Itsas bizitzaren berreskurapena Bilboko Abran

Dibulgazioa · Kolaborazioak

itsas bizitzaren berreskurapena
1. irudia: Itsasadarraren eta bere bokalearen aireko bista. Atzealdean, Bilboko portua dago, Kanpoko Abran, Santurtzi, Zierbena eta Getxoko lurretan. (Argazkia: Mikel Arrazola – Creative Commons BY 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Bilbo Handia eskualdeak historikoki harreman estua izan du Nerbioi-Ibaizabal ibaiarekin. XIX. mendeaz geroztik, bere ibilguak, etxeetako, siderometalurgiako, meatzeetako eta industriako hondakin-uren bolumen handiak jaso ditu, itsas inguruneak karga kutsatzaile hori guztia beregana zezakeelakoan. Hala ere, Bilboko Abraren ingurumen-baldintza naturalak, erabat aldatu ziren.

Zorionez, gizarteak ingurumenarekiko sentikortasun eta kontzientzia handiagoa hartu zuen eta 1984an ‘Bilbo Metropolitarra Eskualdearen Saneamenduko Plan Integrala‘ abian jarri zen, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak sustatuta; eta industrien ingurumen-eraldaketarekin batera, pixkanaka, Abraren hondo arrokatsuen uren eta animalia- eta algen-bizitzaren kalitatea hobetzen joan ziren.

Arroketan finko bizi diren algak eta ornogabeak uren kalitatea ebaluatzeko adierazle ekologiko bikainak dira. Izaera sesila (mugitzeko ahalmenik gabea) edo sedentarioa dutenez, kutsadurarekiko esposizio luzearen ondorioak metatzen dituzte, eta leku baten egoera ekologikoaren ikuspegi orokorra ematen dute, bertan dauden kutsatzaileei eta aldagai naturalei dagokienez.

itsas bizitzaren berreskurapena
1. ilustrazioa: Kutsaduraren ondorioz esekita zeuden partikulen kontzentrazio handia zela eta, ura oso uherra zen eta, gainera, toxikotasun kimiko handia zuen, argiak ia ezin zuen ura zeharkatu eta itsas hondoa bizitzeko egokia ez zen eremu bihurtu zen. (Irudia: NorArte Studio)

Bilboko Abran hamarkadetan zehar jasandako kutsadura handiak jatorriz bertan zeuden komunitate biologikoen ingurumen-degradazioa eragin zuen. Itsas hondo arrokatsua okupatzen zuen flora eta faunak uraren uhertasuna, sedimentazio-tasa eta substantzia toxikoen kontzentrazioa areagotzearen ondorio kaltegarriak jasan zituen, eta oxigeno-eskuragarritasun txikiagoarekin batera, espezie askoren desagertze masiboa eragin zuten.

Zehazki, marearteko gune arrokatsua (itsasbeheran agerian geratzen da) lohi kapa fin batek hartuta gelditzen zen, eta ia bizirik gabe geratzen zen Abraren zati handi batean. Kutsadurarekiko tolerantzia handiena zuten espezieak (Gelidium pusillum alga gorria eta Boccardia generoko harrak, esaterako) baino ez ziren gai hain baldintza txar eta estresagarriak jasateko.

UPV/EHUk 1984tik gaur arte egin dituen aldizkako laginketa-kanpainetan egiaztatu ahal izan denez, industriaren eraldaketak eta hondakin-uren saneamendu-planak pixkanakako ezartzeak kutsadura gutxitzea eragin dute, eta, horri esker, itsaso zabaletik Abraren barnealderaino dagoen fauna eta flora berreskuratu ahal izan da.

Aldaketa positibo ugarik lagundu dute komunitate helduagoak garatzen. Ingurumen-baldintzak hobetzeak honako hauek ekarri ditu: dibertsitatea areagotzea, alga-estaldura handitzea, morfologikoki sinpleak diren algak murriztea eta ingurumen-eskakizun handiagoak dituzten beste espezie konplexuagoak areagotzea, faunaren estrategia trofikoen motak areagotzea eta fauna/floraren oreka berreskuratzea.

itsas bizitzaren berreskurapena
2. ilustrazioa: Tratamendu biologikoaren hasierarekin eta industrien pixkanakako ingurumen-eraldaketarekin, uraren oxigeno maila hobetu zen, eta bakterio fekalen kontzentrazioa (eta toxikotasun kimikoa) gutxitu egin zen. (Irudia: NorArte Studio)

