Meatzeetatik portuetara, mineralen garraio tradizionala

Dibulgazioa · Kolaborazioak

mineralen garraioa
1. irudia: Olabeaga 1932. urtean. Bilboko itsasadarrean minerala kargatzeko zegoen zamalekuetako bat. (Argazkia: Bilboko Portuaren Agintaritza. Iturria: Industria Ondarearen eta Herri Lanaren Euskal Elkartea)

Antzina, Trianoko mendiak eta bertako burdin meatzeak -erromatarren garaian ezagunak zirenak- herri ondasunak ziren.

Somorrostro haraneko [1] herritarrek konbinatu egiten zituzten nekazaritza eta abeltzaintza lanak, venera [2] izenez ezagunak ziren meatzeetako lanarekin eta mineralaren garraioarekin. Mineralok portura eramaten zituzten, mando gainean edo idiek tiratutako gurdietan. Gero, bertatik burdinoletara eramaten zituzten.

Meatzaritza ezinbestekoa zen baserriak ematen zituen diru sarrera prekarioak osatzeko. 1864an, Trapagarango bidea honela zegoen: “burdin meak tindatzen du, eta egun osoa dago mineral aberatsa Galindoko kaietara edo Ortuellako deposituetara daramaten gurdiz eta zamariz beteta” [3].

“Portu” nagusiak Ugarten, Kauson eta Galindon zeuden (Trapagaranen eta Sestaon). Itsasertzetik gertu zeuden lurzatiak baino ez ziren. Minerala lurrean metatzen zen, noiz ontziratuko. Errentari batek zaintzen zuen; hartara, jabeen eta gurdizainen izenak apuntatu eta zainaren kalitatea kontrolatzen zuen. 1846an, Ugarten 225 depositu zeuden, 61 zamari edo venaquerorenak.

mineralen garraioa
2. irudia: Ugarteko portuaren planoa, 1897. urtekoa. (Argazkia: Trapagarango Udal Artxiboa)

Galindo eta Granada ibaietan zehar, zingo txikiko ontzitxoak baino ezin ziren ibili, adibidez, gabarrak. 1826an, 20 bat gabarra zeuden, 40 marinelekin, zaina garraiatzeko. 1850ean, aldiz, 48 gizonezko gabarrari eta 20 emakumezko zamari zeuden. Marea aldeko zutenean, minerala zirgarekin ateratzen zuten itsasadarrera, eta bertatik Asuara (Erandio), Sestaora, Portugaletera edo Bilbora eramaten zuten.

Han zeudela, itsasontzi eta zamari bidez eramaten zuten barrualdera. Zamarien ontzi gehienak (patatxak eta ketxemarinak) Plentziatik eta Mundakatik zetozen. 1850ean, 200 eta 300 itsasontzi bitartean zeuden, eta 1.000 bat marinel aritzen ziren merkataritza lan horretan.

XIX. mendearen erdialdean, aldaketa handiak egon ziren Europan gertatzen ari zen Industria Iraultzaren ondorioz. 1849an, baimendu egin zen minerala atzerrira esportatzea, ordura arte Bizkaiko Foruak debekatzen baitzuen. 1863an, minerala esportatzeagatik ordaindu beharreko ia zerga guztiak desagerrarazi ziren, eta horrek atzerriko kapitalak iristeko beharrezkoa zen azken bultzada eman zion sektoreari. Hala, Europako siderurgia handiek meatzaritza enpresak sortu zituzten, besteak beste Orconera (ingelesa zena) eta Franco-Belga de Minas de Somorrostro.

Gauzak horrela, 1876aren eta XX. mendeko 30. hamarkadaren bitartean gertatu zen meatzaritza ustiaketa handia deritzona. Izan ere, Europako meatzerik garrantzitsuenak izatera iritsi ziren, funtsezko lau arrazoi direla bide: mineralaren kalitatea, ugaritasuna, minerala ateratzeko erraztasuna eta itsasoaren gertutasuna. Mineral gehien-gehiena esportatu egin zen, batez ere Ingalaterrara, eta horretarako meatzeak eta itsasadarra zuzenean lotzen zituen trenbide bat sortu zen. Bertan, kai modernoak jarri zituzten, mineralak ontzietan kargatzen zituztenak.

mineralen garraioa
1. ilustrazioa: Burdina Bilboko itsasadarrean eraiki ziren zamalekuetara eramateko zabaldu zen trenbide sarea. (Irudia: NorArte Studio)

Meatzeetako trenek burdin kantitate handiagoa garraiatzen zuten denbora gutxiagoan, eta, beraz, bertan behera geratu ziren ibaietako portu tradizionalak. Trapagarango herritarrek sabotajea egin zieten Trianoko trena eraikitzeko lanei; izan ere, mineralaren garraioa zen beren bizimodu nagusia, eta horrek kalte egingo zien.

