Faunaren berreskurapena Bilboko itsasadarrean

Dibulgazioa · Kolaborazioak

fauna leheneratzea
Irudia: Bilboko itsasadarra Bizkaia Zubia aurrez duela eta haren atzean portua. (Argazkia: Jose Castanedo – CC BY-NC-ND 2.0 lizentziapean. Iturria: Flickr)

Bilboko itsasadarra estuario nahiko handia da, eta bertan elkartzen dira Nerbioi-Ibaizabalen arroaren ur geza eta Kantauri itsasoko ur gazia. Gaur egun, sistemaren egoera ez da batere naturala; jatorrizko azaleraren zati handi bat galdu da, bai eta ingurune nagusiak ere, batik bat marearteko zonetan. Gaur egun, oso urriak dira.

Bilboko itsasadarra eta bere ertzak Kantauri itsasoko erlaitz osoaren eremu industrializatuena eta populatuena dira. Geografikoki ongi kokatuta dago eta oso aberatsa da baliabide mineraletan. Hori dela eta, garapen industrial handia eta biztanleriaren hazkunde handia izan zituen zonak, batik bat XIX. mendeaz geroztik.

Giza presio handia ekarri zuen horrek eta, urte luzez, sortzen ziren hiri eta industria efluenteak itsasadarrera isuri zituzten, inolako tratamendurik gabe. Hamarkadatan, estuarioaren erdiko eta barneko zonek oxigenazio arazo larriak izan zituzten. Gainera, kutsadura maila handiak zituen sistemak, bai uretan, bai sedimentuetan. Horregatik, estuarioaren barneko zonaren hondoa animaliarik gabe gelditu zen eta, itsasadarraren gainerakoan, oso urriak ziren fauna populazioak; espezie gutxi zeuden, kutsadurarekiko erresistenteenak baino ez.

Saneamendu Plana

1979an, Bilbo Handia Eskualdeko Saneamendu Plan Integrala onartu zen; anbizio handiko proiektu bat zen, eta xede zuen sistema ingurumenaren ikuspegitik leheneratzea. Kalitate estandar bat zehaztu zuen; hots, uren oxigenazioa % 60koa izatea. Oxigeno disolbatua zen, inongo zalantzarik gabe, fauna sartzea eta bertan gelditzea gehien mugatzen zuen faktorea.

1989an, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak sistemaren egoeraren segimendua martxan jarri zuen. Zenbait alderdirena, hain zuzen: fisiko-kimikoa, biologikoa eta, ondorioz, ekologikoa. Segimendu horren barruan, ingurune fisikoa, horren ezaugarri kimikoak eta komunitate biologiko askotarikoak aztertu ziren.

fauna leheneratzea
1. ilustrazioa: Industrializazioaren garaian, Bilboko itsasadarrak fauna-komunitate pobrea zuen. Garai hartan, poluzioa onartzen zuten bizidunen populazioak baino ez zeuden. (Irudia: NorArte Studio)

Estuarioa eta bertako fauna leheneratzea

Uraren kalitate fisiko-kimikoa asko hobetu da. Gaur egun, oxigenoa ez da uretan bizitza egoteko faktore mugatzaile bat. Kalitate estandarra estuario osoan betetzen da. 1990ean urak tratatzen hasi ziren Galindoko araztegian, eta horrek ekarri du hobekuntza.

2001ean, tratamendu biologikoa egiten hasi ziren, eta efektu handia izan du uren kalitatearen hobekuntzan. Nitrogenoaren eta bakterio fekalen kontzentrazioak izugarri murriztu dira (30 urte baino 40 aldiz gutxiago eta 200 aldiz gutxiago daude orain, hurrenez hurren), eta urak gardenagoak dira orain. Itsasadarreko sedimentuek ere orain dela 30 urte baino kutsatzaile kontzentrazio askoz txikiagoak dituzte.

Aurreko horregatik guztiagatik, baina, batez ere, oxigenazio baldintzak hobetzeagatik, sedimentuetan bizi diren organismo ugari leheneratu dira. Organismooi komunitate bentoniko esaten zaie. Ehunka ornogabe espezie bizi dira gaur egun itsasadarreko sedimentuetan.

Hauek dira talde garrantzitsuenak: anelidoak (harrak), moluskuak (magurioak eta berberetxoak, kasu), krustazeoak (karramarroak eta izkirak, esate baterako) eta ekinodermatuak (trikuak eta itsas izarrak). Barneko zonan da bereziki garrantzitsua hori, 2000. urtea baino lehen azoikoa baitzen (ez zuen bizitzarik). Gaur egun estuarioan dauden komunitate bentonikoak askotarikoak eta iraunkorrak dira.

fauna leheneratzea
2. ilustrazioa: Tratamendu biologikoa hasi zenean, uraren oxigeno-maila hobetu egin zen, eta komunitate biologikoak berreskuratu egin ziren. (Irudia: NorArte Studio)

Sedimentuetan bizi diren animaliez gain, hondoaren gainean bizi diren komunitateen egoera analizatzea ere oso interesgarria da. Fauna demertsal esaten zaie haiei, eta arrainek eta krustazeoek osatzen dute. Unera arte, 57 arrain espezie eta 33 krustazeo espezie erregistratu dira estuarioan, eta organismoen kopurua ere progresiboki ari da handitzen.

Hauek dira arrain espezie arruntetako batzuk: hareatako zarboa (hondotik gertu bizi den arrain txiki bat), mihi arraina, muxarra, platuxa, lupia, aingira eta barbarina. Gainera, itsasokoak diren zenbait espezie ere ikus daitezke; tartean, txitxarroa eta antxoa. Zenbait izkira eta karramarro espezie ere oso ugariak dira.

Nabarmentzekoak dira estuarioaren barneko zonan gertatutako aldaketak; Olabeagaren eta Euskaldunaren artean, hain zuzen. Bertan, bereziki esanguratsua izan da hobekuntza, 2002. urtera arte ez baitzegoen ez arrainik, ez krustazeorik. 2002an, zenbait arrain espezie aurkitu zituzten eta, harrezkero, espezie gehiago eta gehiago aurkitu dituzte urtez urte. Azken kanpainetan, askotariko izkirez eta karramarroez gain, arrain espezie ugari ere agertu dira. Hauek, besteak beste: hareatako zarboa, zarbo beltza, aingira, lupia, muxarra, muxar buztanbeltza, akula, korrokoia, txopa, platuxa, platuxa leuna eta mihi arraina. Arrain eta krustazeo espezie ugari daude jada zona horretan.

3. ilustrazioa: Uraren oxigenazio-maila onak eta kutsaduraren beherakadak aniztasun handiko fauna-komunitatea egotea ahalbidetzen dute gaur egun. (Irudia: NorArte Studio)

Gainera, azken urteetan egiaztatu izan denez, espezie gehiago daude, bai eta estuarioa negua igarotzeko, atseden hartzeko eta elikatzeko erabiltzen duten hegazti gehiago ere. Batetik, uraren kalitateak baldintza onak eskaintzen dizkielako espezie horiei (batzuk igerilariak eta murgilariak dira) eta, bestetik, elikagaia dutelako itsasadar osoan, arrainak eta ornogabeak daudelako.

Etorkizunari begira

Sistema natural oso-oso kutsatuak leheneratzea prozesu luze, zail eta, oro har, garestia izan ohi da. Ezinezkoa da, gainera, halako sistemak jatorrizko baldintzetara bueltatzea lortzea. Nolanahi ere, ikusi dugun bezala, posible da galdutako naturaltasunaren zati bat leheneratzea. Horren adibide argia da Nerbioi ibaiaren estuarioaren leheneratze progresiboa.

Saneamendu Plana abiarazteak eta progresiboki garatzeak aukera eman du egoera lehengoratzeko: orain dela hamarkada batzuk, narriatzeko joera zuen eta, orain, hobetzekoa. Oraindik ere badago zer egin eta zer hobetu. Gaur egun, neurriak ezartzen ari dira oraindik arazo gabe dauden urak biltzeko, arroko erdiko eta goiko aldeko uren tratamendua hobetzeko eta saneamendu sistemaren gaitasuna handitzeko. Horrek guztiak efektu positiboa izango du itsasadarreko faunan, zalantzarik gabe.


Egileaz:

Javier Franco San Sebastián biologian doktorea da eta AZTIko Itsasoetako eta Kostaldeetako Ingurumen-Kudeaketa arloko ikertzailea.


Itsasadarra eta bere inguru metropolitarra zientziaren eta teknologiaren begiez erakusten duten infografia bilduma batekin hasi zen “Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita / La Ría del Nervión a vista de ciencia y tecnología” proiektua. Abiapuntu horretatik, bideoak eta artikulu-sorta bat gauzatu dira, gizarteari itsasadarrari buruz dakizkigun gauza interesgarriak ezagutarazteko eta, oro har, bizi garen ingurua hobeto ulertzeko aukera emateko.

“Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita” artikulu-sorta:
  1. Geologia, industrializazioa eta burdin mearen garraioa Bilboko itsasadarrean
  2. Zer ezkutatzen dute Bilboko itsasadarreko sedimentuek?
  3. Faunaren berreskurapena Bilboko itsasadarrean
  4. Bilbo Metropolitarreko Saneamenduko Plan Integralak, 40 urte
  5. Meatzeetatik portuetara, mineralen garraio tradizionala
  6. Itsas bizitzaren berreskurapena Bilboko Abran
  7. Planktona Bilboko itsasadarrean
  8. Aliron, aliron, Nerbioiko geologia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.