Aldaketa horiek guztiak modu mailakatuan gertatu dira denboran. Hobekuntzaren lehen etapan, euskal kostaldeko mareartekoan naturalki nagusitzen diren espezie populazioak garatu ziren. Hauek, hain zuzen: Ellisolandia elongata eta Lithophyllum incrustans arrosa-koloreko alga karedunak. Oraindik aniztasun handikoa ez zen landaredi horrekin batera, Mytilus galloprovincialis muskuiluko banku handiez osatutako fauna iragazlea zegoen. Bestalde, Patella generoko lapa belarjaleak, berriz, arroken azalera birkolonizatzen hasi ziren.

Geroago, ingurumen-hobekuntzek dibertsitatea handitzea ahalbidetu zuten, eta espezie sentikorrak sartu ziren, hala nola Bifurcaria bifurcata eta Halopteris scoparia algak eta Anemonia viridis anemona bezalako kostalde irekiko ornogabe tipikoak.

Gainera, fauna iragazleak atzera egin zuen, belarjaleen aurrerapena eta estrategia trofikoen aniztasuna bultzatuz ornogabe haragijaleen presentziarekin; esaterako, Ocenebra erinaceus gasteropodoa. Komunitate bentonikoen (itsas hondoan bizi diren organismoak) garapenak, ekosisteman beste aldaketa positibo batzuk ekarri zituen; oinarrizko baliabideak emanez, hala nola babeslekua, arrainkumeen hazkuntza eta kutsatu gabeko inguruneetako arrain tipikoen elikadura.

Gaur egun, berreskuratze-fasean jarraitzen dute komunitateek, eremu garbien berezko egoeretarantz. Arintze-neurriak ezarri diren arren eta aldaketa onak izan diren arren, oraindik ere nabarmentzekoa da morfologia konplexuko algen eta belarjaleen eskasia, besteak beste.

itsas bizitzaren berreskurapena
3. ilustrazioa: Gaur egun, bakterio fekalen kontzentrazioa baimendutako mailaren barruan dago, eta uhertasuna murrizteak argia sakonera handiagora iristea erraztu du. Horrek, toxikotasun kimikoa gutxitzearekin batera, ekosistema anitzagoak ekarri ditu. (Irudia: NorArte Studio)

Abran egindako jarraipen-programek balio handiko informazio biologikoa eman dute kudeaketa- eta berreskuratze-ereduak proposatzeko, eta, horrez gain, itsas ingurunea babesteko Europako zuzentarauak egiten lagundu dute. Ildo horretan, Abraren berreskuratze-prozesua etengabe aztertzeak informazio zientifiko bakarra eta oso baliotsua lortzea ahalbidetuko du, gure itsas baliabideak behar bezala babestu, leheneratu eta kudeatu ahal izateko.


Egileez:

Maria Bustamante, Isabel Díez, Javier Tajadura, Endika Quintano, Nahiara Muguerza, Jose Ignacio Saiz Salinas eta Jose Maria Gorostiaga Garai UPV/EHUko Itsas Bentos ikerketa-taldekoak dira.


Itsasadarra eta bere inguru metropolitarra zientziaren eta teknologiaren begiez erakusten duten infografia bilduma batekin hasi zen “Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita / La Ría del Nervión a vista de ciencia y tecnología” proiektua. Abiapuntu horretatik, bideoak eta artikulu-sorta bat gauzatu dira, gizarteari itsasadarrari buruz dakizkigun gauza interesgarriak ezagutarazteko eta, oro har, bizi garen ingurua hobeto ulertzeko aukera emateko.

“Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita” artikulu-sorta:
  1. Geologia, industrializazioa eta burdin mearen garraioa Bilboko itsasadarreko ingurunean
  2. Zer ezkutatzen dute Bilboko itsasadarreko sedimentuek?
  3. Bilboko itsasadarreko fauna leheneratzea
  4. Bilbo Metropolitarreko Saneamenduko Plan Integralak, 40 urte
  5. Meatzeetatik portuetara, mineralen garraio tradizionala
  6. Itsas bizitzaren berreskurapena Bilboko Abran
  7. Planktona Bilboko itsasadarrean
  8. Aliron, aliron, Nerbioiko geologia

3 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.