Azkenik, 1865ean inauguratu zen. Hala ere, minerala zamarien bidez garraiatzen jarraitu zen, baina ez portuetara eramateko. 1886an, oraindik ere “Somorrostroko meatzaldeko errepide eta bideetan idiek tiratutako gurdi asko zeuden, meatzeetako minerala kargatzen zutenak, trenetara eramateko” [4].

Azkenik, Ugarteko portuak bakarrik jarraitu zuen neurri batean aktibo. Izan ere, 1878an kanal bat eraiki zen portu horretara iristen zen minerala Parcocha meatzeko airetiko tranbiaren bidez ateratzeko. 1924ko aipamen bat ere badago: “Ugarteko portutxoa (non oraindik ere gabarrak dauden), eta egun itsasadarra lurrez beteta dagoelako eta mineralak uretatik urrun garbitzen direlako erabiltzen diren Galindo, Kauso eta Salcedillokoa” [5].

Alabaina, XIX. mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadatik, mineral gehiena itsasadarrean bertan kargatzen zen. Meatzeetako erauzketaren eta garraioaren modernizazioak Somorrostroko haraneko bizimodu tradizionalaren amaiera ekarri zuen berekin.


Oharrak:

[1] Somorrostroko harana: Enkarterriren parte zen eta Hiru eta Lau Kontzejuek eta Portugalete hiribilduak osatzen zuten. Hiru Kontzejuak, gaur egun, Trapagaran, Santurtzi eta Sestao dira, eta Lau Kontzejuak, aldiz, Abanto Zierbena, Zierbena eta Muskiz.

[2] Venera: vena edo zaina (purutasun handiko hematite gorria) duen meatzea.

[3] Delmas, JR: Guía histórico descriptiva del viajero en el Señorío de Vizcaya, en 1864. Madril, 1944, 526. or.

[4] Alzola, B: “Informe relativo a los recursos de que la industria nacional dispone para las construcciones y armamentos navales”, Madril, 1886, 10. or.

[5] Balparda eta de las Herrerías, G: Historia crítica de Vizcaya y sus Fueros, Bilbo, 1974, I. lib., 487. or .


Egileaz:

Eneko Perez Goikoetxea historialaria da eta Meatzaldea-Peñas Negras Ekoetxea ikastetxeko ingurumen-hezkuntzako taldeko kidea.


Itsasadarra eta bere inguru metropolitarra zientziaren eta teknologiaren begiez erakusten duten infografia bilduma batekin hasi zen “Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita / La Ría del Nervión a vista de ciencia y tecnología” proiektua. Abiapuntu horretatik, bideoak eta artikulu-sorta bat gauzatu dira, gizarteari itsasadarrari buruz dakizkigun gauza interesgarriak ezagutarazteko eta, oro har, bizi garen ingurua hobeto ulertzeko aukera emateko.

“Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita” artikulu-sorta:
  1. Geologia, industrializazioa eta burdin mearen garraioa Bilboko itsasadarrean
  2. Zer ezkutatzen dute Bilboko itsasadarreko sedimentuek?
  3. Bilboko itsasadarreko fauna leheneratzea
  4. Bilbo Metropolitarreko Saneamenduko Plan Integralak, 40 urte
  5. Meatzeetatik portuetara, mineralen garraio tradizionala
  6. Itsasoko bizitza leheneratzea Bilboko Abran
  7. Planktona Bilboko itsasadarrean
  8. Aliron, aliron, Nerbioiko geologia

1 iruzkina

  • […] Meatzaritza ustiaketa eta horien garraioaz hitz egin digute artikulu honetan. Bertan, azaltzen da, adibidez, Bilboko itsasadarrean eraiki ziren zamalekuetara burdina eramateko zabaldu zen trenbide sarea, eta oro har, aipatzen da minerala nola garraiatzen zen. […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude