Aliron, aliron, Nerbioiko geologia

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Toki bateko geologia ulertzeko modu on bat mapa geologiko bat aztertzea da. Mapa horiek eskuragarri dauden datu geologikoen laburpenak dira, eta eskualde bakoitzeko historia geologikoa azaltzeko balio dute. Mapa horietan, inguruko arroka motak, horien adina, arrokak deformatzen dituzten egiturak (tolesdurak, failak…) eta interes ekonomiko eta industriala duten mineral meatokiak ageri dira.

Bilbo Handiko mapa geologikoa behatzen badugu, ikusiko dugu, oro har, ezkerraldea okupatzen duten arrokak kolore berdez ageri direla; eskuinaldekoak, berriz, laranjaz ageri dira (1. ilustrazioa). Kolore desberdinak izateko arrazoia ez da estetikoa: arroken adinari buruzko informazioa ematen digu. Arroka sedimentarioak dira kasu bietan, baina berdez ageri direnak duela 125 milioi urte sortu ziren, Kretazikoan; laranjaz ageri direnak, aldiz, duela soilik 45 milioi urte sortu ziren, Paleogenoan.

Hain zuzen, Kretazikotik Paleogenora igarotzean, meteorito batek talka egin zuen Lurraren aurka, eta dinosauroak eta beste espezie ugari desagertzea eragin zuen. Historia geologikoan, une horri KT muga deritzo, eta ondo kontserbatuta dago eskuinaldeko arroketan. Alabaina, Bilbo Handiko arroka guztiak ez dira sedimentarioak: mapa geologikoan morez ageri diren arrokak arroka igneo bolkanikoak dira.

nerbioiko geologia
1. ilustrazioa: Nerbioi ibaiaren ingurunearen mapa geologikoa. (Irudia: NorArte Studio)

Arroka horien azterketa xehatua, bai lurrean bertan egindakoa, bai analisi kimikoen zein xafla finen azterketa mikroskopikoaren bidez egindakoa, erabilgarria da geologoek arroka horiek sortu ziren ingurunea berreraiki ahal izan dezaten.

Arroka sedimentarioen kasuan, badakigu itsaso bero baten hondoan pausatu zirela, bertan aurki ditzakegun fosilei esker (koralak eta errudistak, besteak beste). Gainera, zein sakoneratan zeuden ere jakin dezakegu; adibidez, kareharriak plataforma kontinentalean eratu ziren, sakonera txikian. Flysch erako arroka sedimentarioak, hareharriak eta margak txandakatzen dituztenak, plataforma eta ezponda kontinentaletik askatutako sedimentuen fluxuaren eraginez sortu ziren, sakonera handiagoan.

Inguruan ditugun arroken itsas jatorria berresten dute, halaber, arroka bolkanikoek. Xehetasunez aztertzen baditugu, adibidez Meñakoz kalan, ikusiko dugu tutu luzexkak eta forma biribilduak dituztela, eta forma horiek ohikoak dira pillow-lavas izeneko arroketan. Arroka horiek gaur egun Hawaiin eratzen ari diren eta Euskadi Kretazikoan eratu ziren itsaspeko kolada mota bat dira.

nerbioiko geologia
1. irudia: Pillow lava izeneko arrokek forma borobila hartzen dute. (Argazkia: NOAA – jabari publikoko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)

Baina sedimentuak metatzeko eta arrokak eratzeko prozesu hori ingurune dinamiko batean gertatu zen. Itsasadarra eta haren bazterrak Pirinioen mendebaldeko amaieraren parte dira, eta iberiar plaka tektonikoaren eta europar plaka tektonikoaren arteko talkaren eragin handia jasaten dute; hain zuzen ere, talka horrek eragin zuen piriniar katea eratu eta altxatzea orogenia alpinoa deritzon garaian. Prozesu horrek milioika urte iraun zuen eta inguruan ditugun arrokak dardararazi eta deformatu zituen.

Egun, prozesu hori nolakoa izan zen birsortzeko baliagarriak diren aztarnak/egiturak ikus ditzakegu. Arrokak nola antolatzen diren sakon ulertzeko modu bat ebaki geologikoak behatzea da. Bilbo Handiaren kasuan, arrokek bi tolesdura handi irudikatzen dituzte (eskala kartografikoan) eta tolesdura horien arteko muga osatzen duten hainbat faila ageri dira. Egitura horiek berebiziko garrantzia dute; izan ere, sare hidrografikoaren garapena baldintzatzen dute, besteak beste. Hala, Nerbioi ibaia megaegitura horiekiko paralelo doa eta bokalea Bilboko faila deritzonaren trazatuaren gainetik igarotzen da.

nerbioiko geologia
2. ilustrazioa: Bilboko itsasadarraren inguruko zehar-ebaki geologikoa. Bertan, arrokak deformatzen dituzten tolesturak eta Bilboko alderantzizko failaren kokapena ikus daitezke eta, Nerbioiko itsasadarra Bizkaiko sinklinorioaren eta Bilboko antiklinorioaren paraleloan igarotzen dela ere. (Irudia: NorArte Studio)

Dena den, Nerbioi ibaiaren garapen industrial eta ekonomikoan eragin handiena izan duen alderdi geologikoa ezkerraldeko mendietan burdin mineral erreserba erraldoiak egotea izan da. Burdin mineralizazio horien sorrera azaltzen duen hipotesietako bat hipotesi diagenetikoa edo metasomatikoa da (Gil-Crespo, 2016) [1].

Hipotesi horren arabera, itsas hondoan 4km baino gehiagoko sedimentuzko zutabe batek egindako presioaren eraginez, tenperatura altuko (210 ºC) fluido kantitate handiak sedimentu metaketan gora joan ziren eta, bide horretan, sedimentu horietan zeuden metalak kontzentratu eta garraiatu egin zituzten. Burdin, magnesio eta manganeso askoko fluido horiek erreakzionatu egin zuten metaketa sedimentarioan tartekatuta zeuden kareharrizko bandekin, eta horiek eraldatu eta burdin karbonato eta magnesioz ordeztu zituzten (siderita). Aurrerago, orogenia alpinoak eragindako deformazio eta hausturaren eraginez, siderita masa horiek gainazalera atera eta oxidatu egin ziren, airearekin eta urarekin kontaktuan; hala, hematite eta goethita hobiak sortu ziren.

nerbioiko geologia
3. ilustrazioa: Bilbo Handiko kareharrien mineralizazio prozesuak burdinetan aberatsak ziren meatokiak eratu zituen. (Irudia: NorArte Studio)

Esandako guztia kontuan hartuta, ondoriozta dezakegu Nerbioi ibaian ageri diren arroka, faila, tolesdura eta mineralen banaketa egokirik gabe, Bilbo Handiko biztanleen geografia, historia, ekonomia eta, are, idiosinkrasia egun direnaren oso bestelakoak izango liratekeela. Hala, baliteke ibaiaren egungo ibilgua beste bat izatea, edo Shakespearek bilbo ezpatak ez aipatzea, edo industrializaziorik ez egotea edo, okerrago dena, “all-iron” ez abestea.

Bibliografia:

[1] Gil-Crespo, P.P., (2016). Introducción a la geología y mineralogía de los yacimientos de hierro de Bilbao. Ed: Orue-Etxebarria, X., Apellaniz, E. eta Gil-Crespo, Historia del hierro en Bizkaia y su entorno (19-52 orr.). Bilbo, Euskal Herriko Unibertsitateko argitalpen-zerbitzua.


Egileez:

Nestor Vegas eta Lidia Rodríguez Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Geodinamika Saileko ikertzaileak dira.


Itsasadarra eta bere inguru metropolitarra zientziaren eta teknologiaren begiez erakusten duten infografia bilduma batekin hasi zen “Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita / La Ría del Nervión a vista de ciencia y tecnología” proiektua. Abiapuntu horretatik, bideoak eta artikulu-sorta bat gauzatu dira, gizarteari itsasadarrari buruz dakizkigun gauza interesgarriak ezagutarazteko eta, oro har, bizi garen ingurua hobeto ulertzeko aukera emateko.

“Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita” artikulu-sorta:
  1. Geologia, industrializazioa eta burdin mearen garraioa Bilboko itsasadarrean
  2. Zer ezkutatzen dute Bilboko itsasadarreko sedimentuek?
  3. Bilboko itsasadarreko fauna leheneratzea
  4. Bilbo Metropolitarreko Saneamenduko Plan Integralak, 40 urte
  5. Meatzeetatik portuetara, mineralen garraio tradizionala
  6. Itsasoko bizitza leheneratzea Bilboko Abran
  7. Planktona Bilboko itsasadarrean
  8. Aliron, aliron, Nerbioiko geologia

1 iruzkina

  • […] aurkituko dugu Bilbo Handiko mapa geologikoa behatuz gero? Nerbioi ibaiaren ingurunearen mapa geologikoan murgiltzeko aukera eman digute artikulu honen bidez. Esaterako, bertako arroka guztiak ez dira sedimentarioak. Morez ageri direnak arroka igneo […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude