honen adibide dira Conticribra weissflogii diatomeoak edo Bilbon bertan deskribatutako Urgorri complanatus kriptofito genero eta espezie berriak eragindakoak.


Egileez:

Fernando Villate-Guinea eta Aitor Laza-Martínez EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasleak eta Landare Biologia eta Ekologia Saileko ikertzaileak dira.


Itsasadarra eta bere inguru metropolitarra zientziaren eta teknologiaren begiez erakusten duten infografia bilduma batekin hasi zen “Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita / La Ría del Nervión a vista de ciencia y tecnología” proiektua. Abiapuntu horretatik, bideoak eta artikulu-sorta bat gauzatu dira, gizarteari itsasadarrari buruz dakizkigun gauza interesgarriak ezagutarazteko eta, oro har, bizi garen ingurua hobeto ulertzeko aukera emateko.

“Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita” artikulu-sorta:

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude