Zer ezkutatzen dute Bilboko itsasadarreko sedimentuek?

Dibulgazioa · Kolaborazioak

bilboko itsasadarreko sedimentuak
Irudia: Bilboko itsasadarreko estuarioaren satelite-ikuspegia 2005ean. (Argazkia: NASA – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Wikimedia Commons)

Bilboko itsasadarra Kantauri itsasoko estuariorik handiena izan zen garai batean. Bertan metatutako sedimentuen altuera oso aldakorra da: Areatzan, adibidez, 10 m ditu, eta Areetan 30 m.

Sedimentu gehienak duela 12.000 urteko azken klima aldaketaren aurretik ibaiak ekarritako legarrak dira; horien gainean, itsasoaren goraldiak hurrengo milurtekoetan sartutako harea dago eta, azkenik, azken 4.000 urte hauetan pilatutako lohiak, itsas mailaren aldaketarik gabeko garai batean.

Naturak emandako funtsezko bi elementuren gainean oinarritu zen Bilboko garapen ekonomiko itzela: burdin minerala, lehengaia; eta estuarioa edo portu naturala. Biak muturreraino ustiatu dira azken 700 urteetan.

bilboko itsasadarreko sedimentuak
1. ilustrazioa: Nerbioi ibaiaren eta haren inguruen geologiaren ezaugarriak. (Irudia: NorArte Studio)

Itsasadarraren jabaria eta haraneko lurrak izan dira, gainera, XX. eta XXI. mendeetako industria jardueren eta hiriaren hazkundearen euskarri fisikoa. Itsasadarra, egun, sorkuntza guztiz artifiziala da. Dikeen artean harrapatu zuten eta ibilbidea moldatu zuten, nabigatzeko egokia izan zedin. XIX. mendean hasita, paisaia berri bat gailendu zitzaien gainerako guztiei: fabriketako kea, burdinbideak, hiriaren hazkunde itogarria… Hitz bitan, industriak ekarritako etenik gabeko mugimendua.

1854an itsasadarreko paduretan lehen labe garaiak eraiki zirenetik, inguruaren ezaugarri naturalak eraldatu zituen gizakiak, hiriaren, industriaren eta portuko jardueren garapenaren mesedetan. Jatorrizko estuarioaren tamaina murriztu zen eta jabaria okupatu zen, hiritik itsasoraino zihoan itsas kanal bat osatu arte (1885).

Azken 150 urteetan, kontrolik gabe isuri dira itsasadarrera meatzeetako, fabriketako eta etxeetako hondakinak. Horren ondorioz, ibaiaren ezaugarri fisiko-kimikoak narriatu egin ziren. Uretako oxigeno kontzentrazioa izugarri murriztu zen, egoera anoxikoak eragiteraino. Uraren kalitate mikrobiologikoa eskasa zen, eta sedimentuetan konposatu kimiko organiko eta inorganikoen kontzentrazio handiak pilatu ziren.

Garapen jasanezin horren eraginez, 1970eko hamarkadarako itsasadarra estolda nabigagarri bat zen, eta Europa osoko hiri kutsatuenetako bat zeharkatzen zuen.

Sedimentuen azterketa geologikoak arazoaren muntaren ikuspegi historiko bat ematen digu eta aukera ematen digu hiru zona definitzeko, gainazaletik beherantz:

  1. Mikrofaunarik gabeko aldi industrial bat, muturreko metal kontzentrazioekin eta mikrofosilik gabekoa, 1950eko hamarkadatik aurrera.
  2. Aldi industrial mikrofaunadun bat, non batera ageri baitira metal kantitate handiak eta mikrofosil ugariak, 1850etik 1950era.
  3. Industriaurreko aldi bat, metalen eta mikrofosilen kontzentrazio naturalak dituena, eta klima aldaketaren ondorengo milurtekoetan itsasoaren igoerarekin batera sortutako itsasadarrari dagokiona.
bilboko itsasadarreko sedimentuak
2. ilustrazioa: Itsasadarreko sedimentuek Bilbo hiriaren garapen-etapen berri ematen dute. (Irudia: NorArte Studio)

Alabaina, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan nabarmen murriztu zen itsasadarrera botatako materia organiko eta gai kutsatzaileen kopurua, batik bat ingurumena babesteko politikak abiarazi zirelako, fabrika handi batzuk itxi zirelako isurketa sistemak hobetu zirelako, 1984an abiarazitako saneamendu integraleko plan instituzional baten bidez.

Epe luzeko monitorizazio-programek erakutsi zuten hobekuntza nabaria zela uraren ezaugarrietan, gainazaleko sedimentuen kalitatean eta ingurumen parametroetan. Horrez gain, metalen kontzentrazioek behera egin zuten oro har 1997tik eta 2003ra, kutsaduraren iturriak murriztu zirelako eta tratamendu biologikoa egiten hasi zirelako Galindoko araztegian, 2001ean.

Hobekuntza horiek gorabehera, 2003an itsasadarraren eremu zabalean baldintzak ez ziren biotaren garapenerako aproposak oraindik ere. 2009tik aurrera, ordea, organismoak nabarmen ugaldu eta zabaldu ziren. Horrela, estuarioaren beheko eremutik goikoa ere kolonizatu zuten. 2014rako, itsasadar guztira zabaldua zegoen espezieen indibiduo bizien kopuru esanguratsu bat.

2003ko geruza industrialaren gainean, organismoen dentsitate onak ditugu, bai eta metal kantitate hobetu baina aldakorrak ere. XXI. mendearen hasieran, aldaketa sozioekonomikoek ekonomia industrial batetik zerbitzu ekonomia baterako trantsizioa ekarri zuten, eta hondakin uren bidezko kutsadura murrizteko neurriak funtsezkoak izan ziren suspertze biologikorako. Jatorrizko ingurumen egoeratik urrun gaude oraindik, baina goiko azken sedimentu-geruza hau «eremu postindustrial» berri gisa defini dezakegu.

Bilboko itsasadarrean gertatzen ari diren ingurumen hobekuntzako prozesuekin batera, bere horretan dirauen herentzia negatibo bat dugu: sedimentuetan lurperatutako gai kutsatzaileen kantitate handiak. Aldaketa batzuk itzulezinak dira (adibidez, hiriaren eta industriaren okupazioaren ondorioz galdutako estuarioko jatorrizko ekosistemak). Beste batzuk, ordea, hasiak dira hobera egiten, hala nola ur eta sedimentuen kalitate geokimikoa eta komunitate biologikoen garapena.

Jalkitzen ari den sedimentu geruza berri horien jarraipen erregular batek informazio erabilgarria emango digu ingurumen kudeaketari buruzko erabaki egokiak hartzeko eta itsasadarraren leheneratzearen eta giza jardueren arteko oreka hauskorra mantentzen lagunduko du.


Egileez: Alejandro Cearreta EHUko Estratigrafia eta Paleontologia Saileko irakaslea eta ikertzailea da eta Maria Jesus Irabien EHUko Mineralogia eta Petrologia Saileko irakaslea eta ikertzailea da.


Itsasadarra eta bere inguru metropolitarra zientziaren eta teknologiaren begiez erakusten duten infografia bilduma batekin hasi zen “Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita / La Ría del Nervión a vista de ciencia y tecnología” proiektua. Abiapuntu horretatik, bideoak eta artikulu-sorta bat gauzatu dira, gizarteari itsasadarrari buruz dakizkigun gauza interesgarriak ezagutarazteko eta, oro har, bizi garen ingurua hobeto ulertzeko aukera emateko.

“Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita” artikulu-sorta:
  1. Geologia, industrializazioa eta burdin mearen garraioa Bilboko itsasadarrean
  2. Zer ezkutatzen dute Bilboko itsasadarreko sedimentuek?
  3. Bilboko itsasadarreko fauna leheneratzea
  4. Bilbo Metropolitarreko Saneamenduko Plan Integralak, 40 urte
  5. Meatzeetatik portuetara, mineralen garraio tradizionala
  6. Itsasoko bizitza leheneratzea Bilboko Abran
  7. Planktona Bilboko itsasadarrean
  8. Aliron, aliron, Nerbioiko geologia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude